Sustatu logoa Teknologia albisteak

146 urteren buruan, Seattle P-I egunkaria ez da gehiago paperean kaleratuko

Sustatu
2009-03-17 13:03

Gaur argitaratuko du paperezko azken alea Seattle Post-Intelligencer egunkariak, AEBetako egunkari historiko handienetako batek. 146 urteko historiaren ondoren, itxi egin dute Seattle P-I (honela ezagutzen da batik bat), eta Interneteko albistegi soil gisa jarraituko du, informazio lokalean eta iritzian oinarrituta. Erredakzioan, 165 lagunetik, 20 laguneko lantaldera igaroko dira.

Hona albistea SeattlePI.com webgunean bertan. Argitaratzailea (nagusia) ageri da bideoan erredakzioari albistea ematen. Erabakia Hearst etxearena izan da, garai bateko AEBetako egunkari talde handiena zenarena, hura baita Seattle P-I-ren jabea. Albistea ez da sorpresa, AEBetako egunkari askoren krisia ezaguna da, eta Seattleko honen kasuan, duela bi hilabete jarri zuten publikoki salgai, esanez ez bazuten eroslerik aurkitzen sarera igaroko zela papera atzean utzita.

Eta halaxe gertatu da. 165 laguneko erredakziotik, 20ko erredakzio batera igaroko dira. Gaur egungo webgunea ere eraldatu egingo da, papereko orotariko albisteen bertsiotik, albiste eta iritzi lokalean zentratzera igaroko dira, eta blogak izango dira horren oinarri nagusietako bat, PaidContent webguneak dioenez. Publizitatea lortzeko ahalegin eraberrituak ere egingo omen dituzte webguneari begira. Nielsen estatistika zerbitzuaren arabera, 1.8 milioi bisitari bakar ditu SeattlePI.com webguneak hilean. PaidContent-ek beste barne-estatistika bat aipatzen du, 4 milioi bisitari bakar.

Seattle P-I-k 117.000 ale saldu izan ditu paperean, azken auditoria publikoen arabera. Hala ere, iaz 15 milioi dolarreko galera izan zuen.


Egunkariaren urtarrileko ale bat © cc-by-sa: Jason Taellious, Dreamsjung

Seattle-n beste egunkari handi bakarra geratuko da orain: The Seattle Times. P-I baino kontserbadoreago izateko ospea du, eta zirkulazio handiagoa. 198.000 ale egunean. Gaur egungo P-I-ko harpidedunei Times iristen hasiko zaie etxera, kontrako agindurik ez badute ematen. Hala ere, lehia desagertzen zaion arren, Seattle Times ere superbibentzia arazoetan dago bere webgunean bertan irakur daitekeen albiste honen arabera.

Albistea AEBetako beste egunkari handi batzuen webguneetan:

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu