Patxi Lopezek euskaraz hasi du gaurko inbestidura hitzaldia, baina nagusiki gaztelaniaz jarraitu du. Hala ere, PSE-EEk euskarazko bertsio osoa banatu du, eta beherago itsatsi dizuegu. Zenbait euskal idazle ere aipatu ditu Patxi Lopezek: Lauaxeta, Ramon Saizarbitoria, Mario Onaindia eta Joseba Sarrionandia (Tiro hotsak poema, zehazki). Esakun zahar bat ere erabili du: Txikiak handia bentzi leidi, asmoz eta jakitez. Markinako jauretxe batean dagoen lema da, eta Josu Jon Imazek erabili izan du inoiz.
Presidente anderea, legebiltzarkideok, egun on guztioi:
Hona nator, Lehendakari izateko zuen konfiantza eske. Gaur egun handia da guztiontzat. Hiritarren asmo politikoak, demokrazia barruan, gauzatzen direnean beti da egun handia.
Baina gaur berezia da. Askoren ustez ezina zena, gaur egina izango da. Ez da gobernuaren berritze bat bakarrik, euskaldunen heldutasuna erakusten duen aldaketa ere bada. Demokrazia sendoaren heldutasuna da hori.
Gaurko aldaketak gure autogobernua gogortu egingo du. Euskaldunek badakite gobernu bat edo beste bat edukiagatik, gure erakundeak gureak direla betirako. Ez dela inor jabe bakarra eta horregatik direla gureak, guztionak betirako.
Gaur zuen konfiantza eskatzen dut, elkarren arteko liskarrak alde batera uzteko, euskaldunen arteko zatiketa baztertzeko, gizartea batzeko.
Euskal hiritarren egiazko arazoak konpontzeko lan egin nahi dut. Batez ere, gaur kaltetuenak direnei laguntzeko.
Euskadi moderno eta indartsua egiteko eskatzen dizuet konfiantza.
Indar desberdinak, iritzi politiko desberdinak, identitateak onartuz, ahaleginak gehituz eraiki nahi dut Euskadi.
Tolerantzia eta balore demokratikoak zaintzen dituen gizartearen partaide izan nahi dut.
Euskadin, aurrera egin dugun bakoitzean, beti egon da desberdinen arteko akordioa, alderdi politikoen indarren elkartasuna: hori da gure tradiziorik onena. Eta hori gaur ere, nik eskaintzen dudana.
Nire Gobernuak elkarlana bultzatuko du, arazoei aurre egiteko: alderdien artekoa, hiritarren artekoa, baina baita erakundeen artekoa ere.
Baliteke demokrata guztiok arazo handien inguruan elkartzea. Eta hori da gizarteak eskatzen diguna.
Poza ematen dit gaur Legebiltzar honetan ez ikustea terrorismoa babesten duen inor. Eta argi esan behar dut: egon behar genuen guztiak gaude hemen. Ez daudenak euren erabakiz daude kanpoan: ez dituztelako demokrazia arauak onartzen. Heriotza eta mehatxu terrorista lagunpide duena ezin da hemen egon.
Gernikako Estatutuaren 33. artikuluak dioenari jarraiki, zuen aurrean agertzen naiz Legebiltzar honetan, zuen konfiantza berresteko, Lehendakari izendatua izateko ez ezik, Gobernua osatu eta honen buru izateaz gain, Euskadin garai politiko berri bati ekiteko; gure demokrazia eta autogobernua indartuko duen garaia, hain zuzen. Herri honen modernizazio proiektuan aurrera egiteko garaia, garapenaren bidean urrats sendoak ematekoa, terrorismoaren aurka fronte guztietan aritzekoa eta bakea eta askatasuna sendotzeko indar politiko guztiak batzekoa.
Zuen konfiantza eskatzen dut euskal gizartea batzeko, norgehiagoka politikoa eta instituzionala bertan behera utzi eta desadostasunaren eta aurkaritzaren garaia atzean uzteko. Politikaren lehentasunek jendearen benetako kezka eta arazoekin bat egin dezaten. Herri hau elkartzeko izango den proiektua aurrera eramateko.
Zuen konfiantza eskatzen dut herri hau gidatzeko eta Euskadi herrialde hobea, modernoagoa eta sendoagoa bilakatzeko. Espainiaren eta Europako Batasunaren buru, ongizateari eta giza garapenari dagokionean. Proiektu kolektibo hau zuzentzeko, egonkortasuna, segurtasuna eta geure ahalmenetan konfiantza handiagoa emango digun etorkizunerantz.
Konfiantza hori oinarri, gizarte honen gehiengoarekin adostutako proiektu eta proposamenak bultzatzeko asmoa dut. Geureak eta Besteak diskurtso zatitzaile zaharkituak gaindituz, guztiok barne hartzen gaituen Gu-tasuna aldarrikatzen duen Gobernua sustatuz.
Gidatu nahi dudan Euskadi, indar politiko eta sozialak batzen dituena da, identitate sentimendu desberdinak, hizkuntza eta kultura mundu, ohitura eta sentsibilitate anitzak batzen dituena, guztion artean eraiki behar dugun herri modernoa, tolerantea, kultura jasoduna, modernitateari irekia; kalitate demokratikoak, kohesioak, (aniztasunarekin eta dibertsitatearekin batera) nabarmentzen duen herria; ongizate mailak eta etorkizunak jotako erronkei aurre egiteko gaitasunak bereizten duen herria.
Ardura handia izanagatik, halaber oso harro nago hau guztia herrialde honetako alderdi zaharrenaren bideari jarraiki egingo dudalako: Euskadiko Alderdi Sozialistaren eskutik, hain zuzen. Nire esker ona agertu nahi diet langileria baztertu eta esplotatuaren aurrean zutik jarri eta txiroen duintasun isila agertu zuten lehenbiziko gizon eta emakume haiei.
Beraiek ekin zioten behartsuenak errebindikazio politiko eta sozialaren xede izan dituen tradizio politikoari. Tradizio politiko horixe da gaur tribuna honetara igo dena herri hau batuko duen Gobernuaren buru izateko zilegizko helburuarekin.
Euskal Sozialisten proposamen politikoak herri honetako beste tradizio batzuekin elkarbizitzen jakin izan du, eta horrez gain, tradizio desberdin horiekin akordioak eta itunak egiteko borondatea eta gaitasuna erakutsi du.
Proposamen politikoak Euskadin inoiz ez dira izan besteekiko harremanik gabeko itxiturak. Bata zein bestea izan alderdia, beti izan dira besteen proposamenak estimatzeko sentsibilitatea eta adorea izan duten pertsonak. Frankismoak erail zuen Lauaxetak idatzi zuen bizkaitar meatzarien aldeko olerkirik biribilenetako bat Ene Bizkaiko meatze gorri/zauri zaree mendi ezian.
Horixe da, agian, gure tradiziorik onena, nik gaur hemen aldarrikatu nahi dudana: elkarrekin bizitzeko asmo sendoa, gure arteko aldeak gaindituz, joera politiko desberdinen arteko akordioetara heltzekoa, honela, euskal gizartea ahalik eta modurik osoenean ordezkatu ahal izateko eta denentzat izango den herria eraikitzeko.
Honela sortu zen, hain zuzen ere, Euskadi erakunde politiko gisa: herri honetako sentsibilitate anitzen adostasunari esker. Euskadi, hainbat modutan pentsatzen eta sentitzen duten euskal herritarren borondatezko bat egitearen adierazpen politikoa da. Eta horregatik denok dugu elkarrekin aurrera egiteko modua bilatzeko ardura, balore demokratikoak errespetatuz.
Nik herritar aske eta burujabeen demokrazia proposatzen dut. Zer izan edo egin nahi duten erabaki dezaketenena. Euskal herritarrei aske izatea ahalbideratzen dien Euskadi proposatzen dut, zeinetan inork, ez gobernuak ez erakundeek, ez dien inposatzen munduaren ikusmoldea.
Eta horregatik diot hasiera hasieratik ez dudala zati batentzat bakarrik gobernatuko, herrialde osoarentzat baizik, eta berau egiteko Gobernu sendo, egonkor eta irmo baten buru izango naiz. Elkarrizketaren Gobernua, ordezkatzen dudan taldearekin akordioetara heltzeko borondatea izan dutenekiko elkarrizketa abiaburu izan duena.
Elkarrizketarako borondatea da Euskal Herriko PPri berariaz eskertu nahi diodana, beronek ahalbideratu baitu PSE-EEk eta PPk sinatu duten Euskal gizartearen zerbitzurako aldaketa demokratikoaren oinarriak txostena.
Gobernu berriari egonkortasuna emango dion akordio hau, balio demokratikoetan, askatasunean eta Euskadiko gizon eta emakumeen hiritar eskubideetan oinarrituta dago eta bere egiten du euskal gizartearen berdintasunaren eta aniztasunaren printzipioa; elkarrizketa eta akordioa jotzen ditu herria eraikitzeko ekinbide nagusitzat; eta benetako Euskadik dituen behar eta lehentasunak nabarmentzen ditu.
Hauexek dira lehentasunak: terrorismoa deuseztatu eta askatasuna sendotu; krisi ekonomikoari aurre egiteko egitasmo sendoari ekin, elkarrizketa politiko eta sozialaren bidetik; autogobernua indartu eta hobetu euskal gizartearen aurrerabiderako tresna izaten jarrai dezan, eta zerbitzu publikoak gardentasunez eta eraginkortasunez kudeatu ahal izateko.
Akordio honek Gobernu berri baten beharrez dihardu indar politiko demokratikoak banatu, ziurtasuna urratu, egonezina areagotu eta zalantza sortzen duten borrokak, liskarrak eta banaketak sustatzen dituzten politikak baztertzen dituena -hitzez hitz aipatzen jarraitzen dut-: Euskadik dituen arazo nagusien irtenbideak guztiz kontrakoa eskatzen duelako, hau da, segurtasuna, egonkortasuna, ardura eta behar bezalako erantzukizuna
Halaber, Gobernuaren zeregina izango da desberdinen arteko elkarrizketa eta akordioaren bidez gizartea batzea eta elkartzea, aukera berdintasuna bermatuko duten politikak eginez eta hiritartasun eskubide unibertsalak kontutan hartuz
Ziur nago, hau guztia, Legebiltzarrean dauden Talde guztiek sina dezaketela eta horrexegatik espero dut akordio hau orain hasiko dugun Legealdian zehar sustatuko dudan beste akordio askoren aurrekari izatea.
Zeren lehendakari izango nauen Gobernuak baietzaren politika bultzatuko baitu. Elkarrizketaren eta indar politiko demokratikoen elkar aditzearen aldeko baietza. Erakundeen arteko elkar lanaren aldeko baietza. Autogobernuaren eta beronek gure arazo kolektiboak konpontzeko dituen ekinbideen aldeko baietza. Aniztasunaren eta dibertsitatearen aldeko baietza. Hiritarren eskubideen aldekoa. Askatasunaren alde demokraten bat egitearen aldeko baietza. Bakearen eta terrorismoaren amaieraren aldeko baietza. Baietza, finean, Euskadiri, Espainia pluralean eta gero eta Europa batuago eta kohesionatuagoan. Eta baietz borobila demokraziari eta legezkotasun demokratikoari.
Lehendakari bezala izango dudan lehenbiziko eginbeharra izango da etengabe lan egitea mehatxu terrorista dela medio oraindik orain aske ez diren euskal herritarren erabateko askatasunaren alde. Nire lehenengo eginahala ETAren terrorismoa deuseztatzea izango da, Estatuaren eta indar demokratiko guztien aldetiko laguntza bilatuz.
Halaber, Konstituzioa eta Autonomia-estatutua oinarri duen sistema demokratikoan sinesten dudala berretsi nahi dut. Sistema demokratikoak egiten du zilegi euskal hiritarrok hautestontzietan onetsitako autogobernua eta Legebiltzar hau izatea ere ahalbideratzen du.
Gure erakundeei prestigioa eman eta balioetsi nahi ditut eta Legebiltzar honi gure bizitza politikoaren garapenaren erdigune izatea dagokiola azpimarratu.
Bertan gauden guztiok gara bertan egon behar dugunak, aldez aurretik onartzen baititugu bizitza politikoan parte hartzeko eta honela hiritarrak ordezkatzeko ezinbestekoak diren elkarbizitza arauak.
Legebiltzar hau euskal gizartearen eta beronen barne pluralismoaren isla da. Guztiok gaude barruan eta ez du inor baztertzen, gizartean diren adierazpen politiko guztiak errespetatu eta eztabaida publikoan jasotzen baititu: eskuina eta ezkerra, autonomismoa, nazionalismoa eta independentismoa.
Adierazpen guztiak defenda daitezke, askatasun osoz, askatasunen sistemak dituen arauak errespetatuz. Arauotatik kanpo dago, ezinbestez, indarkeria terroristaren aldeko edozein motatako laguntza edo justifikazio.
Horregatik, auto-bazterketaren bidea aukeratu dutenak, legezkotasunetik at eta beronen aurka aritzea erabaki dutenak, dira Ganbera honetan aulkirik eduki ezin dutenak. Eta horrela ulertzen du gizartearen gehiengoak. Gizartea gogaituta dago erakunde politikoa direla esan baina talde terroristaren agindupean eta beronekiko loturak apurtzeko kemenik erakutsi ez dutenekin.
Legebiltzarraren konfiantza eskatzera natorkizue, Estatutu-ituna zintzo beteko duen Gobernuaren buru izateko. Ondorioz, alde bakarrekoa inoiz izango ez den Gobernua gidatzeko. Aitzitik, zuzenduko dudan Gobernuak beti izango du bostekoa luzatuta eta adostasuna bilatuko du euskal gizartearen eta autogobernuaren etorkizunaren garapenean laguntzeko prest dauden guztiekin.
Nik herri honetako hiritar guztientzako proiektua eskaintzen dut, jakin baitakit politika elkarbizitzarako tresna ordezkaezina dela. Guztiok gara ordezkaezinak euskal politikan. Elkarbizitzak gutako bakoitzaren borondatearen beharra du.
Nire Gobernuak guztion artean eginiko guztiontzako Euskadiren alde lan egingo du. Eskubide eta betebehar berberak dituzten hiritar askeek osatutako herri baten alde. Pertsonak jatorriaren, abizenen, hizkuntzaren, alderdiaren edo elizaren arabera sailkatzen ez dituen herri baten alde.
Garapen ekonomikoari, enpleguari eta ongizateari dagokionean, Euskadi onenen artean izatea nahi dut, komunitate autonomoen eta munduko herrialdeen buruan.
Hitz ematen dut euskal herritar guztien interesak defendatuko ditudala, batez ere behar gehien dituztenenak.
Elkartasunean sinesten dut, inor alboratzen ez duen gizartean.
Berdintasunean sinesten dut, berau baita gizartea eta herria gehien batzen eta kohesionatzen duena.
Ahulenak babestu behar direla uste dut eta horretarako Estatua eta kalitatezko zerbitzu publikoak behar direlakoan nago.
Gaur egun batzuek bakarrik gozatzen duten ongizatea euskal hiritar guztiek gozatzea nahi dut. Bizi-aukera gehiago izan dezaten nahi dut, eskubide berriak eta zerbitzu publiko hobeak, honela giza-garapenerako eta lan-garapenerako aukera hobea izan dezaten.
Gardentasuna, doitasuna, herritarren partaidetza, informazioaren eta eztabaida publikoaren aniztasuna eta kalitatea defendatuko ditut. Nire Gobernuko ekinbideak egia izango du ardatz. Nire ustetan, gizarte-proiektu batean egiazkoena da egokiena. Hainbestetan tribuna honetan hizpide izan dudan egiazko Euskadi hori, hain zuzen ere.
Baina jakitun naiz gure ekonomia egoera zailean dela Legebiltzarraren konfiantza eskatzera natorren une honetan.
Herri honetako gizon eta emakume askok zuzen zuzenean jasan behar dute egoera hau, lanik gabe geratu direlako edo maileguak lortzeko zailtasunak dituztelako edo kostata heltzen direlako hilabetearen bukaerara. Jakin bezate nire Gobernuaren lehentasuna izango dela zailtasun horiek arintzea eta lehenbailehen hartuko ditudala horretarako beharrezko diren neurriak.
Nahiz eta orain arte gobernuan izan direnen aurreikuspenak bestelakoak izan, gaur egun jakina da, tamalez euskal ekonomiaren joera Espainiako eta mundu guztiko ekonomiaren antzekoa dela. Orain egiazta genezake aurtengo lehen hilabeteetan gure ekonomiaren hazkunde-tasak negatiboak izan direla, eta honek berehalako ondorioak izan dituela enpleguan eta zerga-bilketan.
Krisiaren eragin latza nabaria da gure ekonomiaren sektore guztietan: lehenbizi eraikuntzan, ondoren industrian eta azkenik zerbitzuetan eta nekazaritzan.
Gure ekonomiaren indarguneek, batez ere gure industria-sektore indartsuak, eta Kontzertu Ekonomikoa bezalako tresna boteretsua izateak, krisiaren ondorioak leundu dituzte, baina ez dira munduko ekonomiaren gorabeheretatik isolatzeko besteko euste-horma.
Honek guztiak Legegintzaldi berri honen lehenbiziko aldirako egoera zaila erakusten digu, batez ere, lehen esan bezala, enpleguari eta zerga-biltzeari dagokionean.
Ez dago alderatzerik aurrean dugun mundu mailako krisia beste garai batzuetakoarekin, ez hedapenari begira, ez arrazoitzen duten ezaugarriei begira, ez duen konplexutasunari begira, are kontuan badugu guztiz globalizatutako egitura sozioekonomikoaren barnean gertatu dela. Halaber, inoiz ez bezalakoak dira botere publikoek krisiaren aurka abian jarri dituzten ohiz kanpoko neurriak.
Zaila da oso krisia noiz gaindituko den esatea. Ez dakigu noiz orekatuko den munduko finantza-sistema, ezta zeintzuk izango diren beronen baldintza berriak ere eta, beraz, zeintzuk izango diren produkzio-sisteman izango dituen eraginak. Ez dakigu zeintzuk diren higiezinen sektorearen etorkizuneko aukerak, ezta zein joera izango duen kontsumo pribatuak, hauxe izanik produkzio-sistema, inbertsioa barne, berrindartzeko gakoetako bat.
Egoera zail honetan zerikusia du, gainera, gure ekonomia Espainiako, Europako eta Munduko sistema ekonomikoaren parte izateak. Egunotan Nazioarteko Diru Funtsak deskribatu duen finantza-egoerak ez du baikortasunerako biderik ematen, honen arabera 2.010. urteko zati handi batera luzatuko baita atzeraldia. G7k, bestalde, apur bat aurreratu du berrindartzea, dena den ez du uste hurrengo urteak bide egin arte gertatuko denik. Azkenik, ekonomia arloko orakuluei begiratzen badiegu, guztien ustez krisitik irteteko ezinbestekoa izango da Iparramerikako ekonomiak onera egitea.
Haatik, egoera ekonomiko zail eta globalizatu honetan murgilduta izateak ez du esan nahi ezin dela ezer egin.
Lehenengo eta behin, egoeraren diagnostiko argia eta errealista egin behar da, zeren, bizitzaren beste zenbait arlotan bezala, diagnostiko egokiak estrategia eta politika egokiak baitakartza.
Lehenbiziko diagnostiko honetatik ondoriozta genitzake hurrengo lau urteotan ekonomiaren arloan egin beharrekoen gakoak.
Lehenik, enpresen eta familien finantziazioan eragina duen finantza-krisia dela esan behar da. Beraz, finantziazio hau errazteko jarduerak jarri behar dira abian.
Bigarrenik, bada eraikuntza-sektorean eragin latza izan duen higiezinen krisia. Beraz, gauza izan behar dugu ekimen publikoa erabiliz, beherakada honi aurre egiteko, azpiegituretan, etxebizitzak barne, inbertituz.
Hirugarrenik, kontsumoaren geraldia dugu, ondorioz beharrezkoa da neurriak, zuzenak zein errenta-politiken bidezkoak, sustatzea, honela barne-eskaeraren beherakada ekiditeko.
Laugarrenik, eta beste hiruren ondorioz, enpleguaren suntsidura gertatzen ari da. Une honetan INEMeko bulegoetan jasota dagoen langabetu-kopurua 115.000 pertsonatik gorakoa da. Hauxe izango da gure jardueraren ardatzetako bat, politika aktiboak zein aringarriak erabiliz.
Eta bosgarrenik, dagoeneko badira politika sozialak erabiliz premiaz erantzun beharreko egoera pertsonalak eta familiakoak, enplegua eta baliabide ekonomikoak galtzeak eragindakoak.
Eta hau guztia Eusko Jaurlaritzak hiritarrei eskaintzen dien zerbitzu publikoak alde batera utzi gabe.
Funtsezkoak dira ekinbide nagusi hauek krisiaren ondorioak arintzeko ez ezik, gure erkidegoa egoera onean izan dadin ziklo ekonomikoa aldatzen denean, eta honela beste batzuk baino azkarrago eta hobeto irten ahal izateko atzeraldi-garaitik.
Horretarako, guztiok, Gobernuak, oposizioak, udal erakundeek eta aldundikoek, sindikatuek, enpresa-erakundeek eta eragile ekonomikoek elkar hartu eta elkarri lagundu beharko diogu. Gure ekonomiaren sendotasuna euskarri dugula, hazkunderako lagungarri izango den politika ekonomikoa garatu beharko dugu, eta horretarako lehiakortasuna eta produktibitatearen areagotzea izango dira beharrezko.
Nire Gobernuaren politika ekonomikoak gure ekonomiaren hazkunde-gaitasuna berrindartzea izango du helburu, hiru oinarrizko printzipioren ildotik: lehenengoa, eskaria berrindartzen lagunduko duen zerga eta aurrekontu politika; bigarrena, gure produkzio-egituraren lehiakortasuna sendotuko duen sustapen ekonomikorako politika, eta, hirugarrena, etengabeko elkarrizketa gizarte eta ekonomia mailako eragileekin, gure erkidegoaren bilakaera sozioekonomikoan ardura dugun guztiok bilduko gaituena.
Begi-bistakoa da baliabide publikoen kudeaketa egokiak baldintzatzen duela garapen ekonomikoa sustatzeko eta enplegua mantentzeko eta sortzeko neurri egokiak garatzeko gaitasuna.
Batik bat, urteko lehen hilabeteotan zerga-bilketaren beherakada pasa den urrian Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak kalkulatutakoa eta onartutakoa baino handiagoa denean. Kopuru hauen aurreikuspena, tamalez betetzen ari ez den egoera ekonomikoaren bilakaeran oinarritzen zen; ondorioz, 2009ko ekitaldia, ziurrenera, defizitarekin itxiko dugu, oker ez banago 1.993tik jazotzen ez zen gertakaria berau.
Baina dagoeneko esan ahal dizuet 2009ko aurrekontu-ekitaldi honetatik bertatik gaur egungo egoera ekonomikoaren beharrei erantzuteko asmoa dudala, eta honek zor-jaulkipena eragingo duela.
Zorpetzea ez da erabaki arduragabea, azken hilabeteotan tentuz aztertu dugun erabakia baizik. Eusko Jaurlaritzak gaur egun duen zorra euskal BPGren %0,9koa da, honek tarte zabala uzten digu, ratioak nabarmen gora egin gabe 3.000 miloi eurotik gorakoa. Hauxe da erabiliko dugun tartea gure kontu publikoak desorekatu gabe krisiaren aurkako neurriak garatzeko.
Dena dela, ohiz kanpoko baliabide hauek ohiz kanpoko politika eta neurriei soilik esleitu behar zaizkie, inbertsio mailakoei batik bat, hutsegitea izango bailitzateke kostu estrukturalak zorrarekin kitatzea.
Gainera, oso argi izan behar dugu ez garela irla batean bizi. Euskal ekonomia oso loturik dago beste arlo batzuekin. Eta duen lotura hori ez da ekonomia mailakoa soilik, administrazio-arlokoa ere bada-eta. Horregatik, bultzatu nahi dugun ardatzetako bat Euskadi barruko zein kanpoko instituzio-arlo desberdinen arteko koordinazioa eta lankidetza da, horrela proiektu estrategikoak garatzeko behar diren sinergiak lortu ahal izateko.
Horren adibide batzuk jartzearren: Espalazio bidezko Europako Neutroi Iturria, Euskal Y-a , Gasteizko trenaren lurperatzea, geltoki intermodalak, Bilboko portuaren garapena, Pasaiako badiaren birsorkuntza edota Bilboko metroko 3. linea. Berauek administrazio desberdinen laguntza behar eta duten proiektuak dira. Eta neuk konplizitate bera lortu nahi dut herri honentzat, hauek bezain garrantzitsuak diren proiektuak aurrera eramateko orduan.
Neuk ikus dezakedan Euskadi, lotura sare sendoa duen herri da, eta bertan edozein gune izan daiteke ardatza, baina, era berean, besteengandik hurbil; munduari zabalik dagoen Euskadi eta komuneko interesek lotzen dutena eta dinamismoak eta aurrera egiteko nahiak bultzatzen dutena.
Helburu estrategiko hauek lortzeko AHTa funtsezkoa da, eta horregatik orain hasiko den legealdian behin betiko bultzada emango diogu.
Denbora gehiegi galdu dugu alferrik eta galdu dugun denbora hori berreskuratu nahi dut, horretarako Gipuzkoako zatiaren lanak ahalik eta gehien aurreratu nahi ditut.
Herriak aurrera egin dezan hain funtsezkoak diren lanak egiten dituzten enpresek eta langileek nire gobernuaren bultzada eta solidaritatea izango dute, eta, horrekin batera, gizartearen zati handi batena, guztion askatasuna mehatxatzen duen talde terrorista batek AHTa bere erasoen helburu jarri duela harrituta ikusten duen gizartearen zati handi batena, hain zuzen ere.
Denok aterako gara irabazle abiadura handiko trenarekin, izan ere, proiektu horrek, Espainiara eta Europara hurbilduta, Euskaliko hiru hiriburuen arteko pertsonen eta merkantzien joan-etorriak hobetzeaz gain, gure errepideetatik egunero ibiltzen diren milaka kamioiek ingurumenari eragiten dioten kalteari aurre egiteko bidea ere emango digu.
Gure lehentasunetako bat da eta horrela hartuko dugu. Lan hori Herria egitea da eta inork ez digu galaraziko, gainera, ahalik eta arinen egin dadin, bitarteko guztiak jarriko ditugu eta Euskadiko garapenarekin hain inplikatuta dauden enpresaburuak eta langileak babestuko ditugu.
Baina, gainera, proiektu hauen guztien garapenak, epe ertainera, produktibitatea gehitzearekin eta gure enpresen produktibitate potentziala indartzeko behin betiko erronkarekin bateragarri izan behar du.
Euskal industria gure ekonomiaren bizkarrezurra izan da, da eta izango da, eta, beraz, gure gizartearen ongizatearen funtsezko oinarria.
Ezin dugu onartu, inolaz ere, bideragarria diren eta etorkizuna duten enpresa proiektuak bertan behera uztea finantziazio arazoengatik.
Gure industriari laguntzeko, I+G+B-n egindako ahaleginak areagotuko ditugu, horretarako egun arlo horretan lan egiten duten agenteen eta zentro teknologikoen sare zabala arrazionalizatuko dugu eta, menperatzen ditugun teknologiak eta produktuak hobetzeko, baliabideen zatirik garrantzitsuena erabiliko dugu.
Industria enpresetako produktuak bultzatuko ditugu, teknologiaren eskaileretan gora egin dezaten.
Industria enpresen nazioartekotasuna eta oraingo ingeniaritzak bultzatuko ditugu eta nazioarteko aholkularitza eta ingeniaritza taldeak sustatuko ditugu.
Era berean, euskal enpresen akzioak dutenekin industria taldeak sortzea, aliantzak eta bat-egiteak bultzatuko ditugu. Eta eduki teknologikoko enpresa berriak sortzea ahalbideratuko duten proiektu fidagarriei arreta berezia eskainiko diegu.
Energia sektorearen garapenari eta sendotzeari arreta berezia eskainiko diogu; lehenik, horniketa bermatzeko, baina dibertsifikazioari, kalitateari eta prezioari erreparatuta; bigarrenik, energia aurreztea zein energiaren eraginkortasuna bultzatzeko; bukatzeko, energia berriztagarrien sektorearen garapen estrategikoari laguntzeko, izan ere, sektore horretan, mundu mailan, punta-puntakoak izatera hel gaitezke.
Langileei dagokienez, hezkuntzan aurrekontuetan egingo dugun ahalegina areagotuko dugu eta Gobernuaren azpiegitura berrantolatuko dugu, Enplegua eta Gizarte Politikak, atzera ere, lotzeko eta herriaren esku jartzeko.
Enpleguen galerari eta ia egunero ezagutzen ari garen enplegua erregulatzeko espedienteei aurre egingo dion asmo handiko programa jarriko dugu martxan. Orain ditugun enpleguei eustea izango da nire Gobernuaren helburuetako bat. Lehenengo egunetik lanpostuak sor ditzaketen ekintzak bultzatzeko neurriak hartuko ditugu, gainera, emakumeentzako eta gazteentzako lanpostuak sustatzeko egingo dugu lan; horrez gain, epe baterako lanak gutxitu daitezen politika egokiak jarriko ditugu martxan.
Argi gera dadin lan hau Gobernuari egokitzeaz gain, ekonomia eta gizarte eragile guztiei ere dagokiela, eta elkar ulertzea, elkarrizketa eta lankidetza ziurtatzen duen giroa sortuta baino ez dugu arrakasta lortuko.
Horregatik, daukadan erantzukizuna beteko dut eta berehala enpresaburuak eta sindikatuak Gizarte Elkarrizketarako Mahaira deituko ditut. Mahai honen helburua Ekonomia eta Gizarte arloko erabateko Akordioa lortzea izango da, gainera, akordio horrek lan merkatua hartuko du barne, baina baita enpresen lehiakortasunean eragiten dutenak ere.
Eta hemen derrigorrean aipatu behar datorren 21rako deituta dagoen greba orokorra. Atzera ere, hartutako erabaki hori ondo pentsatzeko eskatu nahi diet, herri honetan gizarte elkarrizketari aukera emateko eskatu nahi diet eta, esan bezala, berehala deituko dudan negoziazio-mahaira dituzten aldarrikapenak eta proposamenak ekar ditzaten eskatu nahi diet.
Greba eskubideari errespetu itzela diot, baina eskubide hori modu arduratsuan erabili behar da, batez ere, Greba Orokorra denean, izan ere, berori elkarrizketa eta negoziazioa agortuta dagoenean baino ez da erabili behar. Eta oraingo honetan, agerian dagoenez, ez da hori gertatu.
Nire Gobernuak aurreko legealdian lortutako itun soziala garatu eta handituko du batez ere, ordezkatzen dudan taldearen lan onari esker-, Euskadik dituen gizarte politikengatik, pertsona dependienteei eskaintzen dien arretarengatik eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako politikengatik erreferente izaten jarrai dezan.
Krisi garai honi aurre egin behar diogu errealismoz, baina zuzendu nahi dudan Gobernuak ez ditu gizarte politikak sakrifikatuko, ezta gizarte aurrerapenak ere.
Inork ez dezala hurrengoa zalantzatan jarri: baten batek nire gobernuaren arreta merezi badu, lanik ez dutenak, pentsiorik baxuenak kobratzen dituztenak, minusbaliotasunen bat duten pertsonak, langabeziako prestazioak agortu dituzten langileak, momentu txarrak igarotzen ari direnak izango dira.
Ez da gizarte-eskubideetan murrizketarik egongo, guztiz kontrakoa, gure herri honetan eskubideak eta gizarte-politikak areagotzen jarraituko dugu.
Gobernuak legealdi honetarako ekonomiaren arlorako duen lan markoa orain arte azaldutakoa da. Baina, krisi ekonomikoari aurre egiteko hasi eta berehala nire gobernuak ondorengo neurriak hartuko ditu:
Espainiako Gobernuarekin hitz egiten hasiko gara, enplegua sustatzeko politika aktiboen transferentziak lortzeko.
Enplegua sustatzeko eta langileen trebakuntzarako laguntza fondoa sortuko dugu.
Elkargik eta Oinarrik elkarren bermerako sozietateekin sinatutako 500 milioiko kreditura ETEk eta autonomoek errazago heltzeko neurriak hartuko ditugu eta finantza hitzarmen hau beste erakunde batzuetara zabalduko da.
Era berean, neurri multzoa hartuko dugu oinarri-oinarrizkoak diren sektore biri laguntzeko: automozioa eta eraikuntza.
Lan publikoen lizitazioa arinduko dugu, eraikuntzen berriztapena eta energia eraginkortasuna sustatuko da eta babes ofizialeko etxebizitza lortzeko berme publikoa handituko da.
Udaletxeetan langabetuak berriz lanean jartzeko eta premiarik handienak dituzten langileei langabezia estaldura hobetzeko plana jarriko da martxan.
Eta hipotekaren epeak handitu egingo zaizkie, inolako kosterik gabe, egora benetan zaila dauden familiei.
Momentuaren larritasunagatik behar-beharrezkoa den politika ekonomikoa eta sozialaren neurri, orientabide eta printzipioetako batzuk baino ez dira hauek, eta, atzera ere aipatu dut, denon akordioa eta adostasuna behar du, eraginkorra izango bada.
Eta espero dut euskal gizarteak eskatzen duen seriotasunarekin egoerari erantzuteko prest egotea, denon bultzada eskatzen duten arazoen aurrean denok bat eginda erantzuteko gai garela erakusteko.
Herria eraikitzeko helburu orokor honek, bakea eraikitzeak, denon bat egitea eskatzen du, gure Fernando Buesak ulertzen zuen bezala. Bake horrek helburu politikoak lortzeko, biolentziari uko egitea eskatzen du. Bake horrek biolentziaren desagerpena eskatzen du. Bake horrek hainbeste basakeriaren biktima diren errugabeentzako justizia eskatzen du. Bake horrek biktimak eta kalteak lortu zituztenentzat adiskidetzeko eta bergizarteratzeko aukerak behar ditu. Bake hori edozein helburu politikoa defendatzeko eskubidean oinarritzen da, baina bide demokratikoak erabilita soilik. Bakea eskuzabaltasunez, baina prezio politiko barik..
Bakea irabazi behar dugu. Euskaldun guztion lana da hori. Bakea askatasunaren eskutik etorriko da. Bata lortzeko, bestea bermatu behar dugu. ETAren terrorismoaren eragina sakona izan da gure gizartean. Bihotz bat baino gehiago gogortu du, hiritarrak elkartzen dituen kateak hautsi ditu. Hori izan da terrorismoaren garaipen ik nagusiena: euskal gizarteak terrorismoaren biktimak isolatuak uztea, gure gizarteko partaidetza ukatuta. Demokraziaren indarra hiritarrak gure erakundeen ingurura biltzea da; terrorismoarena, aldiz, gizartean etsipena zabaltzea.
ETAren arazoa geurea da: euskal gizartearena. Gure esku dago zulo horretatik irtetea.
Nire Gobernuak bere indar guztiak jarriko ditu ETAri aurre egiteko, bereziki geurea dugun Ertzaintzarekin. Eta, horretarako, Espainiako gobernuari eta Frantziakoari laguntza eskatuko die.
Baina hori ez da nahikoa, beharrezkoa bada ere. Euskaldun bakoitzak egin beharko dio aurre indarkeriari. Guztiok esan behar dugu: ETArekin amaitu behar dugu. Horretarako demokraziaren baloreak zabaldu eta barneratu behar ditugu gure gizarteko zirrikitu guztietan. Ziur nago euskaldun gehienek hori nahi dutela.
Ni egunero ETAren aurrean egongo den Lehendakaria izango naiz. Euskal gizarteak aitzindari izango nau terrorismoaren aurkako borrokan.
Zoritxarrez, gaur oraindik euskaldunok ETAren mehatxupean bizi gara. ETAk oraindik hiltzea du helburu. ETAk oraindik ere beldurra eragiten du gizartearen sektore askotan.
Talde terroristak, bere helburu totalitarioak lortzeko, esperantza guztiak zapuztu behar ditu. Baina inoiz ez du martxan jarri dugun Euskadi zapuztuko, beraren mehatxuak alderdi eta talde desberdinetako jendea babestuta bizitzera behartzen badu ere.
Euskadin politikak ematen dituen tresnaz, hau da, hitzaz eta botoaz baliatuta bere argumentuak defendatzeko prest dagoen inor ez dago soberan.
Gaur esan dezakegu demokraziaren irmotasunak eraman duela ETA bere historian izan duen unerik ahulenera, nahiz eta oraindik ere hiltzeko ahalmena izan, azken urte honetan erakutsi duen bezala burututako hilketa koldar eta zitalekin: Inaxio Uria enpresaburua, Azpeitian; Luis Conde Brigada, Santoñan; Juan Manuel Piñuel Guardia Zibila, Legution; eta Isaias Carrasco, gure kidea, Arrasaten.
Gaur horiek eta terrorismoaren biktima guztiak omendu nahi ditut, jakinda, dakidan bezala, herri hau eraikitzeko behar-beharrezkoa dela horiek ez ahaztea. Herri hau eraikitzeko behar-beharrezkoa da bidegabekeriaz baliatuta hil diren guztiak gogoan izatea, horiek guztiek Euskadiren esentzia osatzen dutelako, Euskadiren aniztasuna ordezkatzen dutelako eta balore demokratikoak defendatzen dituztelako.
ETAren amaiera gertuago dugu, baina oraindik ez dugu lortu. Talde terroristak bere historia bortitzari jarraipena ematea erabaki du. Demokraziaren aukerak alferrik galdu ditu, demokraziak, bere printzipioei eta arauei uko egin barik, eskainitako aukerak. Beraz, orain ETAk aukera bakarra du: behin betiko eta baldintzarik gabe basakeriari amaiera ematea.
Nire Gobernuaren nahia etenik gabe lan egitea da, berandu baino lehen aipatu amaiera hori ikusi ahal izateko eta, gainera, terrorismoaren deslegitimizazio politikoa eta sozialarekin batera, batzuek urteetan herri honetan biolentziaren erabilera politikoan oinarritu dituzten argumentu faltsuen deslegitimazioarekin batera.
Horretarako legebiltzarreko indar guztien babesa eskatuko dut, Legebiltzarreko talde guztiek adostutako terrorismoaren kontrako estrategia diseinatzeko. Egin egin ahal dugu eta egin behar dugu.
Arazo larria dugu euskal gizartean, gure artean demokraziaren baloreak onartzen ez dituzten eta terrorismoaren biolentzia babesten duten hiritar totalitarioak bizi direlako.
Terroristen garaipena burututako hilketetan ez ezik, euskal bihotzak harri bihurtzeko ahaleginetan ere oinarrituta dago. Joseba Sarrionaindiak estetizismo hotzez aldarrikatzen du arimarik gabeko euskal gizarte hori: Harrizko isiltasuna deitzen dio. Pertsona bat leihotik begira, isilik, zirkinik egin gabe, guardia zibila zelan odolusten den ikusiz, bien bitartean laino bakartiak zerua zeharkatzen du.
Egia da ez gaudela orain dela 20 urte geunden bezala, izan ere, orduan hilketaren aldarrikapena gehienek eta jendaurrean egiten zuten Euskadiko kaleetan. Mario Onaindia oso esaldi labur batez adierazten zuen egunerokotasun horren tragedia: Hilketa aldarrikatzen den herrialdean bizi naiz zioen. Izua Euskadiko harreman sozialen zirrikituetatik hedatu da, nahiz eta askotan axolagabekeriaren itxura hartu. Terrorismoak milaka euskaldun beldurtuta egotea lortu du, eta hauek beraien beldurra ezkutatzen dute besteen minaren aurrean begiak itxiz. Eta beldurtuta dauden hiritarrak ez dute askatasunik. Apurka-apurka aurrera goaz: ahaztuta izan dugun kontzientzia berreskuratzen ari gara, erruki izpiak euskaldunen bihotzak berotzen ari dira apurka-apurka.
Eta euskal gizartearen ber-gizasemetu honetan, biktimak eta beraiek ahaztuak ez izateko egindako erresistentzia irmoa gure onarpena merezí dute. Biktimen aldarrikapena ez da etika kontua bakarrik, berunaren urte ilunetatik libratuko gaituen indarra ere bada. Fernando Aramburu idazleak etorkizuna iraganaren erantzukizunetik aparte eraikitzeko arriskuaz ohartarazten gaitu, garaiz barruko deabruei aurre egin barik: Gorrotorik gabe terroristaren oinarrizko elikagaia den gorrotoa hedatzeko helburua duten aditz formen kontra idatzi nuen. Eta askotan etorkizun errebisionista dakarren ahazte kalkulatuaren kontra idatzi nuen, aztarnen ezabatzaile profesionala, datuen manipulatzailea, gertatu zen guztiaren etorriko den ukatzailea.
Gobernuak hitzok oso kontuan izango dituela hitz ematen dizuet eta, baita biktimen salaketa isila ere. Badakit ETAren izuaren kontrako behin betiko garaipenak euskal gizarteak balore moralak berreraikitzea eskatzen duela. ETAri aurre egiteko legeek ahalbideratzen dituzten bitarteko guztiak erabiliko ditugu. Batez ere, Ertzaintzari emango dizkiogu bitartekoak, eta are garrantzitsuagoa, lan horretarako Ertzaintzari babes politikoa emango diogu, baina ETAri aurre egin behar diogu gure armak erabilita, hau da, gizatasuna eta bizitza bakoitzaren balioa errekuperatuta.
Terrorismoari aurre egiteko lan honetan laguntza eskatzen dizuet zuei guztiei, salbuespenik gabe. Terrorismoaren kontrako borrokak denon, euskal hiritarren guztien, jokabide berria eskatzen digu. Horretarako beharrezkoa da desligitimazio soziala, arlo guztietan, terrorismoa babesten edota zuritzen duten pertsona eta erakunde guztiena. Badakit denok lagundu ahal dugula. Euskal gizarteak eskatzen digun zerbait da-eta.
Neu hasi orduko mehatxatua izan den Gobernuaren buru izango naiz. Gizarte demokratikoak ezin du onartu gobernu legitimoari talde terrorista batek xantaia egitea.
Gure indarra, demokraziaren indarra, hiritarren sostengua da. Terrorismoaren indarra izuaren aurrean hiritarrek ezer ez egitea da. Nik eta Gobernuak duintasunean bizitzeko nahia adierazi nahi dugu harrotasunez, izutzen utzi gabe. Sozialistok badakigu sufritzea merezi duten gauzak badaudela, milaka politikarik, enpresaburuk, kazetarik, epailek eta fiskalek, irakaslek, poliziak edota zinegotzik bezala eta askotan, bakarrik, eredugarri den hiritar-adorearekin mehatxuei aurre egiten dieten hiritarrek bezala. Beraiek hiritarren adorearen adibidea dira bai euskaldunontzat bai munduko demokrata guztientzat.
Nire gobernuak ahalegin berezia egingo du balore demokratikoak sozializatzeko lan horretan eta, horrela, leku publikoetan biolentzia eta biolentzia eragiten dutenak ulertzeko eta zuritzeko edozein saiakera deuseztatuko du.
Terrorismoa desagerrarazi nahi badugu, terroristak atxilotzeaz gain, espresio publikoei ere aurre egin beharko diegu eta deslegitimizazio soziala lortu beharko dugu, batez ere, hezkuntzan, elkarteetan eta komunikabideetan. Eta ziurtatzen dizuet Gobernu honek ahal duen guztia egingo duela hori lortzeko.
Euskal gizartean demokrazia sakontzea planteatzen dut nik. Hiritar bakoitza beste hiritar baten parekoa izatea, aukera berdinak izatea bere etorkizuna eraikitzeko.
Balore demokratikoak adostu behar ditugu guztion artean. Pertsona bakoitzaren askatasuna bermatzeko bide egokiak bilatu. Desberdinak izateko eskubidea onartu. Erakunde berdinak onartzeak eta etorkizun komunaren partaide izateak egiten gaitu euskal hiritar.
Ziur aski gobernu demokratiko batek bere hiritarrekin duen lehen konpromisoa berdintasuna eta askatasuna bermatzea da. Eta askatasuna benetakoa da, egunerokotasunean, hiritarrek aukera desberdinak dituztenean, aurkakoak diren proposamenak aukeratu ahal izateko. Gauza bat edo bestea aukeratzea arriskutsua denean, askatasuna erretoriko hutsa baino ez da.
Horregatik nire gobernuak bermatu egingo du, baliabide demokratiko guztien bidez, pertsonen askatasuna. Inork ez du ezer ordaindu beharko, askea izatearren. Bere iritzia askatasun osoz erakustearren.
Baina gainera, eta hau guztion kontua da, saiatu behar dugu elkarrekin hausnartzen sistema demokratikoaren esentziari berari buruz.
Demokrazia, gehiengoen sistema eta askatasunez adierazitako borondateen kudeaketaz gain, komunitate eta gobernuek gizabanako edo gutxienekoak osatzen dituzten kolektiboengan izan dezaketen eragina murrizten duen eskubide eta araudi legalen multzoa da. Izan ere, eskubide eta arauen multzo honek bermatzen du azken batean gizabanakoen askatasuna.
Gaurtik hasita ziurtatzen dizuet nire Gobernuak aniztasuna duela gogoko, aukeratzeko askatasuna, heterogeneitatea eta muzin egiten diola erakunde politikoetatik eredu ofizial bati jartzeari esateko zer eta nolakoa izan behar den.
Erraza ematen du, baina ikusi dugu praktikan jartzea gogorra dela, batez ere ohiturarik ez dagoenean. Ramón Saizarbitoriak erraz adierazten du: pluraltasuna, berez ona den arren, deserosotasunak dakartza, batez ere bokazio hegemonikoa duenarentzat
Euskadin kultura eta identitatea ulertzeko modu desberdinak elkarrekin biz idira. Et agure gizartean honek beste batzuetan baino askoz ere garrantzi handiagoa du. Euskaldunok honelakoak gara. Nire gobernuak ez dio inori oztoporik jarriko nahi duen bezalako aizan dadin edo nahiago duen identitatea izan dezan. Ez dio inori eskatuko iritziz aldatzeko eta ez du baztertuko gure iritzia ez duena.
Gai izan behar dugu besteari begiratzeko eta bere arrazoiak ulertzen saiatzeko. Onartu behar dugu gu ez bezalakoa izateko duen eskubidea. Eta gero modua bilatu (modu legala ere bai), bestea eta ni elkarrekin bizi ahal izateko bakoitzak bereari uko gin gabe. Hori da nire Gobernuak sustatuko duen politika.
Ondorioa argi dago: aukera desberdinak bermatu ahal izateko, ezin dio inork bere iritzia ezarri euskaldunei. Sozialistok uko egiten diogu euskal hiritarrei identitatea ulertzeko dugun modua ezartzeari. Baina nire gobernuak bermatu egingo du Sozialistek, Abertzaleek edo ez bata ez bestea ez direnek aukera izatea aldarrikatzeko beraientzat nahiago duten identitatea.
Euskaldunok batzen gaituena, batu beharko ligukeena, bestelakoak izaten ahalbidetzen diguten erakundeak dira. Harrotasunez esan ahal izateak: nire herrian nahi dudan bezalakoa izan naiteke, sistema konstituzionalak eta autogobernuak bermatzen didate.
Baina badago garrantzitsuagoa den zerbait: barneko elkartasuna. Gizarteak, benetako gizartea izan dadin, eta ez gizabanakoen gehitze hutsa, bere kide guztien arteko elkartasuna bermatu behar du. Hiritar bakoitzak jakin behar du guztiok konpartitzen dugula komuneko etorkizunarekiko arriskua. Bakoitzaren interesetatik aparte, uste dugula denok aurrera egiten badugu, denontzat izango dela onuragarria. Eta gaur egun bizi dugun bezalako krisi garaietan, denok saiatu behar dugula denon onurarako. Euskal hiritarrak gara denok batera egingo diogulako aurre krisiari, eta denok batera lortuko dugulako krisi honetatik irtetea. Euskal hiritarrak gara pertsona edo talde batek arazo bat duela ikusten dugunean, eurek dute arazoa esan beharrean, esaten dugulako: euskal gizarteak arazo bat du eta denon artean konpondu behar dugu. Elkartasun aktiboa gizabanako guztiak gizarte berean batzen dituen zementua da. Euskaldun batek arazo bat duenean, denok dugu arazoa eta, euskaldun batek kalte egiten duenean, denok gara kaltetuak.
Gure elkarbizitzaren esparruari ere bultzada berria emateko erronka dugu. Eta, horregatik, Autonomia Estatutuak herri honi ekarri zion itun espiritua berreskuratzeko konpromiso sendoa hartzen dut.
Nire agintaldiaren lehen egunetik Gernikako Estatutua suspertzeko lan egingo dut. Eta, horretarako, hasteko baloratu eta defendatu egingo dut, gardentasun osoz eta buruko inolako mugarik jarri gabe. Jakinik, gainera, Lehendakari baten betekizunik garrantzitsuena honako hau dela: defendatzea gure legezkotasun demokratikoarena den adierazlerik inportanteena, euskal hiritarrek hautestontzietan berretsitakoa.
Betebehar hau zehatz-mehatz beteko dut. Estatutua eskuan dudala gobernatuko dut, Euskadin bizi diren eta lan egiten duten gizon eta emakumeen askatasunean, seguritatean, hiritar moduan dituzten eskubideetan, eta euren aurrerapen ekonomiko eta sozialean aurrera egin ahal izateko.
Hau da gure historia garaikide osoan autogobernuaren eperik luzeena bizitzen ahalbidetu digun markoa. Gureak diren erakundeak eman dizkigu. Herri honen esku jarri ditu gure arazo politiko, ekonomiko, sozial eta kultural garrantzitsuenei aurre egin ahal izateko ezinbestekoak diren bitartekoak.
Baina, gainera, Estatutua izan da eta da, Euskadiko pluralismo bereziak behar duen elkargunea: egituratze eta elkarbizitza demokratikorako ezinbesteko tresna, eta gaur egunera arte aurrekaririk ez duen oinarrizko adostasunaren sortzailea.
Eta, horregatik, nik berretsi nahi dut elkarbizitza demokratikorako marko bezala duen balioa. Izan ere, Estatutuan denok sartzen gara. Hori da herria zatitu eta buruz buru jartzen duten gainontzeko abenturetatik desberdintzen duena.
Eta Estatutuaren garapena bultzatzeko anbizioa eta asmoa dut, oso osorik betetzen den arte.
Lehendakari moduan, uneoro defendituko ditut Euskadiren interesak Estatuaren Administrazioaren aurrean. Eta indartsu eta segurtasunez egingo dut. Behar denetan iritzi desberdina izateko beldurrik izan gabe. Baina beti ere adostasunerako borondateak lehentasuna izango du izaera koiunturala duen edozein buruz buruko artifizialen aurrean.
Nik ez daukat herri honi frustrazioak saltzeko inolako asmorik, trofeo politikoak balira bezala. Nik Espainiako Gobernuarekin izan dezakedan edozein desadostasun ez dut harrotasun ideologikotzat joko, baizik eta erronkatzat, aurrerantzean hobeto negoziatzeko. Ez dago inolako doktrina arrazoirik Espainiako Gobernuarekin gaizki konponarazten nauenik, eta bai arrazoi praktiko asko, elkarri laguntzeko; eta ez, ados ez egoteko.
Etorkizuna irabazi nahi dut eta zuokin guztiokin egin nahi dut.
Aspaldiko esaldia da Txikiak handia bentzi leidi, asmoz eta jakitez. Hiritarrak ezagutzan ondo jantziak izatea eta aurrera egiteko borondatea dira aurrera egiteko oinarriak. Esaldi horrek aspaldiko egia esaten digu, baina gaur oraindik egia handiagoa da. Gizarte modernoan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da hiritarrak ondo prestatuak izatea.
Oraintsu Josu Jon Imazek gogoratzen zigun Finlandiaren kasua. Krisialdi larrian, gizarte txikia izanik ikerketa eta hezkuntzaren alde egin zuen apustua.
Nire gobernuak ere ez du zalantzarik izango: ikerketa eta hezkuntza maila hobetzea izango da helburu nagusia. Gaur krisialditik irten behar dugu, baina halaber, gaur hasi behar dugu biharko hiritarrak eta progresua prestatzen.
Eta etorkizuna irabazteko eskuragarri dagoen lehen baliabidea talentu pertsonalari etekina atera eta gure giza-kapitala gordetzea da. Ezagutzaren gizartean ez dago ezer estrategikoagorik lehen mailako hezkuntza sistema bat izatea baino.
Euskadik zor handia du bere eskola, hezitzaile, unibertsitate eta zientifikoekin. Hezkuntza sistema ona dugu: 1992ko Eskola Itunetik datorrena, Fernando Buesak, berriro Sozialista batek Jaurlaritzan Euskal Hezkuntza zuzentzen ari zelarik izenpetu zuena.
Baina urteak pasa dira eta gaur egun gure Hezkuntza Sistemak osatzen duten sektore guztien arteko hausnarketa, pribatua zein publikoa, egin beharko du. Eguneratu behar da gaurko beharrizanetara egokitzeko eta etorkizunari begirako aurreikuspenak egiteko.
Nire Gobernuak Hezkuntza demokraziaren alde borrokatuko den arloa bilakatuko du, totalitarismoaren aurrekontu ideologikoen aurka egingo duena, eta biolentzia eta terrorismoa deslegitimatuko duena etika, sozial eta politikoki.
Unibertsitatekoa ez den hezkuntza berrantolatuko dugu beste eskola itun bat lortzeko diru publikoa erabiltzen duten zentro guztiek segurtasuna eta bermea izan dezaten etorkizunean beren proiektuetan lan egiteko.
Eskola Publikoa oinarrizko erreferentea izango da nire gobernuaren jardueran. Eskolak gaurkotzeko handitzeko eta beharrezkoa denetan berriak eraikitzeko dirua inbertituko dugu.
Oinarrizko hezkuntzaren helburua integratzailea izango den elebitasuna lortzea da, horretarako ofizialak diren hizkuntza bien erabilera eta ezagutza sustatuko da, betiere familien eta irakasleen iritzia aintzat harturik.
Gauzak honela, nire Gobernuak berehala indargabetuko ditu hizkuntzei buruzko artikuluak, derrigorrezko hezkuntzaren, haur hezkuntzaren eta batxilergoaren kurrikulua ezartzen duten dekretu desberdinetan daudenak, ez baitute errespetatzen Eskola Publikoaren Legea eta hizkuntza politikan aurrera egiteko beharrezkoak diren adostasunetik kanpo sortu direlako.
Goi hezkuntzaren arloan, gizarteak espero du unibertsitate publikoa bikaintasunaren unibertsitatea izatea behar den moduan bete dezan ezagutza sortu eta transferitzeko duen helburua, talde berriak eta lider sozial eta enpresaburuak hezten dituen bitartean. Hau guztia gure gizartearen indar moral eta intelektuala bultzatuko duen konpromiso sozialaren barruan.
Estatu barruan zein nazio artean dauden unibertsitateen sailkapenek erakusten dute UPV/EHUk bere emaitzak hobetu behar dituela, egia da, halaber, zenbait arlotan posizio garrantzitsua duela eta bere ikerketen eragina gero eta handiagoa dela azken urteotan.
Zentzu honetan, azken urteotan hartutako neurriak Unibertsitate Plana eta Ikerbasqueren sorrera aurrerapenak dira, baina ez da nahikoa, unibertsitateko I+Ga indartzeko belaunaldien arteko errelebua tratatzeko erabili den denbora berreskuratzeko. Nahikoa da ikustearekin unibertsitateko ikerketan Euskadik I+G+Bn erabiltzeko duen gastu guztiaren %15 besterik ez duela exekutatu.
Hori dela eta, nire gobernuak etengabe lagunduko du azpiegitura zientifikoen gaurkotzea eta hobekuntza, ikertzaile gazteen prestakuntzarako eta kontratazioa eta Administrazio eta Zerbitzuen Langileen gehikuntza, ikerketa taldeei laguntzeko, batez ere.
Erronka hauen artean, garrantzi handia du gure hezkuntza sistema Goi Hezkuntzaren Europako Espaziora egokitzeak, eta honekin batera, titulazioen eskaintza berrordenatuko da erakargarriagoa eta erabilgarriagoa izan dadin ikasleentzat eta gizartearentzat eta aurrerapen nabarmena izango da ingelesarekin zerikusia duten arloen eskaintzan.
Neurri hauek eragina dute goi hezkuntzako gure sistemako unibertsitate guztietan. Guztiei esker lortzen da Euskadiren garapena beraien tamaina eta eskaintzaren arabera, eta guztiekin egingo dira kontratu-programak interesa duten lanak finantzatzeko, UNEDi ematen zaion diru-laguntza ahaztu gabe, ikasle euskaldunei arreta egiten dien unibertsitate publiko bezala.
Gaur eguneko krisialdi ekonomikoa agerian ari da uzten I+G+Bren alde egin behar den apustua indartu egin behar dela, enpresen produktibitatea areagotu eta balio erantsi handiagoa duten produktu berriak lortzeko.
Berrikuntzaren sustapen hori I+Gren kudeaketa eta exekuzio hobearekin lotu behar da, indarra eta kalitatea duen unibertsitate sistemarekin, erakunde publiko eta zentro pribatuen sarearekin, eta jarduera zientifikorako, berrikuntzarako eta lehiarako joera duen inguru sozialarekin.
Horregatik, eta gaur egungo krisialdi ekonomikoa gorabehera, I+G+Bn inbertitzea bultzatuko dugu 2012an BPGdaren %2,5 lortzeko, sendotu egingo dugu euskal ikerkuntzaren harremana estatuko I+Gn dauden jarduera linea garrantzitsuenekin eta Europako Marko Programekin, estatuko laguntza eskatuko dugu dimentsio europarra duten proiektuetarako, hobetu egingo dugu ikerkuntzan egin den transferentzia, eta optimizatu egingo dugu, sektorearen arabera, parke teknologikoen euskal Sarea.
Hau da nik Euskadirentzat nahi dudana; gazteen hezkuntzari eta ikerkuntzari begira dagoen herria, eta berrikuntzak hartzeko prest dagoena.
Gure osasun- politikak Euskadiko garapena eta kohesio soziala izango du helburu. Indartu egingo ditugu osasun laguntza unibertsalik hoberena, kalitatezkoena eta dohainikakoa izateko politika guztiak.
Eta ez dugu hiritarra, bere eskubideak, beharrak eta itxaropenak euskal osasun sistemaren erdigunean jartzea beste biderik ikusten. Hori dela eta, eskubide eta betebehar hauen gauzatzea bermatuko duten kudeaketa- eta lege- tresnak zabaldu eta garatuko ditugu, bai norbanakoari lotuta daudenak (duintasuna, pribatutasuna eta autonomia) bai osasun laguntzarako eskubidea gauzatzeko tresnak direnak (itxaron-denborak eta hautatzeko aukera).
Oso garrantzizkoa da, era berean, onartzea osasunak gizarteari egiten dion berebiziko zerbitzua. Ez bakarrik gizartearen ongizatean modu argian laguntzen duelako, baizik eta egungo ekonomia modernoei balio handienetariko bat ematen dioten arloetako bat delako.
Horregatik, gobernu honek osasunean inbertitzearen aldeko apustua egingo du. Apustu estrategiko bat, hiritarren osasuna hobetuz, ekonomia, berrikuntza eta ezagutzaren gizarte berria garatuko duena. Hau gauzatzeko, gastuan eraginkortasun handiagoa bilatuko dugu eta Euskadin osasunak dakartzan errekurtsoen bolumena berriro ere gizarteratuko dugu. Gure konpromisoa osasun publikoaren kudeaketaren esturaren konpromisoa da, profesionaltasunarena eta seriotasunarena. Ez du alderdikeriarik izango, ez errekurtsoen kudeaketari dagokionez, ezta Euskal osasun zerbitzu publikoa osatzen duten zerbitzu eta unitate bakoitzak lortzen dituen emaitzekiko gardentasunari dagokionean ere.
Oso argi dugu Osakidetza, bai aurrekontuan baita langile-kopuruan ere Euskadiko erakunde publikorik handiena den aldetik, bere profesional bikainen beharrean dagoela, hurrengo urteetarako erronka handiak lortuko badira. Nahi dugu Osakidetza, berriro ere, Espainian eta Europan zerbitzu publiko berriztatzaile eta eraginkorraren erreferentea izan dadin eta zerbitzua ematen dion gizarteari lotua egon dadin. Horretarako, Osakidetzako profesional guztiekiko konpromiso eta erlazio eredu berri baten beharrean gaude.
Horrexegatik, haiekin batera lidergo eta kudeaketa eredu bat bultzatuko dugu; haiekin batera eta ez haien gainetik. Parte hartzeko, elkarlanerako eta elkarrizketarako tarteak zabalduko ditugu. Profesional hauek zerbitzu publikoarekin duten konpromisoa, eskumenen hobekuntzak eta emaitzen lorpenak lehenetsiko ditugu. Era berean, lorpen horien araberako ordainsari-mekanismoak ezarriko dira, era zuzenean, zehatzean ezarriak eta profesional eta langile guztientzat eskuragarriak izango direnak.
Nahi dugu osasun-laguntza Euskadiko herrialde guztietara eta giza-talde guztietara modu berean hel dadin. Zainduko dugu osasun zerbitzuen erabilgarritasunaren berdintasuna, bereziki behar handiagoak dituzten eta ahulagoak diren giza-taldeak kontuan hartuta. Zentzu honetan, egun kaltetuen dauden herrialde eta arloetako osasun hornidurak bultzatuko ditugu. Horretarako, Euskadiko osasun errekurtsoen mapa berria osatuko dugu; mapa honek zerbitzu berrien beharra eta egun dauden narridurak zehaztuko ditu. Zehatzago, proposatu nahi dugu ospitaleen eskaintza hobetzea baita egonaldi labur eta luzerako ospitaleak ere gaur egun defizitarioa edo erabiltzen zailak direnetan. Halaber, lehen mailako arretako zentro berrietarako atzeratutako inbertsioei ekingo diegu. Nahitaezkotzat jotzen dugu, aldi berean, teknologia berrietako inbertsioak lehenestea, ezagutza eta informazioaren gizarte berri honekin bat doan osasuna lor dadin. Informazio eta telematika zerbitzuak garatuko ditugu, batetik hiritarrek errazago eta ziurrago lor dezaten beren osasuna zaintzeko beharrezkoa duten informazioa; eta bestetik, osasun profesionalak beren lana burutu dezaten eraginkorrago eta erosoago.
Osasuna oso arlo dinamikoa da eta erronkak bata bestearen atzetik datoz, azken egunotako gripe berriak gogorarazten digunez. Gure politika erabat gardena izango da herritarrekiko, zaintza sistemak indartuko ditugu eta gripe hau bezalako agerraldiak larritzean, aurre egiteko botiken eskuragarritasuna babestuko dugu, beharrezkoak diren txertoak garatzeko laguntza emanez. Gure sistemak indartzeko Euskadin MOEaren zentro laguntzaile bat zabalduko dugu.
Gobernu honek zentzuz jardungo du, baina era berean, lehia bizian. Zentzuz, onartzeko, ekonomikoki, errekurtso publikoekin zorrotz jokatzera behartzen gaituzten garaietan bizi garela. Kudeaketan hobekuntzak sartuko ditugu, bidea izan dezagun, beste gauza batzuen artean, dirua aurrezteko aurreztua ahal denean, botiken gastuan kasurako, erakunde pribatuekiko itunak arrazionalizatuz, eta geure osasun errekurtsoak optimizatuz, ospitale eta lehen mailako arretaren arteko koordinazio egoki baten bidez.
