Lana "libre" partekatzea dirulaguntzak jasotzeko baldintza izatea nahi du Ezker Batuak
Mistoa-Ezker Batua taldeak Eusko Legebiltzarrean egindako eskaria tramitatzea onartu du Legebiltzarraren Mahaiak.
Eskaria Legebiltzarrean
Mikel Arana Etxezarreta Mistoa-Ezker Batua Berdeak taldeko bozeramaileordeak ondoko legez besteko proposamena aurkezten du, lehenbailehen osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, funts publikoekin egindako kultura- edo zientzia-lanei copyleft lizentziak aplikatzeari buruz.
Arrazoiak:
Diru publikoz lagundutako edozein lan artistiko, zientifiko, zinematografiko, musikal edo literario askatasunez banatzeko aukera eman behar da, copyright gabe, gizarte honetan kultura benetan guztion ondarea izan dadin, eta lanak ahal bezain zabalduak izan daitezen. Lan horien copyright lizentzia kendu behar da, behar bezala zabaltzeko oztopo bat izaten delako, eta bere ordez copyleft lizentzia jarri behar da. Horrela, kultura-ekoizpena askatasunez kopiatu ahal izango da (merkataritzako erabilerarako ez bada), baita erreproduzitu eta banatu ere. Copyleft lizentzia guztiz bateragarria da jabetza intelektualeko eskubideekin. Bestalde, copyleft lizentziak ez ditu egilearen ondareeskubideak kaltetzen. Egileak ordaina jaso behar du bere lanaren truke. Esaterako, 2008an gehien saldu zen diskoak copyleft lizentzia bat zeukan.
Legez besteko proposamena
- Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio copyleft lanetarako biltegi bat sor dezala interneten, erabiltzaileek hortik jaitsi ahal izan ditzaten. Doan edo kopuru bat ordainduta jaitsi ahal izango dira. Jaisteagatik ordaintzen den guztia egilearentzat izango da. Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio loturak sor ditzala copyleft lizentzia duten lanak zabaltzen dituzten beste zenbait webgunerekin, funts publikoez lagundutako lanak gehiago zabaltzearren.
- Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio copyleft kontzeptua eta horren abantaila ekonomikoak ezagutzera eman ditzala ostalaritzako establezimenduen artean, baita girotzeko egile-eskubideen menpeko musika erabiltzen duen beste edozein negoziotan ere.
- Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahalik eta lan gehienak zabal ditzala, euskal egileenak (katalogoz kanpokoak) edo/eta euskal herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Egileekin edo beren oinordekoekin negoziazioa egingo da, jatorrizko lizentziaren ordez copyleft lizentzia jartzeko, eta behin adostasuna lortuta, lanak guztiz digitalizatu eta biltegiratuko dira.
Erantzunak kargatzen...