Poka-yoke bat behar zuen Madrilen hil den ume horrek
Industria sektorean lan egiten duen edonork ezagutzen du Poka-yoke kontzeptua . Hitz japoniarra da, eta Toyota fabrikan "asmatu" zen 70. hamarkadan.
Erroreen aurkakoa
Poka-yoke hitzak, erroreen-aurkakoa esan nahi du. Ez da berez tresna konkretu bat, kontzeptu bat baizik. Kontzeptua Toyota fabrikan ezarri zen lehenengo aldiz formalki. Toyota fabriken ekarria handia izan da enpresa industrialen antolakuntzan. Gure industrian erabiltzen diren beste ehundaka prozedura, kontzeptu eta sistema handik etorritakoak dira.
Poka-yokeen adibideak:
- Erabiltzaile batek mikrouhin labeko atea ireki eta uhinak kanpora atera daitezkeela? Orduan atea zabaltzean mikrouhina automatikoki itzaltzeko sistema jarri eta akabo arriskua. Horrela da labe guztiekin, ez da?
- Sakeleko telefonoen SIM txartelek badute koxka bat ertz batean. Koxka horri esker erabiltzaile trakets batek ezin du SIM txartela alderantziz jarri.
- Inglaterra eta Frantziako ospitaleetako kateter eta tresnak desberdinak omen dira beharren arabera . Ez dago janaria eta zainetarako sendagaiak nahasteko aukerarik, eta nik ere ez nuke oker egingo han.
Hegoaldeko ospitaleetan badago poka-yoke-rik?
Madrilen hil den haurraren kasuan badirudi ez zegoela poka-yoke-rik. Kolore baten arabera desberdintzen omen dira bi aukerak, baina hau ez zen nahikoa izan. Ez dakit Hego Euskal Herriko egoera berdina den (Iparraldean ba omen dute poka-yokea), pentsatzen dut baietz, baina ez litzateke asko kostako estandareak sistema hauetara moldatzea, berriz ere horrelakorik gerta ez dadin.
Erantzunak kargatzen...