Teknologia albisteak
1

Euskararen erabileraren auto-diagnostikoa, Donostiako merkataritzan

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Etxebeste Mendarte. Donostiako Euskararen Udal Patronatua
2009-08-13 : 09:08

Euskararen erabilerari buruzko autodiagnostikoa egitea proposatu zaie Donostiako ostalariei eta merkatariei. Euskarak negozioari balio erantsia ematen diola eta zerbitzu hobea eskaintzeko balio duela gogoratu du Euskararen Udal Patronatuak

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak hiriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetako euskararen erabilera mailari buruzko autodiagnostikoa egitea proposatu die ostalariei eta merkatariei. Sektoreko profesionalek lanean eta beren establezimenduetan egiten duten euskararen erabilera neurtzeko galdeketa labur bat prestatu du patronatuak eta irtenbideak eta laguntzak eskaini dizkie euskarari lekua egiteko.

Euskara balio erantsia negozioarentzat

Euskaldunen kopurua etengabe hasten ari da Donostian: donostiarren %40,35 euskalduna da eta %26,62 ia euskalduna da. Gazteen artean, 25 urte azpikoen artean, euskaldunak eta ia euskaldunak %90era iristen dira. Datu horiek jakitera eman ditu Euskararen Udal Patronatuak sektoreko profesionalei banatutako eskuorrian euskarak eskaintzen dien aukeraz jabetu daitezen. Ainhoa Beola hizkuntza normalkuntza zinegotziaren esanetan "argi dago euskara balio erantsia dela edozein negoziorentzat eta bezero euskaldunek zerbitzua euskaraz jasotzea eskertuko dutela. Sektoreko profesionalek zerbitzu hobea emango dute euskara ere erabilita".

Autodiagnostikoan egiten diren galderei erantzunda jakin ahal izango du merkatari eta ostalari bakoitzak zein den bere negozioaren egoera euskararekiko. Gainera, Euskararen Udal Patronatuak euskararen erabilera gehitzeko laguntzak eta proposamen zehatzak egiten dizkie; patronatuak eskaintzen dituen tresnen (menu bihurgailua, merkatari.net), zerbitzuen (itzulpenak, testuen zuzenketak, euskara ikastaroak) eta diru laguntzen ( kanpoko errotulaziorako, euskara ikasteko) berri jasotzen baitute eskuorrian. Autodiagnostikoaren galdeketa merkatari.net web orriaren bitartez erantzuten dutenek USB giltza bat jasoko dute opari.

Euskara ikastaro berezituak irailean

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroen eskaintza egin du berriro aurtengorako. Oinarrizko ikastaro praktikoak (I. modulua) eta horren jarraipena (II.modulua) eskainiko dira langileek hizkuntzaren ezagutzan eta komunikazio gaitasunean urratsak ematen jarrai dezaten. Oinarrizko bi ikastaro praktiko horien helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Ikastaroetan lan-esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza-oinarri batzuk jorratuko dituzte: oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak…

Bestalde, euskara jakin arren, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetu nahi dutenentzat ere ikastaroak eskainiko dira. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira: faxak, e-mailak, fakturak, gutunak, erreklamazioak…

Izena emateko epea zabalik da dagoeneko eta interesatuek abuztuaren 26a baino lehen eman beharko dute izena Euskararen Udal Patronatuaren bulegoan, www.merkatari.net edo www.euskaraz.net web guneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea

Diruz lagundutako ikastaroak

Ikastaroak irailean hasiko dira, hainbat euskaltegitan eskainiko dira eta hiruzpalau hilabete iraungo dute. Oinarrizko bi ikastaroak 60 ordukoak dira eta bakoitzarengatik 60 € ordaindu behar da. Idazteko gaitasuna hobetzeko ikastaroak berriz, 25 ordukoak dira eta 30 € balio dute. HABEk diruz lagundutako ikastaroak izateaz gain, Euskararen Udal Patronatuak ikastaro hauen kostuaren ia %60a hartuko du bere gain. Horrekin batera, bertan erabiliko den materiala ere doan lortzeko aukera izango dute partehartzaileek asistentziaren %85 gaindituz gero.

Ia 200 merkatarik parte hartu dute ikastaroetan

Bi urte hauetan ia 200 merkatari eta ostalari aritu dira euskara ikasten ikastaro berezituetan eta Patronatuaren eta parte hartu duten merkatarien eta ostalarien balorazioa oso positiboa da. Horrela baieztatzen du Pilar Aycartek, Saski-Naski dendako jabeak: "nire dendara datozen bezeroen kopuru handi bat bertakoa da eta bezeroei ematen zaien arreta euskaraz egiten % 80 batean gutxienez. Horregatik, langile euskaldunak ditut bertan. Arreta hori nik neronek ezin nuenez eman, zirt edo zart egin behar nuen, eta orain, elkarrizketa txikiak egiteko eta esaten didatena ulertzeko gauza naiz. Nahiz eta elkarrizketak gero gaztelaniaz jarraitu, nik han eta hemen sar ditzaket euskarazko hitz eta esaldi laburrak eta dena atseginago bihurtzen da". Ikasketaren jarraipenari dagokionez, Pilarrek ondokoa gehitzen du: "iaz hasi nintzen patronatuak sustatutako ikastaro horietan eta, jakina, buruan dut jarraitzea. Bestalde, merkatari batentzat funtsezkoa da ordutegia egokia izatea, eta ikastaro hauetan halaxe da, astean 4 ordu ematen direlako 2 egunetan banatuak. Beraz, bultzatu nahi ditut sektoreko profesional guztiei izena eman dezaten. Joateko ahalegin txiki bat egin behar da, baina merezi du".

Eguzkilore bitxi dendako Charo del Hoyo ere zentzu berean mintzatu da "aurten egin dut nire lehen ikastaroa euskaltegian eta balorazioa oso positiboa da. Zalantzan dagoen jendea izena ematera animatu nahi nuke, izan ere, klaseak ez baitira batere gogorrak egiten. Aitzitik, oso arinak dira eta euskara ikasten tarte atsegin bat pasatzeko aukera eskaintzen dizute".

Erantzunak

Sustatu
2009-08-13 : 14:11

Twitter bidez erantzun diote Sustaturi DDonosti.com-ekoek. Beren Interneteko gidan izena eman dutenen artean,
euskararekiko jasotako erantzuna oso eskaxa izan dela, 1.200 komertziotik, perfila euskaraz 150ek bakarrik bete dutela.


Erantzun

Sartu