Googleren bi produkturen ezarpena erosi dute Jaurlaritzak eta EITBk
EITBk, Googlek eta Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri dutenez, euskal erakundeek Googleri zenbait produkturen ezarpena erosi diote. Google euskaraz izenburuarekin iragarritako ekitaldian, bi produktu ezarpenen berri eman dute. EITBk banatutako ohar batek dioenez, "Googlen euskarazko tresna eta zerbitzu berriak gehitzeko plangintzan, Expressive SL euskal enpresak, multinazional amerikarrarekin batera, ezartze eta aholkularitza lanak egingo ditu."
Batetik, Google Search Appliance delakoaren hardwarea ezarriko da, Jaurlaritzak eta EITBk beren webguneen edukia (eta beste erakunde batzuena) indexatzeko eta Euskarazko Bilatzaile Orokorra deituko duten zerbaitekin bilatu ahal izateko. Hemen beheko gailu hau bezalako zerbitzari multzo batek osatzen duen hardware multzoa da hori.
Bestalde, Google Apps aukeraren Enterprise kategoriako ezarpen bat egingo zaio Eusko Jaurlaritzari. Horrekin, Euskadi.net, eitb.com edo euskal erakunde publikoen beste domeinu batzuekin, sarbidea izango dute administrazioko langileek eta herritarrek Googlek eskaintzen dituen bere ofimatika produktuetara: Gmail, Google Docs eta Calendar direlakoak. Alegia, Gmail-eko e-posta, Gmail-eko kontu batekin izan beharrean, Euskadi.net edo Euskadimail.com moduko kontu batekin (Euskadimail izena aurkezpeneko diapositiba batean ikusi dugu).
Euskara produktu hauetan
Produktu hauetan euskarak izango duen garrantzia azpimarratu dute gaurko aurkezpenean, baina berez gaur ez dute nobedaderik aurkeztu. Carlos Gracia Google-koak esan du Jaurlaritzak Googleko bilaketak euskarara egokitzeko txosten bat prestatu diela, eta hori aplikatzen hasi direla jada, urratsez urrats. Euskarazko edukien bilaketa espezifikoa barik, zaila izango da Google Search Appliance horretan oinarrituriko Euskarazko Bilatzaile Orokorrean euskarazko eta erdarazko edukien bereizketa egitea, Euskadi.net bezalako webgune batean eduki eleanitza baitago.
Google Apps delakoaren euskal bertsioan, berriz, euskarazko e-posta ikusiko bada, aldez aurretik Gmail euskaratzen badute izango da. Lan hori boluntarioek egina omen dago aspaldi, baina orain arte ez da agerian publiko egin behintzat. Hurrengo asteetan egingo da publiko Gmail euskarazkoa. Eusko Jaurlaritzak bideratua du jada Metaposta izeneko proiektu baten garapena, herritar guztiek e-posta kontuak izan ditzaten. Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, Microsoft-ekin akordioa dauka, postontzi elektronikoa (eta beste zerbitzu batzuk) enpresa horren teknologiarekin garatzeko. Orain beste kontratu bat, nonbait, Googlerekin antzeko zerbitzu bat lortzeko.
EITBk ekitaldian publiko egin duen ohar batean dioenez, EITBk lan egingo du "euskarazko edukiak zein zerbitzuak multinazional amerikarraren zenbait produktutan (Youtube, Books, Maps, Earth edo Blogger) ezartzearen alde". Gaur egunean, Google Maps jada euskaratua dago.
Googlek enpresa mailako zerbitzu hauek eskaintzen dituenean, izaten da bere oinarrizko teknologian dauden aukerak aplikatzen dituela bezero baten mesedetan. Hortaz, produktu hauetarako euskarazko gaitasunak garatzen badira, pentsatzekoa da Google orokor eta doakoan ikusiko ditugula gaitasunik horiek (euskaraz bilaketa egiteko aukera, Gmail eta Docs euskaraz...).
Gaurko ekitaldian hitz egin dutenak izan dira Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Juan Diego EITBko Estrategia eta Interneteko zuzendaria eta Carlos Gracia Google Enterprise Iberiako zuzendari nagusia eta Miguel de Reina Expressiveko zuzendari komertziala eta Googleko zuzendari komertzial ohia izango dira. Miren Azkaratek ez du izan etortzerik (iragarria zegoen gonbidapenean), Eusko Legebiltzarraren osaketan egon baita.
Erantzunak kargatzen...