Espainiako Hezkuntza ministerioa itzultzaile humanoak erabiltzen hasi da bere oharrak Interneten jartzeko, joan den astean jakinarazitako Gabilondo aingeruaren aferaren ondoren. Bitartean, EAJk joan den astean agindutako ministroarentzako galdera ez da behintzat gaurko Espainiako Kongresuaren kontrol-saioaren gai-ordenean agertzen.
Joan den astean desastre zegoen oharra zuzendu dute. Lehenbizi, Gabilondo aingerua kendu zuten eta Angel Gabilondo jarri, ministroaren benetako izena, baina gainerakoak oso oker segitzen zuen, identifikatu gabeko itzultzaile automatiko batek hondatutako testuarekin. Gaur, testu hura zuzenduta dago, itzultzaile humanoak egina, bistan denez.
Hala ere, prentsa oharretan testu zaharrago batzuek oker segitzen dute.
Ohar berriagoak euskara zuzenean sartzen dituztela ematen du, behintzat izenburua. Baina azken oharra, testuz luze samarra, ez dago euskaratua. Euskarazko tituluan klik egin, eta erdarazko oharrera zoaz. Herenegungo beste ohar laburrago hau badago itzulia.
Bitartean, gaur Espainiako Kongresuan ministroei galderak egiteko saioa dago, Gobernuaren kontrol-saioa esaten dutena. Baina gaurkoaren gai-ordenean ez dago joan den astean EAJk iragarritakoa, Hezkuntza ministroari galdetu ziotela gai honi buruz.
Ikusiko dugu ea datorren astean, asteazkenetan izaten baitira kontrol-saio hauek.
Badirudi geurea 2. mailako hizkuntza dela. Katalanezko eta gailegozko bertsioak ondo zeudela zirudien. Horrekin ez dut esan nahi, euskara gutxiesten dutela, seguruenik itzultzailea oporretan zegoen eta itzultzaile automatikora jo zuten. Ageri denez, gaitza baino erremedioa okerragoa izan zen.
Hala eta guztiz ere, barkaezina da halako erakunde batean horrelakoak gertatzea. Dirua aurrezteko modua izango ote da?
Zuek egindako salaketagatik izango ez balitz, hor jarraituko luke aingeruak betirako.
Ondo segi :D