Gure ikastola libreagoa da
Gure ikastola libreagoa da da gure irakasle batek amaitzear dauden opor hauetan grabatu eta argitaratu duen bideoaren izenburua. Bideo hori hemen jartzen dizuegu eta oso ongi irudikatzen du gure ikastolak softwarearen inguruan hartu duen erabakia.
Erabaki hori ez da beste erabaki bat gehiago izan eta horren atzean argudio sakonak dauden bezala, badakigu zailasunak ere izango ditugula. Nolanahi ere, gure erabakia arrazoitzeko eta hausnarketa burutzeko erabili genuen dokumentua irakurri nahi baduzue, hemen jartzen dizurgu dokumentua jaitsi dezazuen: Software askea irakaskuntzan (PDF 100Kb).
Dokumentu horretan luze eta zabal azaltzen da horren hedatuta dagoen Windows sitema eragilea alde batera utzi eta Gnu-Linux oinarria duen Ubuntu sistema eragile askea erabilzeko ikusten ditugun arrazoiak, baina hemen laburtuko dizkizuegu:
- Software askea hezitzailea da
- Software askea eraikitzailea da
- Software askea etikoa da
- Software askea legala da
- Software askea anitza da
- Software askea merkea da
Irailaren 1etik aurrera, gure irakasleek berrikuntza honekin topo egingo dute eta astebe beranduago ikasleak izango dira aldaketarekin topo egingo dutenak. Zalantzarik gabe, zailtasunak sortuko zaizkigu, baina guztion artean frogatuko dugu egin dugun hautua zuzena dela eta gure Hezkuntza Proiektuan aldarrikatzen ditugun xedeak lortu ahal izateko, beste aurrerapausu garrantzitsu bat dela.
Zailtasunak zailtasun, aurrera egingo dugu, baina bidea erraztearren, software askeari buruzko orri bat zabaldu dugu. Bertan, Windows erabiltzen dutenentzat, software askeko aplikazio ezberdinak (ikastolan erabiliko ditugunak eta Windows-en instala daitezkeenak) jarri dizkizuegu. Horretaz gain, sistema eragile askeak frogatu nahi dituztenentzat, dauden aukera ezberdinak (Windows ukitu gabe edo Windows kenduta) jarri dizkizuegu. Azkenik, Elgoibarko IMH institutuak ekoiztutako tutorial bikainen estekak jarri dizkizuegu.
*Jatorrian Jakintza Ikastolaren webgunean publikatutako artikulua da hau. Hona ekarri dugu beraien CC-BY-SA lizentziari esker*
Erantzunak kargatzen...