Zer nahiago: mediku ona ala euskalduna?
Azken urteotan, izugarri zabaldu dira horrelako usteak herritar askoren artean: "Ez dago eskubiderik. Halako mediku lanposturik gabe utzi dute Osakidetzan, euskararik ez dakielako".
Eta, jakina, segidan etorri ohi da, alde batetik, dena delako profesional hori sendagile ezin hobea dela, eskarmentu handikoa eta, bestetik, EGA izatea dela lanpostu hori lortu duenaren meritu bakarra...
Nola liteke hain erraz sartzea halako ziri ustela?
Izan ere, esanguratsua da euskaldun askok ere barneratua izatea euskararen aurkakoen uste eta irizpide berberak. Eta, horrezaz gain, adierazgarria da gutxik dakitela zer erantzun horrelakoei, nahiz eta sentitu hori ez dela horrela, nahiz eta edozein euskaldunek garbi samar eduki oraindik ere arazo handia dela euskaraz jardutea anbulatorio zein ospitale gehienetan.
Nola liteke erdal prentsan etenik gabe zabaltzea Osakidetzan profesional onak behar direla eta ez ahalik eta euskaldunenak; edota oposizioetan goi-mailako tituludun batek 13 puntu jaso ditzakeela baina EGA duenak, aitzitik, 16 puntu lortuko dituela (aurreko horrek baino askoz ere gehiago)? A zer nolako bidegabekeria, a zer nolako diskriminazioa!
Eta, salbuespenak salbuespen, inork gutxik esaten du ezer. Zer nahi dugu: mediku ona ala EGA duena? Baina inork gutxik daki, esaterako, oposizioetan 2 puntu ere lor daitezkeela atzerriko hizkuntzen ezagutza egiaztatzeagatik (frantsesa, ingelesa edota alemana). Edo, era berean, inork gutxik aipatzen du edozein herrialdetako oposizioetan hartzen dela kontuan bertako hizkuntza (zer egiten dute Katalunian edota Frantzian?). Edo, bestalde, inork gutxik azaleratzen du diskriminatuak, aldiro, lan-eskaintza publikoan azterketa euskaraz egitea hautatzen dutenak izaten direla, hilabete beranduago jasotzen dituztelako liburuak (azken LEP edo OPEan) edota esaldi ilunak eta itzulpen-akatsak pairatu behar izaten dituztelako. Eta, bukatzeko, inork gutxik salatzen du herri euskaldunetan ere ez dela bermatzen osasun-zerbitzu euskalduna (Azpeitian, adibidez). Zer nahiago: mediku ona eta esperientziaduna, ala euskalduna?
Nire ustez, bada garaia gezur sozial horri aurre egiteko, modu eraginkor eta zabalago batean. Horretarako, ikusi besterik ez dago zer egiten duten beste batzuek: ongi planifikaturiko kanpaina mediatikoak erakundeetan eta komunikabideetan. Horrela, bada, jo dezagun kazetari batzuek erreportaje bat egiten dutela telebistarako, kamera ezkutua erabiliz, ikustarazteko zer gertatzen den euskaraz jardun nahi izanez gero Osakidetzan (anbulatorioan, espezialistaren kontsultan, etab.)... Demagun gu ere horretan ahalegintzen garela, serio.
Ideia bat besterik ez da, baina uste dut balekoa izan daitekeela adierazi nahi dudanaren argazkia egiteko. Zer nahiago: mediku ona ala euskalduna?
Nik, behinik behin, mediku ona eta euskalduna.
Erantzunak kargatzen...