Baina zentzuz jarduteaz gain, lehia ere behar dugu, askoz ere gehiago egin daitekeelako. Hemendik datorkigu osasun publikoari nahikotasun ekonomikoa bermatzeko konpromisoa . Horretarako aurrekontuko diru-zuzkidura egonkorra izango du Osakidetzak eta pixkanaka handitu egingo da. Horrela, Legealdiaren bukaeran osasun gastuak BPGarekiko puntu bateko hazkundea izango du.
Euskadin etxebizitza duinerako eskubidea ez dago bermatuta. 82.000 hiritarrek baino gehiagok beren lehen etxea lortu nahi dute eta 63.000k baino gehiagok lortu nahi dute beren beharretara egokitzen den etxe bat, baina ezin dute. Gainera, alokairuen merkatua eskasa eta garestia da.
Etxebizitzaren arloari dagokionez, esan dezakegu ez dugula probetxurik atera izan ditugun urte oparo hauetatik eta ez dela aurrekontuez baliatu, beharrezkoa den neurrian, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.
Legegintzaren ikuspuntutik, bere horretan diraute etxebizitzen arazoa konpontzeko hiru Legeetatik bik: Etxebizitzen Legeak eta Udal Legeak, hain zuzen ere.
Badugu, horrenbestez, eginbeharreko bat. Erabakitasunez neure egiten dudan eskakizuna da, etxegintzaren sektorea berpizteko, sustatzaile eta etxegileen interesak batetik eta bestetik hainbat hiritarren interesak bateratzea etxe batez goza dezaten, alokairuan zein jabegoan izanda.
Etxebizitza babestuek, alokairuek eta birgaitzeak guztion interesak uztartuko dituzte. Berretsi egiten dut 40.000 etxebizitza babestuen, 16.000 alokairuan, sustatzeko konpromisoa. Eta etxebizitzen, eraikinen eta auzoen birgaitzeak sustatuko ditugu, lana sortzen dutelako eta ingurugiroa errespetatzen dutelako.
Neure gobernuaren ezaugarrietako bat da arlo guztietan eta arrazoi guztiengatiko bereizkeria deuseztatzea. Ezin dugu onartu eta ez dugu onartuko emakumeak gizonaren atzetik ibiltzea bizitzaren edozein arlotan: ez lanean, ez politikan, ez aisialdian ezta familian ere. Batean ere ez.
Horregatik, hurrengo urteetan lehentasuna izango duten helburuak hurrengo hauek izango dira: genero indarkeria den beste terrorismo mota horren kontrako borroka, emakumeentzako lanaren sustapena, bizitza laborala eta familiarra uztartzeko neurriak, familiaren eginbeharren elkarkidetza, eta bizitza sozial eta politikaren arlo guztietako emakumeen sustapena.
Lehenengo neurri gisa, aditzera eman ahal dizuet, Barne Sailaren barruan, genero indarkeriaren kontrako borrokarako Zuzendaritza Orokor bat sortuko dela.
Borrokatuko gara, era berean, lan munduko bereizketarik narritagarrienarekin: lan sarietan dagoenarekin, alegia. Ez dago egongo, lan bera eginda, gizonak baino euro bat gutxiago kobratuko duen emakumerik.
Sustatu egingo dugu, are gehiago krisi garai honetan, emakumeen lana, bereziki, 45 urte beteta,helduaroan sartuta dauden emakumeen lana.
Ezin dut hemen aipatu gabe utzi Gobernu sozialistak bultzatutako Dependentziaren Legea, dependentzia egoera horietatik eratortzen diren egoera larriak arintzen saiatzen dena. Bidea egin da, baina hastera doan Legealdi honek Legearen aplikazioa erabat garatzen denekoa izan behar du, Foru Aldundiak eta Gobernuarekin batera jokatuz.
Nire Gobernuak, era beran, egun daukagun arazo demografikoari aurre egingo dio. Bertan dugu Europako biztanleriarik zaharkituenetariko bat eta gaztetasuna berreskuratu beharrean gaude. Horretarako, hazkunde demografikorako anbizio handiko plana bultzatuko dugu. Familiei lagunduko diegu baita, beren ibilbide profesionala alde batera utzi gabe, ama izan nahi duten emakumeei ere eta gazteen emantzipaziorako politikak bultzatuko ditugu.
Alegia, neurri asko eta garrantzitsuak hiritarren bizitza errazteko, familia askotariko babesa oinarri izanda, ongizate gizartearen zutabe garrantzitsua eta ezinbestekotzat hartu behar baita familia.
Egungo euskal gizartearen balorerik esanguratsuenetako bat bere aniztasuna da, bizimodu guztiei, elkarbizitza ereduari eta talde identitatearen eraiketari ere eragiten diona.
Gaur egun ez dago ulertzerik zer den euskalduna izatea etorkinak kontuan hartu gabe, duela zenbait urte, Espainia barruko etorkinak edo kanpoko euskal kolektibitateak kontuan hartu gabe ulertzen ez zen bezala. Zeren eta, guk nahi eta nahi ez, euskalduna izatea ez datza formula kimiko batean, edo definizio etniko batean, ezta odol talde batean ere.
Guztion artean birsortutako identitate eta kultura baten gaineko euskaldunak izan nahi dugu. Gris, zuri eta beltz koloreko Euskadi batean baino gehiago kolore anitzeko Euskadi batean sinesten dugu. Honek bere parekoa du hiritarretan eta, horrenbestez, behar eta eskubideetan eta gaur egun Euskadi osatzen dugun guztion jokabide berdinean.
Etorkinak gure gizartearen parte egite horretan, haiek ekartzen dituzten onurak baliatu behar ditugu, eta horretarako integrazio soziokulturalerako prozesuak egoki kudeatu behar ditugu. Prozesu hauek ez dagozkie bakarrik Administrazioei, baizik eta gizarte osoari. Horregatik, immigrazioak Euskadin dakartzan erronkei irtenbide egokiak eskaini behar zaizkio, eta gizarte kohesiorako tarte, parte hartze eta elkarbizitzaren kudeaketarako aldeko apustua egiten dugu.
Euskal gizartean bi hizkuntza daude. Biak bereak eta biak ofizialak. Nire gobernuak ez du inor baztertu nahi, are gutxiago euskal hiztuna. Badakigu milaka hiritarrek egiten duten ahalegina euskara ikasten. Euskara ikasten dute ikasi nahi dutelako, erabili nahi dutelako.
Nire gobernuaren laguntza izango dute bideak errazteko, laguntza emateko. Baina bermatu behar dugu batzuen guraria besteen askatasuna ez mozteko. Gizarte batek bi hizkuntza izateak aberastasuna dakar, baina ahalegin bereziak eskatzen ditu. Era bateko edo besteko hiztunek egin beharreko ahaleginak, elkar errespetatuz.
Gure aniztasuna linguistikoa ere bada. Euskadin bi hizkuntza bizi dira elkarrekin: euskara eta gaztelera. Nire Gobernuaren helburua bi hizkuntza hauen elkarbizitza sendotzea izango da, horrela ghettoak edo hizkuntzak banandutako komunitateak saihestuko dira.
Ondo dakit zein aberatsa den eta zer nolako ahalbidea dakarkion Euskadiri bertan bi hizkuntza egoteak. Horregatik nire Gobernuak elkarbizitzan eta kohesioan oinarrituko den hizkuntza politika burutuko du, edozein borrokatatik urrun eta Euskararen Aholku Batzordeak ezarritako ildoei jarraituko diena.
Zentzu honetan, adierazi nahi dizuet, arautegiaren aldaketa baten bidez, Euskararen Aholku Batzordearen funtzioak zabaldu nahi ditudala, benetako Bilgune Linguistikoa ere izan dadin. Horrela, Batzorde honek euskara eta gazteleraren arteko erlazioak ondo bideratu eta hobetzeko proposamenak egingo ditu eta beren lanen emaitzak Parlamentu honi, aldian-aldian, emango dizkio.
Neure hitza eman dut, eta bete egingo dut, euskaraz egiten diren ekintzei eman zaien diru laguntza publikoei eutsiko zaiela, diru-hornidura murriztuko ez zaielako beren beregiko konpromisoa hartu dudalako. Izan ere, uste dut hizkuntza honetan egiten den kulturak etengabeko atentzioa eta tratu berezia merezi duela. Hori guztia gazteleraz adierazten den euskal kultura baztertu gabe, zeren eta euskal kulturarekiko konpromisoa osotasunarekikoa da, erabiltzen duen hizkuntza erabiltzen duela.
Nire helburuetako bat da talde guztiekin adostasun handia lortzea irrati-telebista publikoan erreformak burutzean, EiTB izan dadin kalitatezko zerbitzu publiko plurala eta ETB1 izan dadin euskal kultura modernoa eta plurala garatzeko tresna erabilgarria eta egokia.
Hizkuntza politika integratzaile bat oinarrizko tresna da Euskadin Ekimen Kulturalerako Plan Estrategikoa martxan jartzeko. Bi norabideko elkarrizketan oinarritu nahi dudan Plana: batetik Gobernua eta kultura agenteen artean; eta bestetik, euskal kulturaren munduaren barruan, euskal kultura bilgunerako tarte eta organoen beharrean baitago.
Aditzera eman nahi dizuet nire Gobernuak, lehenengo egunetik, ekingo diola Kulturaren Euskal Kongresua prestatzeari. Bertan Euskadiko bi alde linguistikoen ordezkariak bilduko dira XXI. mendeko Euskadirako benetako kultur politikaren edukiez hausnartzeko.
Gure helburua da zabala, demokratikoa eta kalitatezkoa den kultura sustatzea, interes taldeen, sortzaileen, agenteen eta euskal gizartearen aniztasuna adieraziko duena. Dirigismorik eta arrazoi politiko, estetiko edo pentsaerarengatiko bazterkeriarik gabekoa. Kultura politikak sormen askatasuna bermatu behar du, baita herri honetako sortzaile guztientzako aukeren berdintasuna ere.
Eskatu nahi diet, era berean, hiritar guztiei, Administrazio guztiei eta erakunde guztiei, 2016an Europako Kultur Kapitala izan dadin, Donostia-San Sebastian hiriaren hautagaitzari laguntzeko eta, orokorrago hitz eginda, zabaldu eta defendatzeko gure altxorrik preziatuena: gure kultura eta gure hizkuntzak.
Gure ongi izatearen ezinbesteko baldintza Administrazioen eraginkortasuna da, gure zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia, alegia.
Erabakita dut, euskal administrazioaren funtzionamendua hobetzeko, baita Justiziakoetan ere, erreformak sartu beharra dagoela eta bere egiturak errealitate berrietara egokitu behar direla.
Nahitaezkoa da, luzamendutan ibili gabe, toki-erakundeen egoera finantzario ahulari eta beharrezko erreformari aurre egitea.
Aurreko Legealdian erakundeen arteko akordiorik ezak galarazi zituen udal finantziazioaren hobetzeko esfortzuak. Baina argi dago udalen egoera finantzarioak udalerriek bere kargu dituzten zerbitzuen finantziazio nahikoa ahalbidetzen duen erreforma bat behar dutela. Erreforma honen bidez, Gobernuaren plan handiekin bat eginez, udalek edukiko lukete hiritar guztien premiei, baita bizi kalitate etengabeko hobekuntzari ere, erantzuteko gaitasuna.
Nire asmoa da Udal Legea ahalik eta lasterren ekartzea ganbera honetara. Lege hau gainontzeko talde eta Eudelekin adostu nahi dut. Nire gobernuak oso kontuan izango ditu Udalak, zeren eta Udalen papera ezinbestekoa baita enpleguan, gizarte babesean eta etorkinen integrazioan.
Horregatik, adierazi nahi dizuet, Lehendakari gisa, Ajuria Enean izango ditudan lehendabizikoetako bilera bat Euskadiko Udalen Elkartearekin, Eudelekin alegia, izango dudala.
Hirietan ari naiz pentsatzen, baina ez ditut ahaztuak baserriaren eta herri arrantzaleen beharrak. Nire Gobernua ibiltzen hasiko da sektore honetakoei hitza emanez, eta horretarako eraginkorrak izango diren batzorde aholkulariak sortuko ditu. Sektorekoekin batera, zehaztuko da aldizkako bileretarako egutegia.
Lan egingo dugu lehen sektoreak bere hitza eta ordezkaritza izan dezan, Administrazioaren menpean edo gidaritzapean egongo ez dena, laguntza publikoak jasotzean, menpekokerian oinarritzen diren irizpideetatik aske egongo dena. Herri nekazariei eta kostako herriei era integralean erantzungo diegu, horrela bermatuko baita garapen iraunkorra, ekonomia eta ingurugiroaren ikuspuntutik, beren ondare historikoa eta beren nekazari edo arrantzale ohiturak galdu gabe.
Gaur egun, ezinbestekoa da gure garapen ekonomikoa eta ongizate maila Inguru Giroaren iraunkortasunak dakartzan erronketara egokitzea.
Agintzen dut, horrenbestez, momentu honetatik aurrera, errespetu osoz eta lidergoa erakutsiz, klima aldaketaren kontrako borrokarako neurri eta tresna egokiak ezarri dituzten Nazioarteko Itun guztiak beteko ditudala.
Agintzen dut, momentu honetatik aurrera, gure esfortzuarekin, Estatuko Administrazio Orokorraren zein Europa Batasuneko ingurugiroaren gaineko xedapenak beteko ditudala eta gure kudeaketari kalitate maila gorena eman nahi diodala. Hau guztia, arlo honetan erreferente izan nahi duen Eco-Euskadi lelopean.
Nire Gobernuaren konpromisoa aldaketa klimatikoarekiko erabatekoa da. Orokorrean pentsatu, tokian ekin maximari jarraiki, geure egiten ditugu Aldaketa Klimatikorako Gobernu arteko Panelaren ondorioak, eta bat egiten dugu Europako erronkak gauzatzeko politika zehatzekin. Hauek hiru helburu dituzte: 1) 2020rako, negutegi efektua eragiten duten isurien %20 murriztea 2) energiaren %20, gutxienez, energi iturri berriztagarrietatik lortzea 3) energia-eraginkortasun bultzatzea, bera baita irizpiderik egokiena bai industriarako baita etxebizitza- eta zerbitzu-guneetarako ere.
Ildo honetatik, nire asmoa da industria-sare guztiarekin akordioak lortzea, hobekuntza energetikorako ingurugiro planak ezartzeko. Plan hauek ezartzeko, beharrezkotzat jotzen diren optimizazio neurriak garatuko dira, eta horretarako ingurugiroari egindako kalteen Konponketa eta Prebentziorako Batzordeak parte hartuko du, horrela ingurugiroari egiten zaion kaltea arintzeko prebentzio neurrien ezarpena hobetuko da, eta ekonomia- eta ekoizpen-jardueren erantzukizuna berretsiko da.
Neure hitza ematen dut aldaketa klimatikoaren kontrako Borrokaren Euskal Plana ez dela izango asmo-deklarazioa, baizik eta behin betiko errealitatea. Horretarako, eta ingurugiroaren politikaren zeharkakotasuna kontuan hartuta, ezarri beharreko politika sailen arteko garapena sustatuko dugu, aurrerapausoak sendotzeko eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan adosten diren neurriak praktikan jartzeko.
Hari beretik, agintzen dut, Legealdi honetan, Aldaketa Klimatikoaren kontrako Legea gauzatuko dela, negutegi efektua eragiten duten gasen isuriak murrizteko. Lege honek beharrezko eskuduntzak eta eskumenak emango dizkie Udalei, tokian tokiko isuriak murrizteko neurri gogorrak hartzeko.
Garapen iraunkorrean lidergoa hartuko dugu; gure asmoa baita Euskadi puntako herria izatea karbono isuri baxuko teknologiaren eta, oinarrizko energia errekurtso gisa, hidrogenoren teknologiaren ikerketan eta berrikuntzan. Energia berriztagarrien erabilera zabala bultzatuko da, errekurtso berriko hazkunde ekonomikorako garapen teknologikoa lagun izango dugularik.
Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokak eskaintzen digun aukera baliatu nahi dugu gure ekonomiaren susperraldia oinarri dadin energia berdeko teknologiak sortzen dituen enpleguetan.
Era berean, negutegi efektua eragiten duten isuriak direla eta, aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan, garraiobideen ingurumen-inpaktuari aurre egite aldera, neure hitza ematen dut legealdi honetan Higikortasun Iraunkorraren Legea gauzatuko dudala. Lege honen bidez, talde-garraiobideak eta motorrik gabeko garraiobideak sustatuko dira eta Herri Administrazio guztien garraiobide politiken ezarpenerako marko orokortzat hartuko da.
Helburu hauek guztiak lortzeko, ate guztiak izango dituzte zabalik sektorearekin zer ikusia duten guztiek eta, batez ere, Foru Aldundiek eta Euskadiko Udalek, guztion artean irizpideak eta lanak zehazteko. Azken finean helburua zera da: Euskadi giza garapen eta kudeaketa ekonomikoaren eredu izatea, beti ere ingurugiroaren garapen iraunkorra kontuan hartuta.
Bukatutzat emango dut hemen nire Gobernu programaren ardatz nagusien azalpena; baina adierazi dudan guztia ez litzateke borobilduta geratuko, esango ez banu, berriz ere, nire hitzaldi honetan zehar, dagoeneko, aipatu dudan zerbait eta errepikatzen aspertuko ez naizena.
Neure Gobernu aldi honi hasiera emango diot, Ganbara honetan dauden talde guztiei eskua zabalik diedala, eta kontsentsurako eta elkarrizketarako asmo sendoa dudala.
Kontsentsu, itun, adostasunerako borondate honek Parlamentutik kanpoko solaskideak ere baditu, gizarte agenteetan eta euskal gizartearen kolektiboen artean.
Baina nire kontsentsurako eskaintza hau, bereziki, orain arte gobernu erantzukizuna izan duen alderdiari luzatu nahi diot, bera izango baita hasiko den legealdi honetan oposizioaren alderdirik garrantzitsuena.
Gure talde erronkak arrakastatsuak izatea, lehendabizi, Gobernuaren ardura da, eta nire Gobernuak jakingo du aurre egiten. Baina oso eskertzekoa izango litzateke oposizioaren alderdirik garrantzitsuenak erantzukizunez jardungo balu eta euskal gizartearen kolektiboen erronka handiak lortzeko lagunduko balu.
Hasieran esan dut gaur aro berri bati emango diogula hasiera. Baina aro honek elkarrekin bizi izan ditugun garaietan ditu sustraiak. Espero dut, beraz, aurretik izan ditudan Lehendakarien ondorengo duina izatea: Aguirre, Leizaola, Rubial, Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxe jaunarena. Guztiei zor diegu asko. Bereziki, diktadura garaiko urte ilun haiek ezagutu eta, iluntasunean, gaur garena amets egin zuen belaunaldi hari.
Neure bizitzaren inguruko aipamen bat eginez bukatu nahi dut. Portugaletetarra naiz eta inoiz ez nuen imajinatu ere gaur ganbara honen konfiantza eskatzen dudan hain erantzukizun handiko karguaren ohorea.
Langileen seme eta iloba naiz. Gure aita, Eduardo López Albizu, denok Lalo izenez ezagutzen zutena, Sestaoko La Naval ontziolan lan egiten zuen ajustadore. Aitaldeko aititak, Emilio izenekoak, ikusmena galtzear izan zuen Bizkaiko Labe Garaietako la coladan. Amaldeko aitita, Antonio izenekoa, 40 eta 50eko hamarkadetan Rio de la Platarako bidea egiten zuen merkantzia-ontzi batean egiten zuen lan.
Nire familiaren adibide eta konpromiso politikoak, demokraziaren aldeko borrokak, beren askatasunaren aldeko borrokak eta langileen eskubideen aldeko borrokak borroka hau dela eta, gurasoek desterrua eta Francoren kartzelak ezagutu zituzten- ekarri naute hona.
Nire ustez, politikaren berezko izatea da pertsonen bizitzaren baldintzak hobetzea eta askatasuna, elkartasuna eta justiziaren baloreen alde lan egitea.
Honi ekingo diot hurrengo urteetan Euskadiko Gobernuaren Lehendakari gisa eta horretarako Ganbara honen konfiantza eskatzen dut.
Hau da eskaintzen dudana. Baina baita herritarrei eskatzen diedana ere. Elkarren arteko errespetua, desberdintasunak onartzea, akordioak bilatzeko ahalegina egitea, euskal gizartea batzea, gure erakunde demokratikoak defendatzea.
Eta oraingo egoeran ahalegin gogorra egin behar dugu krisialditik irteteko, indarrak batuz. Ni beti egongo naiz elkarlanerako prest.
Hona hemen gobernu berriaren eskua, zabala, lankidetza eskaini eta eskatzen duena.
Ez dut nik inoiz gordeko.
Eskerrik asko.
Juan Jose Ibarretxe ere lehendakarigai da gaur, eta haren hitzaldia ere eskuratu dugu. Hementxe dago.
Francisco Javier Alvarez, "Patxi" zerbait esatearren.
Euskerazko atala, itxurakeria. Berak be ez dau sinesten.
Lauaxetaz hitz egin arren ahaztu egin da Lauaxeta hil zutenen oinordekoen botoez sartu dala atzeko atetik
eta hainbat legez kanpo itxita.
46 eta 1380. 46 hilabete eta 1380 egun geratzen zaizkio edo gitxiago.
Horra dokumentu originala itsatsita. Bertsio original elebidunarekin hasten da (nagusiki gaztelaniaz dena, noski), eta gero dator euskara hutsezko bertsioa.