Prentsak hiltzen zaituenean
2009-08-12 10:08
Txato Agirre, besteak beste Eustat-en buru ohia eta Eusko Jaurlaritzan Kultura sailburuorde izana, Panticosan mendi istripuz hil zen herenegun (g.b.). Albisteak nahasmena eragin du Euskal Herriko Correo (Vocento) eta Espainiako Cinco Dias (Prisa) egunkarietan gutxienez: hildakoa, Jose Maria Aguirre Banco Guipuzcoanoko presidente ohiarekin nahastu dute egunkariok eta azken honen argazkia argitaratu dute, hildakorena bailitzan.
Curriculum nahasketa bitxia egin zuten gainera, Agirre (Eskisabel) Kutxako lehendakariorde izan zela eta. Zehazki, hauxe zioen "Muere Jose María Aguirre, ex presidente del Banco Guipuzcoano y asesor del Gobierno de Ibarretxe".
Aurrerago "era un persona muy conocida en todo Euskadi" zioen, Aguirre Gonzalezen argazkiaren alboan. Hori gutxi ez eta, ondoren, Aguirre Gonzalezen ibilbide profesionala jorratzen zuen: "Ingeniero de caminos, en su larga trayectoria fue presidente del Banco Guipuzcoana (sic) durante 21 años, vicepresidente de la CEOE y presidente de Acerinox".
Goizak aurrera egin ahala, El Diario Vascoren ildora lerratu zen Correo eta Aguirre Gonzalezen argazkia ezabatu du bere web orritik. Ordurako, Gara edo Berrian ikusi ziteken Agirre Eskisabelen argazkirik.
Eguerdiko 12ak zirenean, Europa Pressen eskutik, Agirreren nondik norakoen ohar zuzena zekarren Prisa taldeko Cinco Dias egunkariaren web orriak. Baina han ere, Aguirre Gonzalezen argazkia paratu zuten. Arratsaldean desagertu zena, bestalde.
Aguirre Gonzalezen lagun eta senitartekoren batek susto itzela izango zuten, euren tartekoaren hil berria irakurrita. Artxiboko argazki, udakeri eta presaren ajeak, dudarik gabe.
Erantzunak kargatzen...