Espainiako Internautak Gonzalez-Sinde ministra berriaren aurka
Zapatero Espainiako presidenteak atzo aurkeztu zuen bere Gobernu berria eta, horien artean, kultura ministro berria, Angeles Gonzalez-Sinde, orain arte Espainiako Arte eta Zinema Akademiako presidente izan dena.
Akademiako presidente izan den bitartean sutsuki borrokatu da P2P sareen aurka eta Interneten aurka. Bere ustez, P2P sareak erabiltzea pirateoa da, Canon digitala ez da nahikoa, banda zabalera txikitzea proposatu du eta Frantziako eredua egokia deritzaio P2P sareak debekatzeko.
Bere izendapenak, nola ez, hautsak harrotu ditu Espainiako Internauten artean. Gaur bere izena dabil blogari nagusien ahotan.
Enrique Dansen arabera amesgaiztoa da egoera berria eta Internetek izan dezakeen albisterik txarrena da Gonzalez-Sinderen izendapena, emakume radikal eta atzerakoia. Internauten Elkartearentzat ere albiste txarra da eta probokazio hutsa, eta Alt1040 blogaren arabera, egoera berria beldurgarria da eta Gonzalez-Sinde erabat deskonektatuta bizi da. Microsiervos blog ezagunean ere gaurko albiste nagusienetakoa da: Sarea Gonzalez-Sinde ministra berriaren aurka.
Blogarien artean ez ezik, sare sozial nagusietan ere zeresana eman du gaiak. Facebook-en Gonzalez-Sinde pirate erabiltzailea sortu da, egun betean 3.200 lagun baino gehiago dituena (eta etengabe hazten). Twitterren ere SindePirate erabiltzailea sortu da eta Sinderen izena bolo-bolo dabil Twitterzale guztien artean.
Erantzunak kargatzen...