Sustatu logoa Teknologia albisteak

Twitterrek ezagutarazi digun genero berria

Gorka Julio, Teketen
2009-06-18 09:06

Twitter mikroblogintza tresna oso ezaguna egiten ari da, baita hedabide ohikoetan ere. Oraingoan Twitterrek zenbait gatazkatan eragiteko tresna bezala agertu zaigu. Tresna honek ahalbidetzen duen komunikazio azkarrean dago gakoa. Bakoitzak bere lagun sarean zehar jasotzen duen informazioa errepikatzen du, jasotzen duena moldatu eta bere hartzaileei egokitzen die edota garrantzitsuena dena, hizkuntza ezagutu gabe jendeak bidalitako loturetan zehar nabigatu dezakezu. Honek egin du erakargarria zenbaitentzako, bakarrik loturek erakartzen duten trafikoagatik.

Argi dago hori baina gehiago dela, ez tresna bera, baizik eta komunikazio eredu berri bat ekarri duelako. Mundu fisikoan SMSa da bere gurasoa eta Interneten berehalako mezularitza asinkronoa + sare sozial irekiak. Berehalako mezularitzarekin konparatuz gero, (Ez guztiekin, adibidez Jabber, baina bai egiten den erabilpenagatik) asinkronoa da. Hau da gure hartzailea ez du zertan konektatu behar mezua jasotzeko ondoren jaso dezake. Gainera honi sare sozial irekia gehitzen zaio, bakoitzak erabakitzen du nahi duen parametroen bidez zein pertsona jarraituko dituen, zein izango dira berarentzako garrantzitsuak. Gainera pertsona hauek idazten dutena publikoa da, (erabiltzaileak mugatzen ez badu) honela pertsona batek beste bati erreferentzia egitean, beste pertsona hori ere interesgarria den edo ez ikus dezakegu. Bi gauza horiek elkarturik berehalako mezularitza asinkrono soziala eraiki dute.

Genero berri honetan parametro batzuk garrantzi handiagoa hartzen dute eta beste batzuk berdefinitu behar dira. Azkartasuna, erreputazioa, fidagarritasuna, banaketa, edukia… dira gehien aldatzen direnak. Azkartasuna da nagusi, gauzen bapatekotasunak garrantzi handia hartzen du, beste faktore batzuen gainetik. Erreputazioa ez da marka edo hedabide batena baizik eta informazio hori komunikatzen dagoen pertsonarena. Fidagarritasuna ere pertsonaren araberakoa da edota hainbat pertsonek bidalitako informazioaren konfirmazioaz lortzen da. Banaketa era ia guztiz banatuan ematen da @erabiltzailea erabiltzaile batek aipatu duen informazioa errepikatzeko, RT pertsona batek bidalitakoa errepikatzen ari zarela komunikatzeko eta #etiketa mekanismoek banaketa era horretan gauzatzeko eta aurkitzeko aukera ematen dute. Horretaz gain hiperloturak dira nagusi eta horien bidez Interneteko edozein baliabide estekatu daiteke. Edukia 140 karakteretara mugatzen da, beraz edukiaren sintesia, garrantzia eta kanpoko erreferentzietara lotura dira garrantzitsuena. Sintesia, 140 karaktere muga horrek ezartzen du. Edukiak garrantzia izan behar du, interesa piztu ahal izateko. Kanpo erreferentziak hiperloturen bidez edo aipatutako sintaxien bidez lortzen da eta mezuko informazioa zabaltzeko balio dute, nahi duenarentzat.

Genero berri honek gai/interes/grin/borroka/… berdinen artean sareak osatzeko gaitasun handia dauka. Bere garraiagarritasunak eta azkartasunari esker oso erraza da zure interesekin (laburtzeko) bat egiten duten pertsonak aurkitzea. Horrela zure sare pertsonala eraikitzen duzu eta zuretzako erreferenteak diren pertsonak jarraitzen dituzu. Momentu bakoitzean zure sarean dauden pertsona horiek zein diren alda daiteke oso era azkarrean. Lehen oso zailak ziren kontaktuak orain salto bakar batzuetara aurkituko ditzakezu.

Gauza hauetaz guztietaz konturatu dira asko eta asko. Sareen boterea ondo aztertzeko denbora izan dute eta hacktivismorako bezalaxe zenbait botereek desestabilizaziorako ere erabiltzen ari dira. Baina oraingoan esan beharra dago helburua lortzeko baliabideak jarrantzitsuak diren arren, baliabide horiek eskuratzea ere erraza izan daitekeela. Baliabide nagusia motibatutako pertsonak baitira. Aktibismo mota berri honetan Swarming bat bilatzen da. Jendea zentzu batean piztea saiatzen datza hau, zerbait egin, eraldatu edota besterik gabe mezu bat komunikatzeko (marketing kanpaina batean adibidez). Swarming-a piztean Twitter bezalako tresnek indar handia hartzen dute, beste hedabideetako informazioa anplifikatuz, lotura berriak emanez, iturri berriak ezagutaraziz eta bakoitzak bere sarean hedatuz. Dena klik bakar batzuetan. Hala ere, borroka bide honek berezitasun bat dauka, nahiz eta baliabide asko izan jendeak jarraitzen ez badizu (motibatuta dagoelako) zure swarming horrek ez du arrakasta izango. Beraz borroka molde hau ez da boteretsuena bakarrik, baizik eta denona eta guk ere honetara jolasten ikasi beharko dugu gure aldarrikapenak, proiektuak, ekimenak, negozioak… aurrera ateratzeko. Horregatik da garrantzitsua Twitter bezalako tresnak ezagutzea, swarmingak erraz sortzeko tresnak baitira.

Genero berri honek gauza askotan izango du eragina, baita hedabideen jardunean ere. Hedabide askok bere informazioa kanal hauetatik bidaltzen hasi da, baina hau ez da nahikoa izango. Hori ondo dago, baina jendeak genero berri honetan komunikatzen dakiten pertsonen informazioa bilatuko du. Egunkari baten Twitter kontua jarraitu dezakete bai, baina interesgarriagoa izango zaie seguraski bertako kazetari batek egunean zehar idazten dituen mezu sorta. Normalean kanpoan gelditzen diren anekdotak, informazio ezkutuak, eztabaidak, iritziak etab. Hori dena noski ez titular moduan, tresna automatizatu batek egingo lukeen bezala baizik eta benetan lehenengo pertsonak. Hauek izango dira gaurkizuneko (gaur+etorkizuna) firmak.

Ez dator dena desagertaraztea. Webguneak, blogak, web zerbitzuak hor jarraituko dute, bakoitzak bere espezializazioa jasango du. Egia esan genero berri honek gauza bat dauka pendiente, bere egitura benetan banatua egitea eta hori blogen sare banatutik ikasi beharko duen zerbait izan daiteke. Twitter sare banatuak sortzeko gai bada ere, bere egitura erabat zentralizatua da. Aldiz twitter txiki ezberdinen federazioz sortutako hedabidea litzateke soluzio hoberena eta software libreak hori jada posible egiten du. Tresnek duten egitura garrantzitsua da, bestela askatasun ilusio faltsu batean eror gaitezke, baina errealitateak edozein egituraren atzean botere logika bat ezkutatzen dela erakusten digu.

Mezu hau idazten nuen bitartean, nire saretik mezu polit bat iritsi zait. Gauza eder hauek ere idazteko balio du Twitterrek ezagutarazi digun genereo berri honek:

@agonirena Gure txikitok lehen pausuak eman ditu gaur. Niretzat Neil Armstrongek ilargian hemandakoak baino handiagoak.

Gu ere lehenengo pausoak ematen ari gara eta ematen jarraituko beharko dugu gaurkizunean ere.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Gorka Julio, Teketen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu