Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskalgintzako hiru langile atxilotu dituzte, ETAkoak direlakoan

Sustatu
2009-06-23 17:06

Patxi Uranga Gaztezulo aldizkariko kazetaria da eta Ainara Vazquez Bagera Donostiako Euskara Elkarteko administraria. Olatz Lasagabaster Hik Hasi hezkuntza ekimeneko langilea da, eta izen bereko aldizkarian egiten zuen lan gaur arte.

Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster haren bikotekidea, Usurbilgo Ugaldea industria guneko etxebizitza batean atxilotu dituzte bart. Berri agentzia batzuen arabera, 75 kilo lehergai aurkitu dituzte bertan. Atxilotutako bestea, Ainara Vazquez donostiarra da eta Astigarragan atxilotu dute.

Bi etxebizitza horiez gain, pertsona hauen lantokiak miatu dituzte.

Miaketak Bagera eta Hik Hasin

Bagera eta Gaztezulok elkarrekin dute egoitza Donostian, eta bertan Ainara Vazquez eta Patxi Urangaren ordenagailuak hartu ditu poliziak, ez besterik. Uranga kazetaria da Gaztezulon baina bere ordenagailua gabe, aldizkariak aurrera egiteko modua badu. Aldiz, Vazquezen ordenagailuan Gaztezulo aldizkariaren zein Bagera elkartearen kontularitza, agiri eta paperak zeuden, eta hauek gabe geratu dira une honetan. Miaketa hau Baltasar Garzon Entzutegi Nazionaleko epailea bertan zela egin da.

Hik Hasiren egoitzan (hau Donostiako Errekalde auzoan) ere izan da Garzon epailea eta han ere, Olatz Lasagabasterren lanpostua ukitu dute, ez besterik. Bere paperak eta ordenagailua eraman ditu poliziak. Hik Hasi aldizkaria erredaktatzen egiten zuen lan Lasagabasterrek.

Poliziak esan du hiru lagun hauek ETAkide legalak direla, atentatuak egiteko prest zeudela, baina oraindik ekintzarik ez dutela egin.

Informazio gehiago euskaraz Berrian eta EITBn.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu