Contadorren eta Armstrongen arteko tira-birak beste urrats bat izan du azken orduotan. Contadorrek prentsan egin ditu adierazpenak; Armstrongek, ostera, Twitterren. Izan ere, Twitter erabat zabaldu da gizarteko esparru guztietara, baita kirol mundura ere.
Azken egunotan hitzetik hortzera ibili da Armstrongen eta Contadorren arteko liskarra. Azkenengo hika-mika atzo bertan gertatu zen. Contadorrek prentsan adierazpen batzuk egin zituen, Tourrean izandako tentsioaz eta talde barruko arazoez. Eta Armstrongek erantzun, non eta Twitterren, horixe baita amerikarrak egunero darabilen bozgorailua: "hey pistolero, there is no "I" in "team". what did i say in March? Lots to learn. Restated." (tr.im/unak).
Twitter erabiltzaile sutsua da Lance Armstrong. Duela urtebetetik hona ia egunero idazten du eta jarraitzaile gehien dituzten twitterzaleen artean dago (une honetan 1.596.360 follower), Twitterholic zerrendako 15. postuan, aktorez eta musikariz inguratuta.
Eta amerikarra ez da Twitterren dagoen txirrindulari bakarra, ezta hurrik eman ere. Tropel erdia aurkituko dugu bertan; gainera, gehienak, bizitasun handiz twitteatzen. Besteak beste: Brad Wiggins, Levi Leipheimer, Robbie Mcewn, Steven de Jongh, Axel Merckx, Robbie Hunter, Ekimov, Andy Schleck, Ivan Basso, David Zabriskie, Mike Rogers Christian van de Velde George Hincapie eta Carlos Sastre.
Gehienen kasuan, gainera, euren arteko elkarrizketarako ere erabiltzen dute sarea eta twitter. Txirrindularitza maite dugunontzat informazio-iturri ezinhobea bilakatu da sare sozial hau.
Eta euskaldunik? Ba, guk geuk ez dugu aurkitu. Mikel Astarlozak egunero idatzi du Berriarako, baina ez da oraindik twitterzalea, Mikel Iturria blogariak enbidoa bota zion arren. Eta besterik ere ez dugu aurkitu. Zuek ezagutzen duzue bakarren bat?
Beste kirol batzuetan ere gero eta gehiago nabari da Twitterren eragina. NBAko jokalarien artean, esate baterako, modan dago Twitter eta arazoak ere sortu ditu entrenatzaileen artean, batzuentzat ez baita jokabide zuzena, partiduan zehar twitteatzen aritzea. Zilegi da partida jokoan den bitartean, aulkian zaudela twitteatzen aritzea?
Saskibaloi jokalari guztien artean twitterlariena Shaq O'neal da, 1.782.000 jarraitzaile dituena eta sarri-sarri twitteatzen duena. Baina NBA ligako beste izar batzuek ere euren kontua dute, hala nola, Dwigth Howardek, Steve Nashek edo Chris Boshek.
Punta-puntako futbolisten artean ez dago hain zabalduta, baina adibide batzuk badaude, esate baterako, Fernando Torres edo Iker Casillas. Hala ere, askotan ez da erraza jakiten zein ote den benetakoa: zein da CR9? Hau, hau, biak ala bat bera ere ez?
Garbi dagoena da, Twitter gero eta gehiago ari dela zabaltzen gizarteko esparru guzti-guztietara, ingurune teknologiekoetatik beste ingurune guztietara, baita kirolera ere. Kirolariak ez dira informazio-iturri hutsa; informatzaile ere bilakatu dira, neurri batean.
Lance Armstrong-ek zoriondu egin zuen Contador twitterren: "Alberto - super and had great punch/power. A heartfelt congrats to him." (tr.im/unB0)
Baina Contadorrek Colonbieren egin zuen eraso estupidoa ikusi lehenbizi, eta gero prentsa espainolari esan dizkion gauzak irakurrita, ez dakit nola ez dizkion gogorragoak bota Armstrong-ek :-)
Argi dago komunikaziorako tresna garrantzitsua bihurtu dela Twitter, eta ez bakarrik txirrindularitzan. Edozein arlotan ikus daitezke adibide ugari.