Espainiako himnoari txistu egitea eskubidea da
Futboleko Errege Kopako finalean Espainiako himnoari egindako txistuak eta "Good bye Spain" lelodun kartelak jartzea ezin dira delitutzat hartu. Epailearen esanetan ez dira ez Erregearen kontrako irainak, ez gorroto nazionalaren babesa eta ezta Espainiarekiko irainak ere; txistuak eta pankarta horiek adierazpen askatasunaren baitan jasotako eskubideak dira.
Santiago Pedraz epaileak Catalunya Acció eta Esait erakundeen aurkako kereila baztertu du. "Fundación para la Defensa de la Nación Española" DENAES izeneko elkarteak eraman zuen gaia auzitara. Elkartearen salaketaren arabera, Santiago Espot Catalunya Acció taldeko presidenteak deialdiak egin zituen bi zalegoek txilibituak eraman zitzaten partidura. 5.000 txilibitu banatu zituztela ere salatu zuten. Santiago Abascal da salatzailearen izena, eta Catalunya Acció eta Esaiti leporatzen die txistu horien sustatzaile izatea.
Pasa den maiatzaren 13an, partidua baino lehen, segurtasun indarrek 5.000 kartel inguru kendu zizkieten zaleei, Catalonia is not Spain lelodunak. Kereilak ekintza hori erreferentziatu zuen, baina ez du horrekin epailea konbentzitu. Epaileak, irainik egin ez zutela esateaz gain, gutxienezko interbentzio printzipioa ere aipatu du.
Erantzunak kargatzen...