Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bere familian euskara debekatu izanaz harro dago Jaime Mayor Oreja

Sustatu
2009-05-14 18:05

Europako Parlamenturako hauteskunde kanpainan, PP alderdiko buruak, Jaime Mayor Oreja donostiarrak, Europan gaztelania defenditu behar dela esan du gaur Bartzelonan ekitaldi publiko batean. Eta gaztelaniaren aldeko argudio bitxia ekarri du ahora, bere familiaren kasua. Horra gure itzulpentxoa:

Birraitona ahalegindu egin zen bere seme-alabak ez zitezen kortan itxita geratu. Etxean euskaraz hitz egitea debekatu zuen, gaztelania ondo ikas zezaten.

Eguneraketa, 19.45. Adierazpenaren bideoa dago behean, baina, are interesgarriagoa, irakurle batengatik jakin dugu gaurkoa ez dela ateraldi isolatua izan. Ibarrangeluko birraitona aipatu zuen duela gutxi ere.

Tiraka blogean agertutako erreferentzia honengatik, nonbait Xabi Larrañagak aipatu zuen Noticias de Alava egunkarian (uste dugu hori dela), Mayor Orejaren beste adierazpen hau:

Mi bisabuelo, de Ibarrangelua, tuvo la enorme visión de prohibir hablar el vasco en casa y que sus hijos estudiasen fuera y no trabajaran allí. De no ser así, si yo siguiera en aquel pueblo, quizás sería abertzale y, probablemente, me detestaría a mí mismo.

Ez dakigu zein tokitan eta kontestutan bota zuen hori Mayor Orejak. Tiraka blogeko sarrera martxoaren 28koa da. Eskerrik asko Xiber, pista honen gainean jartzeagatik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu