Blogariak txarto uzten dituen thrillerra
2009-04-20 17:04
State of Play filmaren kritika egin dute bi blogari euskaldunek, filmaren gaiaren harietako batetik tiraka: blogak toki txarrean uzten dituela, hedabide tradizionalen aldean.
Gaztelaniazko trailerra da hori (La sombra del poder). Orijinala ingelesez hemen dago, baina ez du itsasteko koderik eskaintzen.
Zera dio Joxe Aranzabalek filmaren gainean:
Filmak indartu egiten du aurreiritzia, hortik zehar dabilena, zeinaren arabera, blogariek arinkeriak idazten baitituzte. Aitzitik, paperean dabiltzanak, profesionalismoaren eta sakontasunaren paradigma dira. Une batean, gainera, blogariak berak aitortu egiten du esku artean duten informazioa inportanteegia dela, eta hobe paperean ateratzea. Enpin.
Amatiñok, berriz, galdera batzuen bidez laburbiltzen du nola marrazten dituen blogak film honek:
Blogak balio al du lehen lehen mailako albisterik emateko? Paperezko egunkariak digitalak baino serioagoak al dira? Zilegi al da blogez aditzera ematea egunkari-zutabez ontzat emango ez litzatekeena? Internetek errotatibaren erantzukizuna eta sinesgarritasuna hankaz gora botako al ditu?
State of Play Kevin Macdonald zuzendariaren thrillerra da. Protagonistak dira Russell Crowe, Rachel McAdams eta Helen Mirren.
Erantzunak kargatzen...