Eusko Legebiltzarrak jardunaldi batzuk antolatu ditu aurtengo udazkenerako Hizkuntza gutxituak administrazio publikoetan: Geroaren oinarriak orainean finkatzen izenburupean. Jardunaldiok urriaren 28an eta 29an burutuko dira Villa Suso Jauregian.
2008ko martxoaren 4an onartu zuen Legebiltzarreko Mahaiak Eusko Legebiltzarreko Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko Plana (2008-2012). Urtebete baino gehiago darama, beraz, indarrean Planak.
Jardunaldion bidez eremu urriko hizkuntzen normalizazioari nola heltzen zaion han eta hemen ezagutu nahi dugu; hau da, hizkuntza gutxituak zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izateko eman diren eta ematen ari diren esperientziak ekarri nahi ditugu Jardunaldiotara. Azken finean, lan-prozesuetan izan diren esperientziak ezagutzea da helburua, lan-munduan edo administrazio-munduan egin diren urratsak ezagutzea, guretzat baliagarri izan daitezkeelakoan.
Era berean, iazko irailean HAEE-IVAPek antolatutako beste Jardunaldi batzuetan ere gure Planaren lehenengo aurkezpena egin izan bagenuen ere, testuinguru honetan ere eman nahiko genuke beraren berri, besteei zabaldu, beste horiek ere beren iritzia eman dezaten.
Gure helburu hauek betetzeko ahalik eta ikuspegirik zabalena aukeratu dugu. Horretarako, kanpoko zein bertako berri izan nahi dugu; marko teorikoa zein ikuspegi praktikoa.
Lehenengo egunean gure inguru hurbiletik at hausnartzen eta egiten denaren berri izango dugu. Horretarakoxe gonbidatu ditugu prestigio handiko adituak; besteak beste, Colin Williams, Galeseko Unibertsitateko irakaslea eta hizkuntza gutxituetan aditua; Raymond Renard, Unesco Katedrako koordinatzailea; Durk Gorter, Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea eta Ikerbasque-ko kidea; Lluis Aguiló, Hizkuntzaren Valentziako Akademiaren idazkari nagusia; Santiago Petschen, Nazioarteko Harremanetan doktorea eta hizkuntza gutxituetan aditua. Adituon ekarpenekin batera, Espainiako legebiltzar autonomoetako hainbat ordezkariren arteko mahai-ingurua izango da.
Bigarren egunean Euskal Herriko bertako eremu ezberdinetako hainbat esperientziaren berri ezagutzeko aukera izango dugu: EHU-UPV (Ehulku, Ehutsi, Atezainok euskaraz ), Administrazio orokorra zein tokikoa (Jaurlaritza, Legebiltzarra bera, Lasarteko Udala ), lan-mundua (Eralan, Elay, Innobasque )
Izena emateko epea eta bideak, eta bestelako informazio gehiago uda ostean eskainiko da.
Uda bere onenak ematen hasi zenean eman genizuen Legebiltzarrak antolatu dituen jardunaldi batzuen berri : "Hizkuntza gutxituak administrazio publikoan. Geroaren oinarriak orainean finkatzen". Oraingo honetan berriro jotzen dugu hona, izena emateko epea irekita dagoela jakinarazteko.
Jardunaldion izenburua Hizkuntza gutxituak administrazio publikoan. Geroaren oinarriak orainean finkatzen da eta urriaren 28an eta 29an izango dira Gasteizen, Villa Suso-Goiuria jauregian.
Izena emateko orria Legebiltzarraren webgunean aurkituko duzu, bi leku ezberdinetan:
Matrikularen zenbatekoa dela eta, bi salneurri jarri ditugu:
Bi kasuotan sartuta daude dokumentazioa eta jardunaldien ostean aterako den liburua, hitzaldi, txosten eta komunikazio guztiak jasoko dituena. Ikasle eta langabetuentzat dohainik izango da.