Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nola erabili Chromium Ubuntun, Googleren Chrome nabigatzailearen bertsio libre eta azkarra

Mikel Larreategi
2009-06-03 09:06

Googlek irailean argitaratu zuen Chrome nabigatzaile berria. Windowserako bertsioa argitaratu zuen bakarrik, ordea, eta Chromium izeneko kode askeko nabigatzailean oinarritzen zela esan. Ubuntun instalatzeko aukeraren berri jakin, eta egin dut. Oso azkar dabilkit, eta ez du Firefox-ek beste memoria jaten.

Egia esan, aspalditik ez dut Windows erabiltzen, gauza jakin eta konkretu batzuetarako bakarrik darabilt, bai etxeko ordenagailuan eta baita eramangarrian ere, eta oso gutxitan erabiltzen dut Windows nabigatzeko. Hala ere, orain dela hilabete pare bat eramangarrian birtualizatuta daukadan Windows-ean Firefox nabigatzaileari hastea asko kostatzen zitzaiola-eta, Chrome deskargatzea erabaki nuen. Bere azkartasunak txunditu ninduen. Oso azkar irekitzen ditu webguneak, fitxa berriak, aukerak, ...

Orain dela pare bat aste, Chromium proiektuaren webgunera sartu eta Linuxerako bertsiorik zuten begiratzen hasi nintzen eta baita aurkitu ere. Eguneroko konpilazioen emaitzak deskargatzeko aukera dago eta beraz, egun hartakoa jeitsi eta proba pare bat egin nituen.

Gehiago inbestigatu eta eguneroko konpilazio horietatik, Ubunturako deb paketeak sortzen dituen proiektua ere aurkitu nuen Launchpad zerbitzuan. Gaur bertan instalatu ditut pakete horiek eta mezu hau nabigatzaile hori erabiliz idazten ari naiz. Oraindik gauza asko ditu egin gabe. Hobespenen leihoan ez dago ezer aukeratzerik, java eta flash pluginak ez dabiltza, ez dago gehigarriak instalatzerik, ... baina webguneak oso azkar irekitzen dira, fitxa berriak berehala irekitzen dira, eta onena: ez du Firefox-ek beste memoria jaten.

Beraz, zuen Ubuntuan Chromium nabigatzailea instalatu nahi baduzue, jarraitu pausu hauek:

  1. Ireki software jatorrien kudeatzailea: Sistema -> Administrazioa -> Software-Jatorriak
  2. Joan "Third Party Software-a" fitxara, egin klik "Gehitu" botoian eta idatzi lerro hau: deb http://ppa.launchpad.net/chromium-daily/ppa/ubuntu jaunty main
  3. Egin klik berriz "Gehitu" botoian eta idatzi lerro hau: deb-src http://ppa.launchpad.net/chromium-daily/ppa/ubuntu jaunty main
  4. Zuen Ubuntua ez bada Jaunty, jaunty beharrean bertsio izena jarri beharko duzue (hardy, intrepid, jaunty eta karmic bertsioetarako paketeak daude).
  5. Ireki nabigatzaile bat, gorde chromium paketeen gako hau fitxategi baten eta joan berriz "Software Jatorriak" aplikaziora. Bertako "Autentikazioa" fitxan "Gehitu" botoian klik egin eta aurretik gordetako fitxategia inportatu.
  6. Egindako aldaketak gorde eta paketeen informazioa eguneratzeko eskatuko dizu. Eguneraketa hori egin.
  7. Ireki Synaptic pakete kudeatzeailea: Sistema -> Administrazioa -> Synaptic, aurkitu "chromium-browser" paketea eta instalatu.
  8. Abiatu Chromium: Aplikazioak -> Internet -> Chromium Web Browser

Ikusi hemen pantaila irudia. Probatu eta kontatu zure esperientzia!

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu, cc-by 3.0 Erral, periferiatik

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu