Oraindik ez dakite zer gertatu zitzaion atzo Air France-ren Rio-Paris hegaldiko Airbusari. Atlantikoan galdu zen, eta 228 lagun desagertu dira. Irakurriko zenuten hortik agian hipotesietako bat dela oinaztu batek joko ote zuen hegazkina. Agian joko zuen, baina horregatik ez zaio ezer gertatu behar hegazkin bati. Oinaztuak jotakoan, hegazkin komertzial batek aurrera segitzen du lasai, eta barruan ez da ezer igartzen. Bideo honek erakusten du Boeing baten kasuan, eta ni neu ere, igarota nago hori hegazkin batean. Oinaztuak jo zigun, eta ez zen ezer gertatu.
Laneko bidaia batean izan zen, lankide batekin, Amsterdam-etik Londresera. Irten eta gutxira, laino artean, oinaztuak eman zigun. Danbatekoa ikaragarria izan zen, zaratatsu eta argitsua. Isilik geratu ginen denok, baina laster hitz egin zuen kapitainak: "Oinaztu batek jo du hegazkina, baina ez da ezer gertatzen, aparailu horiek prestatuta daudelako gertaera honetarako". Normala da hala izatea, ekaitz eta laino artean sarri ibili behar direlako hegazkinak, eta metalezko gailu handi batzuk izanda, ez da beste munduko kasualitatea behar oinaztu batek jo diezaion.
Ez bakarrik hegazkinak agoantatzen du halako kolpe bat: barruan ez da elektrizitatearen zantzurik gertatzen. Hori Faraday-ren kaiolaren efektuak azaltzen du. Metalezko kutxa edo kaiola batean, elektrizitateak kanpotik joz gero, barrura ez da transmititzen.
Donostiako Kutxaespazioan badago Faradayren kutxa handi bat, eta esperimentuak egiten dituzte nola dabilen esplikatzeko. Beste bideo honek ere emango dizue froga:
Tximistak ez die hegazkin barrukoei eragingo, baina baliteke hegazkinaren tresnaren bat izorratzea, nahiz eta horretarako prestatuta egon. Adibidez, tximista batek B-747 bat behera bota zuen 1976an Madril inguruan Microsiervosen aipatu duten moduan
Bestalde, interesgarria Martin Varsavskyren ikuspegia irakurtzea. Honek dio instrumentazio aldetik gaur egungo hegazkin batek 1960koaren antz handia duela: La aviación de hoy es la de 1960 . Gutxi erabiltzen omen dira GPS eta satelite bidezko komunikazioak hegazkinetan. Arrazoi nagusia, pilotoak gehiago fido direla betiko tresnetaz, elektronika konplexu eta berrienetaz baino, ohitu eta hauek izorratzen bazaizkie ez dutelako onik ateratzen jakingo.
Twitter bidez beste artikulu hau iradoki digute, gaurko aparailuen segurtasun tresneria azaltzen duena.
Horrelako zerbait Sydneytik Los Angelesera zihoan hegazkin baten ere gertatu zen... eta hango pertsonai baten abizena ere Faraday da...
Azken denboraldia iragartzeko modu ezinhobea.