Teknologia albisteak
1

Bai Euskarari Ziurtagiria, 195 entitate gehiagok

Erabiltzailearen aurpegia
Ziurtagiriaren Elkartea
2009-07-18 : 01:07

Krisi garaian euskaran inbertitzeko argudioak eman ditu Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteako zuzendariak:

Euskara erabiltzeak konfiantza adierazten du. Eta konfiantza hori Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez gizarte guztiaren aurrean erakusten eta ziurtatzen da.

Guztira 1.562 entitate dira dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak, eta Ziurtagiriaren eraginpean 40.000 lagun baino gehiago ari dira lanean. Gutiérrezen esanetan, bederatzi urteko ibilbidearen ondoren lorturiko emaitzak dira horiek.

Datu horiek argi erakusten dute Ziurtagiriak ibilbide luze eta oparoa egin duela arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten; hau da, euskararen aldeko neurri zehatzak hartzen dituzten entitateak identifikatzen eta kreditatzen.

Azken urtean ere, krisi garai betean, 195 entitate berrik lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Gutiérrezen ustez, emaitza horiek lortu dira euskaran inbertitzeak onurak dakarzkiolako enpresari. Eta baieztapen hori argudiatzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurtengo publizitate kanpainan oinarritu da.

Erosle batek hizkuntza bati atxikimendu berezia badio, nahiago du hizkuntza horretan saltzen dionari erostea. Beraz, harremanerako hizkuntza bezeroak berak aukeratzen ez duenean nabarmen jaisten da kalitatea.

Bestalde, Gutiérrezek argudiatu duenez, euskararen merkatu potentziala etengabe ari da hazten, eta enpresek merkatuaren eskariei erantzuteko gai izan behar dute. Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gertutasunaren faktorea gehitu dio euskararen erabilerari: "Euskara erabiltzeak konfiantza adierazten du. Eta konfiantza hori Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez gizarte guztiaren aurrean erakusten eta ziurtatzen da".

Entitateak, barrura begira ere

Kanpora begirako jardunean ez ezik, barrura begirakoan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria duten zenbait entitatek ikusi dute, langileen artean euskara txertatzen hasi direnean, langileek enpresarekiko duten atxikimendua handitu egin dela eta motibazioa suspertu. Eta motibazioak eragin zuzena du ekoizpenean: "Langile horietako askoren ama-hizkuntza euskara da, baina aurrez sarritan, euren bigarren hizkuntzara jo behar izaten zuten lanerako. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dutenetik ordea, zenbait neurri hartu dituzte eta euskaraz lan egitea naturala bihurtu da".

Ziurtagiriaren Elkarteak uste du euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea estrategikoa dela hizkuntzaren normalizaziorako. Era berean, enpresan euskara erabiltzea ere erabaki estrategikoa da: "Berrikuntza txertatzen ez duen enpresak ez du aurrera egiten, eta euskara berrikuntzaren parte ere bada".

Hiru maila

Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten 1.562 entitateak hiru mailatan daude sailkatuta:

  • 171k "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila daukate
  • 540k “Zerbitzua euskaraz”
  • 851 “Bidean” mailan daude.

Sektoreak

Sektoreei dagokienez, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak honela banatzen dira:

  • %32.65, hau da, 510 merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira
  • %28.87, hots, 451 zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira
  • % 18.12, hots, 283 kultura, gizarte mugimendu eta kirolaren sailari dagozkio
  • %7.87, hau da, 123 hezkuntzari eta formazioari
  • % 6.92, hau da, 108 enpresa industrialak dira
  • % 3.84, hau da, 60 lehen sektoreari dagozkion entitatea
  • % 1.73, hots, 27 entitate administrazioek eta alderdiek osatzen dituzte.

Erantzunak

zubieta
2009-07-18 : 10:29

Bai, ongi dago hori, morala emateko, etc. Baina ez du errealitatea islatzen. Hartu adibidez, "Aspe" pilota enpresaren web orria, zuen ikur eta guzti, eta ikusiko duzue euskaraz ez dela ia deus agertzen. Zenbat denda horrela, zenbat azalera handi... Beharbada ikuskaritza lana falta da hor. Eta hitzemandakoa betetzen ez duenari ikurra kentzea, jakina.



Animo eta segi aurrera zuek.

Erantzun

Sartu