Aprobetxategiak eta beste
"Noiz bukatuko dugu, noiz, aprobetxategi guztiekaz?" kantatzen zuen Laudioko Danba taldeak. Urte honen hasieran UGT sindikatuak manifestu elebidun bat kaleratu zuen. 'En defensa del empleo estable con derechos', zioen gaztelaniazko izenburuak. Euskarazko bertsio txit libreak, aldiz: 'Aprobetxategiak kanpora!'
Hitza gaztelaniaz asmatua den euskara imitatzeko ala euskaraz asmatua den, ez dakit, baina tegi atzizkiarekin osatutako hitz adierazkor horren atzean deitura baten imitazioa dagoela ematen du. Apalategi edo Arrosategi deituren antzeko bat...
Aspalditxo honetan behin baino gehiagotan entzun diet nire inguruko gazteei Gorrotxategi abizenaren aldaera bat, bi hizkuntzetan emana gainera:
Gorrontxategi, gaztelaniaz ari zirelarik. Gorroitxategi, aldiz, euskaraz ari zirenean.
Ezaguna da Aretxabaletako atezain bipilaren deiturari kazetari eta zirtolariek egin zioten aldaketa gaiztoa: Zubizarreta izatetik Zubimaleta izatera pasatu zen, ez dakit zer txandrio klase egin zuelako partidaren batean. Entzuna dut deitura beraren beste aldaera bat ere: Zikinzarreta. Ez dago esanahiari buruzko argibide gehiegi eman beharrik.
Hori baino zaharxeagoak dira Arrimateko (dantza estu-estu egin zaleagatik esan ohi da) eta Amarrategi (kirol-emaitza ziurtatu nahi dituenarengatik eta, hedaduraz, pertsona zeken xuhurrarengatik).
Hasier Etxeberriak beste horrelako erabilera polit baten berri eman zidan orain gutxi Berriako nire blogean. "Diru asko-asko duten familia batekoak lagun artean izendatzeko, Pastizabal erabiltzen dugu. 'Pastizabal ahizpak hor daude', 'Lukas Pastizabal etorri da, eta horrela'".
Inolako aldaketarik gabe erabiltzen da hainbat deitura. BBK aurrezki kutxak Segurola baliatu zuen publizitate kanpaina baterako, gure diruekin zuhurtasunez joka genezala aholkatuz... gure diruak xahutzeko eskatzen aritu eta gero.
Felix izenarekin Feliziano sortu genuen: 'Hi haiz hi Felizianoa!'. Bururatzen zait Elizalde deiturarekin Felizalde ('Hori Felizalden bizi duk')sor dezakegula, eta Elizondorekin, berriz, Felizondo ('Zer haiz ba felizondo lasaia!'.
Eta inportantea baita hizkuntzarekin gozatzea, hemen iradokitzen dizkizuet beste adibide batzuk ere:
Etxeparetik Letxepare, mehatxu gisa erabiltzeko: 'Letxepare irakurri nahi?'
Arriolatik Larriola: 'Larriola ematen zian azterketan!'
Irigaraitik Irrigarai: 'Zer, Irrigarai, gaur ere adarra jotzen, ala?'
Artetxetik Bartetxe (Bart eta bar zentzuekin): 'Hi, Bartetxe, non pagatu behar duk erronda?'
Zatarainetik Zatarrain: 'Zorte txarra izan zian, Zatarrainekin egin zian dantza'.
Zinkunegitik Zirkunegira: 'Zirkunegi hori zer da ba pailazoa!'
Pozik hartzen dira, jakina, zirkulazioan dauden beste erabilera batzuk, eta baita asmazioak ere. Nolanahi ere, inori bururatuko balitzaio Izurritegi bidaltzea, jakin beza benetako deitura bat dela
Erantzunak kargatzen...