Sustatu logoa Teknologia albisteak

Elgetan 1936-37koen omenezko memorial bat egiteko proiektua

Luistxo Fernandez
2009-04-21 11:04

Intxorta 1937 elkartearen eta Elgetako Udalaren asmoa da ibilbide tematiko bat egitea, Intxortako frontearen inguruetan, panelekin-eta, bideak apur bat zuzenduta, eta agian lubaki batzuk berriztatu eta egokituta.

Puntu horietako batzuk erakutsi zizkiguten, euri eta lokatza artean, Toldoen lubakia esaten zutena, edo Belgikako miliziano batzuek jarritako La Belga artilleria piezaren kokapena (bueno, ehun bat metrora egon ginen, babesleku baten zuloaren hondakinetan, ze pinudi lokaztu batean sartu beharra zegoen).


Argazkiak.org | Lubakiak Intxortan Intxorta 1937 elkarteak bidalitako argazkia

Memoriala

Ibilbide tematikoaz gain, Oroitzapenerako zentro edo gune bat ere jarri nahi dute, Elgeta herrian bertan, Espaloia Kafe Antzokiaren lokaletan. Juan Ramon Garaik azaldu zigunez, ez bakarrik fronte honetan hilak gogoratu nahi dituzte hemen, Gerra Zibilean desagertarazi eta hildako guztien izenak bertan panel edo horma batean jarri nahi lituzkete, baita haien datuak eta argazkiak biltzen joan datubase batean. Memorial bat, behar bezalakoa.

Egitasmoa zehatz idatzi dute, aurrekontu eta guzti, eta laguntzak espero dituzte orain. Ea ba, nik uste merezi duen kontua dela.

Hurrengo ekitaldiak

Hain zuzen ere, bihar asteazkena egitasmoaren aurkezpena egingo da Elgetan bertan, Espaloian, 19.30etan.

Ondoren, ostiralean, apirilak 24, nazionalak Elgetan sartu ziren egunaren 72. urteurrenean, Elgetan izandako gerra krimenetan hilak gogoratuko dituzte. Lore eskaintzak egingo dira 19.00etan Salbador ermita ondoan dagoen monolitoan (herriaren irteeran bertan), eta aurrerago, Asentzioko gurutzebidean dagoen Intxorta Atea monumentuan.

Krimen horietako bat goiko bideoan agertzen da. Beste bat ere grabatu nion Juan Ramon Garairi, Antzuategi Bastarrekoa baserriaren ondoan, nola hor ere beste zazpi lagun exekutatu zituzten odol hotzean, tartean baserriko nagusia, semearen aurrean.

Eskupeko diruarekin hiltzaileei ordainduta, familiak aitaren gorpua kanposantura eroatea lortu zuen. Besteak ostera, milizianoak, bertan lurperatu zituzten bonbak aurreko asteetan egindako zuloetan, eta hantxe aurkitu zituzten duela 5 urte elkarte honetakoek egindako indusketan.

Juan Ramon Garaiz aparte, Intxorta 1937 elkarteko beste bi lagun ere izan ziren azalpenak ematen, Josuren Murgizu eta Jesus Gutierrez historialaria.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu