Sustatu logoa Teknologia albisteak

Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Iban Arantzabal
2009-06-22 12:06

Udako ikastaroan nago gaur. Berba egin behar ez banu ez nintzen hemen izango ze eguneroko zirimolan ez da erraz tarte bat hartzea... baina hemen egonda, ikasi egiten da, merezi du egoteak eta Aitor Zuberogoitiarekin ikasi dugu gaur ere. Bigarren hizlaria izango da Elin Haf Gruffydd Jones eta erantzunetan jarriko dut laburpen txiki bat. Hemen laburpentxo pertsonal bat.

Aitor Zuberogoitia berbetan ziharduela sartu naiz Udako Ikastaroetara. Inor ez molestatze aldera atzeko lerroetara joan naiz, ikasle txarrek egiten duten moduan eta jarri orduko GOIENA-k Ketxuekin egindako truke programako argazki bat ikusi dut pantailan. Hau da hau! Nire aurkezpenean ere sartuko dut aitorren argazki bat, (odolkiak ordainetan :-) . Oraintxe topatu behar dut Interneten argazkia. Ni pantailan ikustea baino askoz interesgarriagoa da aurkeztu digun mapa (akaso irakurriko du mezu hau eta egingo du berak loturaren bat).

Hedabideak Euskal Herrian da maparen izena eta argigarria da oso: irratiak, papera… telebistak ere aipatu ditu eta zulo beltza dela gaineratu. Ez da telebista askorik euskaraz eta kontsumora era murritza da euskaraz Zuberogoitiaren esanetan. Leku guztietan goraka doa ikus-entzunezkoa eta gurean ahulezia dagoela gaineratu du. Hemendik gutxira etxe guztietara helduko dira ehunka kate, eta lekua egin beharko dugu. Bai edo bai.

IMG_0833

Galesi begira ere jarri da ze demografikoki soziolinguistikoki… gure antz handia dute. Hango telebista ere ETB baino hilabete lehenago hasi zen… Galesen zer? Jaso dituzten eskumenen artean komunikazioarekin lotutakoa ere badute eta badute txosten bat osatuta. Txostenean dioenez arrakasta merkatu globalean identitate indartsuaren bidetik lortu daitekeela dute argi. Helburua litzateke marka bereizgarria jartzea eta horrek egitea lekua ehunka kateren artean.

Zelan lortzen da hori? Loughrey, BBC Wales-en aipu bat jarri du: Horrela eraikitzen duzu zure indarra munduan, identitatea eginda, izaera edo jatorrizko identitatea handituta. Hortik eratorritako autokonfiantzan. Denei zuzendu guran dabilen hori ez da inori zuzentzen azkenean. Kuriosoa da. Hau irakurrita bi galdera egin ditu Zuberogoitiak: Zergatik ez da errotu Aldaketa 16? edo Zabalik? Horren kontrara jarri ditu Mihiluze edo Wazemank. Arrakastatsuak dira ze komunitatean zentratutako produktuak dira, kultur ondarean zentratua egotea eta beste batzuk eskaintzen ez duten produktua eskaintzea ere aldeko izan dute. Kuriosoa, baina Mihiluzeren adibidea ere erabiliko dut nik aurkezpenean.

Galesetik ekarri du beste aipu bat: Ez dugu uste identitate marka neutral bat hartzea arrakastarako errezeta denik. Identitate lokal ondo errotutako bat da garrantzitsuena munduan arrakasta izateko.

Eduki fidagarria lantzea, multiplataforma izatea eta lehenengo aipatzen zutena komunitatea da. Facebook-en arrakasta ere hortik dator, antza. Hizkuntza ere engantxe oso potentea da" dio Zuberogoitiak. Ni saiatuko naiz hizkuntza bigarren mailara eraman behar dela esaten, kalitateko hedabideak egin behar ditugula, komunitatea kontuan hartuz, informazio komunitateari garrantzia emanez. Noski, euskaraz egiten dugu guk lan, baina hori baino gehiago egin behar dugu, euskaraz egitea gaindituta dago-eta gurean. (Zuberogoitiaren laburpena hemen).

Azkenengo hitzaldiaz

Eta nik esango dudanaz? ba ekarri dut prestatuta dena baina hauxe esateko: gertutasuna landu behar dela, emozionatu egin behar dugula gure ikus-entzun-irakurlea, gure hedabideetan lekua utzi behar diegula gure bezeroei, asmatu behar dugula igorlea gero eta aginte gutxiagorekin jardun eta erabiltzailea izaten gure jardunaren nondik norakoan zeresana izango duena. Nire hitzaldian esan gura nuena laburtuta bidali nuen, klaro, lehenengo laburpena egin eta gero osatu dut aurkezpena... aterako da zerbait. :-)

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu