Teknologia albisteak
3

LH5eko ordenagailuen Microsoft menpekotasuna azaltzeko argudioak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-08-17 : 11:08

Eusko Jaurlaritzak LH5eko ordenagailuen Microsoft menpekotasuna azaltzeko argudio batzuk jakinarazi ditu, Patxi Lopez lehendakariaren ostiraleko elkarrizketaren bidez eta Hezkuntza Sailaren ohar baten bidez. Ordenagailuek abiatze bikoitzarekin etorriko direla diote orain. Gainera, Microsoft aukeratzea aurretik Jaurlaritzak ezarritako estandarren eta euskarazko software elebiduna ezarri beharraren ondorio izan dela gehitu zuen Patxi Lopezek.

Hezkuntza Sailak Berria egunkariaren bidez argitu du ordenagailuek abiatze bikoitza izango dutela eta hortaz, aukera izango dela ikastetxeetan Ubuntu edo OpenOffice ezartzeko. Ohar hori Berriara iritsi arren, ez da ageri Hezkuntza Sailaren webgunean. Han, deitutako lehiaketa originalaren oharra dago, ez besterik, eta lehiaketaren testuak (Sustatuk jasoa hemen) ez du abiatze bikoitzek ez beste software ezarpenik aipatzen, bakarrik Microsoftenak, derrigortuta hauek, Microsoft eta Jaurlaritzaren artean aldez aurretik adostutako baldintza eta prezioan.

Gainera, abiatze bikoitzarena sistema eragilearen konfigurazioari dagokio, eta ordenagailua horretarako egokitu egin behar da. Egokitzapen horren aipurik ez dago lehiaketan, eta Hezkuntza Sailak ez du argitu nork egingo duen, edo nola ordainduta.

Lizentziapeko beste software pakete nagusia, Microsoft Office, hori ez dago abiatzearen kontuarekin lotuta: izatez, Windows-ekin dabilen makina batean MS Office ordaindu barik, ofimatika pakete osoa izan dezake edonork martxan OpenOffice doakoa izanda. Bi softwareak ere egon daitezke makina berean, baina kasu horretan erredudantzia dirudi. Edonola ere, 18.500 makinatan MS Office ezarri beharko du derrigor hornitzaileak, lehiaketaren arabera. OpenOffice-ren aipamenik ez dago, ezta ere soberan dauden 1.500 makinekin zer egin behar duten.

Hezkuntza Sailaren argudio hau Patxi Lopezek ere erabili zuen joan den ostiralean egindako Twitter bidezko elkarrizketan.

Lehendakariaren azalpenak

Horrez gain, beste argudio batzuk ere erabili zituen Patxi Lopezek.

  • Estandarretara behartuta daudelako egin dela Microsoften alde (eta estandar horiek aurreko agintaldietatik datoz zehaztuta).
  • Erabiltzaileengan pentsatuz, aurreratuak eta ez hain aurreratuak kontuan hartu behar dira.
  • Euskaraz eskaini beharrak ere bultzatu dituela Microsoft aukeratzera.

Azken argudio horrek ahul samarra dirudi. Izan ere:

  • Ubuntu sistema eragilea euskaraz egon badago. Osagarri gehienak Gnome mahaigainekoaren euskaratzearen ondorioz, hain zuen, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko proiektua.
  • OpenOffice ere euskaratuta dago, hau ere Eusko Jaurlaritzaren ekimenez.
  • Office eta Windows XP badaude euskaratuta, baina Microsoften LIP edo hizkuntza-pakete gehigarri batzuk jartzerakoan agertzen dira euskaraz. Deialdian ez dago euskarazko LIPen aipamenik, bai ordea dokumentazioa euskaraz ere eman beharko dutela hornitzaileek.

Sustaturen galdera

Patxi Lopezek Sustatuk egindako galdera (irakurle batek iradokitakoa) aukeratu zuen erantzuteko lehena izateko. Egia esan, beste herritar batzuek ere gauza bera aukeratu zuen, eta galdegilearen izena esaterakoan ez zuten Sustatu aipatu, Juan Karlos bat baizik. Hor duzue transkribapen eta itzulpena:

Tira, Twitter elkarrizketa honetan asko errepikatu den galdera da hau. Esan nahi dizuet baietz, LH5eko ikasleentzat 20.000 ekipo egongo direla. Esperientzia pilotoa izango da, eta Lehen Hezkuntza osoan zabalduko dugu ondoren. Egia da software librearen aldeko gure apostutik ezin izan dugula nahi genuen guztia egin sistema eragilea aukeratzeko orduan, gauza asko garatuak zeudelako jada Euskadin. Hala ere, lehen aldia da aukera ematen zaiona erabiltzaileari software librearen eta autore softwarearen (sic: software de autor) hautatzeko. Izatez, ordenagailuek bitako abiatzea izango dute, Ubunturekin, eta erabiltzaileek, esan bezala, aukeratu ahal izango dute software librearen eta OpenOffice paketearen artean, edo aitore softwarearen artean. Beraz, hor ere oreka bilatu nahi dugu erabiltzaile aurreratuegoenen eta ez hain aurreratuak direnen artean.

Zergatik Microsoft? Beno, Microsoft delako euskarazko bertsioa duen bakarra eta guretzat ikastetxeetan derrigorra zen software elebiduna ezartzea. Eta, bigarrenik, aurretik Eusko Jaurlaritzak zeuzkan estandarrei erantzuten dielako eta horiek ezin izan ditugu aldatu orandik.

Edonola ere, esango dizuet Gobernu honek software librearen alde egindako apostua agerikoa bilakatuko dela ondorengo asteetan. Izatez, ikerketa bat hasia da jada ikusteko nola ezartzen diren software libre honetako aplikazioak Jaurlaritzak dituen aplikazioetan. Eta urte amaierarako martxan jarriko dugu bulego bat, honetara dedikatu dadin, milioi bat euroko apostuarekin, efizientzia garantiarekin egin dadin. Era berean barkamena eskatu behar dizuet Twitter elkarrizketa hau Real Player bidez soilik egin ahal izan dugulako, ezin izan baitugu beste eredurik lortu software librearekin egiteko.

Pasarte hau Twitter-elkarrizketaren bideo grabaketatik transkribatu du gaztelaniara Maite Goñik, eta guk testu hori itzuli dugu.

Erantzunak

gorkaazk
2009-08-17 : 14:39

Topikoak.


# Estandarretara behartuta daudelako egin dela Microsoften alde (eta estandar horiek aurreko agintaldietatik datoz zehaztuta).


Zeintzuk dira estandarrak? Zergatik? Zergatik, esate baterako, .doc da EAEko administrazioko estandarra? Badago Europatik honi buruzko aholkurik? Ezin da OpenOffice erabilita MS-Office dokumentu horiek irakurri/editatu? Eta alderantziz? MS-Office horrek irakurri/edita ditzake beste dokumentu mota batzuk?


# Erabiltzaileengan pentsatuz, aurreratuak eta ez hain aurreratuak kontuan hartu behar dira.


Badirudi, argi adierazten ez bada ere, software librea erabiltzaile aurreratuagoentzat soilik dela, zailagoa dela, edo auskalo. Inork ikusi du horrelako tesien aldeko frogarik? Ez da topiko hutsa izango, hizkuntza batzuk beste batzuk baino zailagoak diren parekoa?


# Euskaraz eskaini beharrak ere bultzatu dituela Microsoft aukeratzera.


Sustatuk oso ondo erantzun dio hiruretatik argudiorik ahulena den honi.


Zertara daude behartuta? Estandarretara ez bada, zertara? Zergatik?


Inertzia hutsa ote?


Aitor Lopez de Aberasturi
2009-08-19 : 11:41

Ni aldez aurretik egon nintzen hedabideen elkarrizketan eta hori ez zen izan eman zidan erantzuna. Gainera Twitter elkarrizketa egin baino 40 minutu lehenago Dinux 4.0 ale bat eman nion bere Internet arduradunari. Beraz, orain software librea instalatzeko ez du aitzakiarik izango.

eneko
2009-08-20 : 15:40

Alex Rojok bideo batzuk prestatu ditu bere agerpenean Lopezen esandako gezurrak agerian uzteko, idatzitako bigarren gutun irekian: Señor López, realmente apoya el software libre? (segunda carta) :






Erantzun

Sartu