Teknologia albisteak
2

Rahaf Harfoush: Obamaren sareko kanpainako lezioak eta "ekaitz perfektua"

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-06-03 : 10:06

Rahaf Harfoush-ek atzo Donostian eman zuen hitzaldian Interneteko komunikazioaren aroko adibide zehatz batez jardun zuen: Barack Obamaren Interneteko kanpaina. Hortik haruntzago, lezio orokorrak ateratzeko, zailxeago agian, ze teknologia erabiltzen asmatu zuten, baina ez zen hori izan Interneten izan zuten arrakastaren faktore bakarra. Ekaitz perfektu baten zortea izan zutela onartu zuen hizlariak azkenean, eta niri horixe iruditu zitzaidan atzo azpimarragarrien agian.

Harfoushek luze eta zabal azaldu zituen puntuetan, honako hauek azpimarratuko nituzke:

  • Dirua eta dirua. Diru gehiago bildu zuten McCain-ek baino, eta hori zoragarria izan zen. Hori neurri handi batean Interneteko donazioen bidez egin zutela esan zuen, baina portzentaia globalak ez zituen esan. Diapo batean sarean %33 jaso zutela halako hilabete batean, horixe iruditu zitzaidan. Hori asko da, baina Obamak lobbyen bidetik ere dexente jaso zuela erakusten du halaber: ez dela dena zentimoz zentimo pilatu, agian pentsarazi nahi zaigun bezala.
  • Diruan nagusi zirela erakutsi zigun bezalaxe, McCain baino gehiago izan zirela Interneteko hainbat bazterretan: lagun gehiago MySpacen, ikustaldi eta bideo gehiago Youtuben... "Nik zuk baino handiagoa dut" esateko modua zirudien. Hala ere, lagun-metrika arbitrario hauez ez fidatzeko esan zigun, eta sakoneko datuetara jotzeko. Alde horretatik, metrika eta analitiketan sekulako lana egin zutela argi dago.
  • Sarean antolatu, baina kalean eragin. Interesgarria. Ez ziber-ekintza sarean utzi, baizik eta handik beste norabait jo.
  • Lantalde handi bat ere izan zuten: 40 lagun arte edo profesionalak (gehi boluntarioak). Horrez gain, ez zigun aipatu, baina teknologia enpresak kontratupea zituztela argi dago. MyBarackObama sare sozial propioa edo IPhonerako aplikazioa ez zuten Rahaf eta bere lankideek egin, kanpoan ganorazko zerbitzu enpresaren baten garapen konplexuak zirela esango nuke.
  • Alor batzuetan, guk spam deituko genukeen joeretan buru belarri ibili zirela: telefono deiak, e-posta mezuak milioika...
  • jendeari inplikazioa eskatzeaz gain, beste zerbait ere eskaini behar zaiola. Donazioa bai, baina eman jendeari aukera esateko zein kontu zehatzetan nahi lukeen ikusi inbertitua bere puska.

Azkenean galdera interesgarri bat egon zen, ea ikusten zuen hori erreplika zitekeen beste toki batzuetan, Espainian adibidez. Zuhur erantzun zuen hizlariak, eta agian egia handi bat esan zuen: ekaitz perfektua izan zutela Obamaren kanpainan, alegia, faktore askok bat egin zutela sareko operazio honek primeran funtziona zezan. Horietako bat izango zen agian, jende azkarra zirela eta ondo lan egin zutela, baina faktore politikoak ere argiak dira, hautagai zehatz bat, aldaketa gogoa, belaunaldi bat sare sozialetara eta politikara une berean sartu izana...

Ekaitzaren osagarri horien nahasketatik dator arrakasta, eta hortaz, berriz beste toki batean berregiteko, ez da nahikoa izango teknologietan aditua izatea, nire ustez.


Argazkia: Maite Goñi

Internetzaleen topagune

Beste batzuetan bezala, ekitaldia Internetzale euskaldunen topagune izan zen. Twitter bidez zenbait lagun gauzak kontatzen egon ginen, eta Teketenek zuzeneko bideo emisioa ere egin zuen telefono mugikorrarekin indarra joan zitzaion arte. Kalitatez ez zen izan oso ona, kanpotik ikusi zuten batzuek esan didatenez, baina meritua izan zuen honek, zeren Argia aldizkariak ekitaldia grabatzeko baimena eskatu zuen euskaraz azpititulatuta sarean jartzeko asmoz, eta ez zioten baimen hori eman.

Hizlari hobeak ikusi ditut, baina kontua komentatzen ondoren Internet-zale euskaldun batzuekin, lagun batek azpimarratu zidan 25 urte dituela neska horrek, eta adin horrekin, esperientzia hori eta gauzak azaltzeko gaitasun hori ez dugula ikusten unibertsitatetik irten direnengan.

Kursaaleko aretoa beteta egon zen Donostian, 600 lagun inguru. Euskara gehien Rahaf Harfoush berari entzun zitzaion, euskaraz zein gaztelaniazko aldibereko itzulpena egon baitzen. Beste hiru lagun izan ziren hizlari, bertakoak, eta bik protokolozko agur ñimiñoa besterik ez zuten esan euskaraz, eta hirugarrenak, online komunikazioetarako Jaurlaritzako zuzendari berriak ezta hori ere, baina agian hau beste mezu baterako gaia izan daiteke.

Erantzunak

Eneko
2009-06-03 : 11:31

Ezin joan eta Interneteko jarraipena tarteka egin nuen, ondo egon ziren bai twitter bidezko jarraipena eta bai Gorkaren zuzeneko emisioa. Emisioa ez zen kalitate izugarrizkoa, baina behintzat ideia bat hartzeko balio zuen. Zorionak.



Bat nator ekaitz perfektoaren teoria edo azalpenarekin. Eta hain perfektua ez dakit baina Internet eta teknologia albo batera utzita, gertuagoko beste hauteskunde kanpaina batzuetan gertatu dela iruditzen zait.



Ah, gaur egun komunikatzeko gaitasun hori duten 25 urteko neska mutilak ikusten ditut nik unibertsitatetik irtenda eta irten gabe ere.







Eneko
2009-07-17 : 14:55

Gaur ikusi dut ekitaldiaren bideo zatia igo dutela Gipuzkoa.tv-era. Hirugarren minututik aurrera edo, Rahaf Harfoush hizketan, euskarara itzulita, ikusteko hemen:

Erantzun

Sartu