Donostiako metroaren metro bakoitza 163.000 euro kostako da
Odon Elorza Donostiako alkateak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak Donostian metroa egingo dutela iragarri dute.
Elorza, Arriola eta Ernesto Gasco Garraio sailburuordeak gaur iragarri dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak metroa egin nahi dutela Donostian. Euren esanetan "gipuzkoarren %70ari onurak ekarriko dizkio" proiektu honek. 700 milioi euro inguruko aurrekontua iragarri dute.
Tagzaniako mapak 6 kilometro inguru markatzen dituen arren, 4,3 km izango omen ditu. Ondorioz, bataz beste 162.791 eurokoa izango litzateke metroko metro baten prezioa, edo 1.628 eurokoa metroaren zentimetro bakoitzarena. Gipuzkoar biztanleria 680.000 pertsonaren bueltan baldin badago (Eustat, 2006), gipuzkoar bakoitzeko 1.000 euro inguru balioko du proiektuak. Beste modu batera esanda: zentimetro bakoitza garestiagoa irtengo da biztanle bakarragatik jarriko den diru kopurua baino. Kalkulu hauek, baina, ez dute kontuan hartzen geltokiek kostatuko dutena.
Anoetatik hondartzara, eta handik Lugaritzera
Ibilbideak Tren eta Topoaren sareekin bat egingo du. Anoetako futbol zelaian izango da lehenengo geltokia, Amaratik Kontxara hurbiltzeko. Hondartzatik gertu Ondarretaraino joango da, bertatik Unibertsitatera bidea hartzeko. Unibertsitatetik Lugaritzeko tren geltokira joango da metroa.
Beraz, trenbide berri honek Anoeta eta Lugaritz batuko lituzke, tarteko geltoki batzuekin:
- Ibaetako campusa Benta Berri eta Lorea inguruetarako.
- Antiguo: Matia kalea, Miramar jauregiaren ondoan.
- Kontxa-Erdialdea: San Bartolome eta San Martin kaleen artean.
Horrez gain, Amarako geltokia eta Herreratik Galtzarabordara doan Topoaren ibilbidea lurperatu nahi dute. Arriolaren esanetan, garraiobide hau urtero dituen 7 milioi erabiltzailetik "23 milioira" pasako litzateke, infraestruktura hauei esker. Proiektua bideragarria den ikertzeko 2,6 milioi euro inbertituko dituela esan du Arriolak. Tranbiari dagokionez, Odon Elorzak urtebeteko epean "eztabaida sakona" egin eta erabakia hartua egongo dela aurreratu du.
Erantzunak kargatzen...