Sustatu logoa Teknologia albisteak

LH5eko ikasleek EAEn jasoko dituzten miniordenagailuak Windows-pekoak izango dira derrigor

Sustatu
2009-08-07 10:08

Espainiako Gobernuak agindu zuen, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek doako mini-ordenagailua izango zutela ikasgelan datorren ikasturtean. Zein sistemarekin? erkidego bakoitzak erabakiko zuen hori. EAEn erabaki dute: Hezkuntza sailak lizitazioa atera du lehiaketara. 20.000 ordenagailu eskatu dituzte, eta derrigor Microsoft Windows XP lizentziak izan beharko dituzte.

Ordenagailuak erosteko deialdi publikoa abuztuan egin du publiko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Irailaren 9an amaitzen da epea. Iragarpen hori euskaraz dago, baina baldintzen zehaztapena, gaztelaniaz bakarrik.

Deialdi publikoa eta teorikoki irekia, baina baldintza teknikoak zehazteko orduan, 20.000 ordenagailuek derrigor izan beharko duten softwarea zehazten da.

  • 20.000 makinek Microsoft-en Windows XP profesionala izan beharko dute sistema eragile gisa.
  • Makina horien artean, 18.500ek (1.500 makina salbuetsita geratzen dira), Microsoft Office Standard ofimatika paketearen eta Microsoft One Note programaren lizentziekin etorri beharko dira.

Gehiago ere zehazten du deialdiak:

La adquisición de las licencias de software de Microsoft se realizará a cargo del adjudicatario con las condiciones y precios que están establecidos para este proyecto entre Microsoft y el Departamento.

Alegia, dagoeneko adostuta dago enpresa pribatu batekin lotean derrigor sartu beharreko elementu batzuen prezioa. Deialdia gainbegiratuta ez dugu aurkitu prezio horren berri, ezta ere hornikuntza horretarako prezioa zein lehiaketa edo prozeduraren bidez erabaki den.

LH5erako ordenagailuen promesa

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek doan ordenagailu bat jasoko zutela Jose Luis Rodriguez Zapaterok agindu zuen, udaberrian Espainiako parlamentuan egindako Estatuaren egoeraren gaineko eztabaidan.

Susmoak izan ziren hasieratik, ez ote zuen ekimenak Microsoftentzako sekulako pagotxa ekarriko, ea ez ote ziren derrigor Microsoft-en lizentziekin etorriko ordenagailu horiek. Hispalinux elkarteak komunikatu bat kaleratu zuen kezka horiek azalduz. Dokumentu horretan lizentzien gastuen kalkulu batzuk egin zituen Hispalinuxek:

  • Windows sistema eragilea, hezkuntzarako prezio merketuetan, 60 euro inguru. EAErako 20.000 ordenagailuetan, 1.2 milioi euro lirateke.
  • Office paketea, hezkuntzarako prezio merketuan, 52 euro. EAErako, 18.500 makinatan, 960.000 euro lirateke.
  • Microsoft One Note programaren lizentzien kostuez ez dakigu.

Zenbait informazioren arabera, ordenagailuetan ezarri beharreko software motaren aukera erkidego autonomo bakoitzaren esku egon da. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak aukeratu omen du Microsoft-en softwarea erabiltzea.

Deialdiko dokumentazioa

Guztira, ia 9.8 milioi euroko lizitazioa da, baina hor lizentziak eta makinak sartzen dira, eta ordenagailu hauen horniketaz gain, beste hiru lote ere badaude. Horietako batean, arbel digital interaktiboak erosteko lehiaketa dago. 539 arbel erosi behar dira, baina kasu honetan derrigorrezko software hornikuntzarik ez da aipatzen.

Deialdi nagusiari dagokionez, hemen gorde dugu PDF dokumentua, eta behean itsatsita daukazue. Dokumentuaren behekaldean, ikastetxe publiko bakoitzean zenbat ordenagailu izango diren zehazten da banan-banan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu