Sustatu logoa Teknologia albisteak

Lehendakari izaten hasteko eta amaitzeko moduak

Sustatu
2009-05-06 17:05

Juan Jose Ibarretxek zina egin zuen azken aldian, testu hau erabili zuen, 2005eko ekainean.

Jainkoaren aurrean apalik, Eusko lurraren gainean zutunik, asaben gomutaz, Gernikako Arbolaren azpian, herri ordezkarion aitzinean, nire kargua ondo betetzea zin dagit.

Zalantza daukagu ea formula berbera izan zen Jose Antonio Agirrek 1936an erabilitakoa. Herri ordezkarion aitzinean hitzak ez dira agertzen Wikipediak gordetzen duen erreferentzia honetan.

Aldagai batekin edo bestearekin, formula horixe erabili zuten Karlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakariek ere. Erbestean, Jose Antonio Agirre hil zenean, Jesus Maria Leizaolak erbesteko Jaurlaritzaren lehendakari karguaren zina egin zuen 1960ko martxoan,; baina ez Gernikako Juntetxean, baizik eta Donibane Lohizunen. Gernikako Arbolaren kimuren bat izango zen han, uste dugu.

Ez dirudi orain Patxi Lopezek formula hori erabiliko duenik. Zerbait laikoagoa aukeratuko omen du. Berriari iragarri zion Patxi Lopezek berak: "Badakit tradizio bat dela, baina alda badaiteke beste motatako apaltasuna bilatuko dut, herriaren aurrean edo, eta ez inongo jainkoaren aurrean".

Lehendakari, hemendik aurrera ere bai

Juan Jose Ibarretxek lehendakaritza utzi ondoren (eta baita Legebiltzarra eta politika, nonbait, atzo iragarri zuenez), Lehendakari izaten jarraituko du, ohorezko trataera hori izateko eskubidea du. 1998an, Jaurlaritzak Dekretua atera zuen Euskadiko Lehendakaria bereizgarria sortuz. Hau da domina bat Lehendakari izandakoei ematen zaiena, eta ondorioz, Lehendakari tratamendu hori jasotzen dute.

Lehendakari trataera hori egokitu zaie, beraz, Garaikoetxea eta Ardanzari, eta hemendik aurrera, baita Ibarretxeri ere. Jesus Maria Leizaolak ez zuen trataera hori izan, Lehendakari Ohia baizik. Horrela esaten zaio 1989an bere heriotza dela eta dolu egunak aldarrikatzeko dekretuan.

Amerikako Estatu Batuetan da ohikoa, bereziki, ohitura hori. Bush aita-semeei eta Clinton jaunari, President Bush eta President Clinton esaten zaie, ez bakarrik protokoloan, hedabideetan ere hala izendatzen ohi dituzte.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu