.EUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen domeinua izango da. Horretarako, ziurtatu ezin den arren, PuntuEus Elkarteak gaur eskainitako prentsaurrekoan ICANN-en aurrean egin beharreko eskaera 2010eko martxoan aurkeztea espero duela adierazi du. Gaurdaino 25.000 atxikimendu inguru bildu ditu proiektuak eta dagoeneko 30 elkartek osatzen dute PuntuEUS elkartea. Erakutsi zure babesa .
Argazkiak.org | PuntuEUS aurkezpena Bilbon 2009-06-30 © cc-by-sa: sustatu
.EUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen domeinua izango da. Baina, lortu ahal izateko, ezinbestekoa da EEKK-ren babesa erakustea. Horretarako atxikimenduak eta PuntuEus Elkartea bera dira guk erabiliko ditugun bideak. Atxikimenduak gora eta gora doaz, baina askoz gehiago lortu behar ditugu. Erakutsi zure babesa. PuntuEus Elkartea, berriz, hazi egin da eta 30 elkartekide ditu egun.
Urtarrilean eman genuen Interneteko Eukararen eta Euskal kulturaren Komunitatearen domeinua izango den .EUS domeinua eskatzeko gure asmoen berri. Orduan, 2008ko apirilean eratu genuen PuntuEus Elkartea aurkeztu genuen. Baina jada bidean aurrera egin dugu eta emandako urratsen berri ematea da gaurko agerraldi honen helburua. Hain zuzen, 11 elkarteren eskutik jaio zen PuntuEus Elkartea, dagoeneko 30 elkartek osatzen dutela adierazi nahi dugu.
Emandako urratsak, .EUS domeinua eskatzeko egin behar dugun ibilbide luze batean kokatzen dira.
Lehen urratsa, .EUS domeinua eskatuko duen subjektua eratzea da. Hor kokatzen da PuntuEus Elkartearen sorreraren funtsa, PuntuEus Elkartea izango baita, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen izenean ICANN nazioarteko erakundearen aurrean, .EUS domeinua eskatuko duena.
Bigarren urratsa, eskaria aurkeztea da. Eskaria Applicant Guidebook
deritzan dokumentuan oinarritzen
da. Dokumentu horretan, eskatzen zaizkigun azalpen guztiak eman behar ditugu: bideragarritasun
ekonomikoa azalduko duen plan bat, bideragarritasun teknikorako beste bat eta, era berean, Euskararen
eta Euskal Kulturaren Komunitateak .EUS proiektua babesten duela erakutsi behar dugu.
Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen babesa adierazteko modu ezberdinak daude. Guk bi erabiliko ditugu: proiektuaren webgunearen bitartez jasotzen ditugun atxikimenduak eta PuntuEus Elkartea bera.
Gaurdaino, 25.000 atxikimendu inguru bildu dira webgunean. Lortu behar ditugun atxikimendu kopuruari dagokionean, ICANNek ez du ez minimorik ez maximorik ezartzen. Baina oso garrantzitsua da ahalik eta atxikimendu gehien lortzea, eta bide batez, gaurko aukera hau atxikitzeko deia luzatzeko ere probestu nahi dugu.
PuntuEus Elkartea ere Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen babesa adierazteko beste modu bat da. ICANNen aurrean, ordezkaritza lana egingo du eta, hortaz, ordezkaritza hori ahalik eta esanguratsuena bilakatu behar dugu, PuntuEus Elkartea zabalduz, sendoagoa eta anitzagoa bilakatuz, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere. Azken hilabeteotan, urrats garrantzitsuak eman ditugu PuntuEus Elkartearen zabalpenaren bidean. 2008Ko apirilaren 4an, 11 elkarte bildu ginen. Egun, guztira, 30 elkarte gara .
Ildo horretan, epeen ziurgabetasuna aipatzea ere ezinbestekoa zaigu. Ibilbide luze honen bihurguneak eta denborak ICANNek ezartzen ditu. Applicant Guidebook deritzan dokumentuaren behin betiko bertsioa ez da oraindik kaleratu, eta ezin da data zehatzik ziurtatu. Dokumentua kaleratzen den unean, 4 hilabete izango ditugu. Ziurtatu ezin den arren, 2010eko martxoan eskaria aurkeztu ahal izango dugula aurreikusten dugu. Baina ICANNen eskuetan dago eta, beraz, atzeratu daiteke.
Horrela, .EUS domeinua 2010eko martxoan eskatzen badugu, urtebeteren buruan, ICANNen erabakiaren berri jakingo dugu. Baiezkoa bada, ICANNekin kontratua sinatu eta .EUS domeinua martxan jartzeko moduan izango gara, PuntuEus Fundazioaren gidaritzapean.
Baina ibilbide luzea da eta, aurrera goazen arren, poliki eta guztiok batera joatera behartuak gaude. Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitate osoa behar dugu bidelagun, hori delako .EUS domeinuaren esentzia. Mila esker.
Pozik agertu dira PUNTUEUS elkartekoek orain arte lortutako 25.000 atxikimenduekin eta hurrengo hilabeteetan 100.000 atxikimendura iristea eta gaur eguneko 30 erakundeen partaidetza gehitzea espero dutela adierazi dute.
Eta pozik ICANN-ekin duten harremana eta daramaten dinamikarekin.
Mezu kolektiboa lantzeko .EUS-en antzerako ekimenekin, esate baterako .CAT (katalana), .GAL (gailegoa), .BZH (bretoia) edo .CYM (gaelikoa) ekimenekin koordinatuta lanean ari direla jakin arazi dute.
Argazkiaren itxurazko goibeltasuna gure argazkilariaren errua da.
Informazio gehiago nahi duenarentzat: ETB3ko nickdutnik saioak duela oso gutxi elkarrizketatu zituen puntueus elkarteko kideak, bai eta PuntCat Fundazioko Vicent Partal ere. Biak ere oso elkarrizketa interesgarriak dira.
Zergatik daude hain goibel? Ezbeharren bat gertatu al da?
Ekimen bat martxan jartzea lortzen dute, arrakastatsua izateko bidean lan txukuna egiten dute eta zera, Michael Jacksonen heriotzaren berri izan dutela dirudite.
ICANNeko norbaitek argazkia ikustakoan hori baino ez du pentsatuko.