Sustatu logoa Teknologia albisteak

Cervantes Institutuaren itzultzaile automatikoak euskara gehitu du bere zerbitzuetara

Sustatu
2009-07-14 20:07

Gaztelania-euskara zentzuan bakarrik itzultzen du tresna berriak, ez euskara-gaztelanian. Erakundeko arduradunek esan dute Euskarak dituen "erronka linguistiko eta teknologikoak" gainditu dituztela. Badirudi Automatictrans enpresak garatu duela proiektua, Jaurlaritzaren lehiaketan aurkeztu baina irabazi ez zuen enpresa bat. Itzultzaile automatikoari ezarri dizkioten "osagai bizkorragoei eta gaitasun handiagokoei" esker, segundoko 12.000 hitz ere prozesatu omen ditzake.

Cervantes Institutuaren ekimena da hau, "Informazioaren Gizartearen Teknologien Bulegoa"rena. Bere webgunearen headerrak "Las culturas hispánicas en Internet" jartzen du, eta bertan dago itzultzaile hau. Webgunea gaztelera hutsez dago... nahiz eta itzultzailea, testuez gain, webguneak itzultzeko gai izan. Url-a edo testua sartzeko koadroak ditu, horretarako. Baina egiten dituen itzulpenak horrelakoak dira :

Web orri bat itzuli nahi badu, bakarrik helbidea dagokion laukian, sartu behar du edo helbideetako bat aukeratu menu zabalgarrian agertzen dute, hizkuntza-bikotea aukeratu (sorburu eta xede-hizkuntza) eta Bidali"botoia "sakatu. Ondorio gisa lortuko du itzulitako web orria aukeratutako hizkuntzara nahiz eta bere jatorrizko diseinua errespetatzen.

Automatictrans, SL

Prentsa oharrak ez du esaten nork garatu duen proiektua, baina testuak itzultzerakoan AutomaticTrans enpresa kataluniarra dela dirudi. Enpresa hau Eusko Jaurlaritzaren lehiaketan bidean geratu zen duela urtebete. Patxi Baztarrikak aipatu zuen Sustatun. 2002an Sustatuk argitaratu zuen enpresa hau itzultzaile baten bila ari zela, eta berriro ere 2007an. Enpresaren webguneak (gazteleraz, hau ere) testu-itzultzailea dauka, baina bertan ez du euskara inkorporatu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu