Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ezkontzen abolizioa eskatuz

Gari Araolaza
2009-03-17 08:03

Californiatik dator bi ikasleren proposamena: ezkontzaren figura desagertarazi eta izatezko bikote figura legala bakarrik mantentzea eskatuz. Donklephant blogean irakurri dut Meneame bidez.

Hau bat dator antzerako beste ideia batekin: izatezko bikoteen figura desagertu beharko litzatekeela pentsatzen dut nik.

Izena berdin zait

Bi pertsona elkartzen dira bizimodua elkarrekin egiteko. Estatuak zenbait abantaila eta obligazio eskaintzen ditu horrelako bikoteentzat; Batzutan dirulaguntzak dira, bestetan zerga aitorpenean deskontuak, ekonomikoki egoera ahulenean dagoen pertsonarentzat babesa eta abar.

Horretarako baina, egoera hori errejistratu behar da estatuaren aurrean, eta horretarako erabili izan da orain arte ezkontza (bakoitzak ematen dion karga erlijioso, lagunarteko edo sozialaz at ari naiz noski). Beste batzuk nahiago izan dute izatezko bikote moduan errejistratzea. Nik uste dut horrek berdintasuna hausten duela, batez ere homosexualen ezkontzak onartu diren unetik (homosexualen kasuan bazuen zentzua izatezko bikote moduan izena emateak).

Bi aukerak oso antzekoak dira gaur egun, berezitasun oso txikiekin. Orduan, zertarako bi figura, gaur egun ia ezaugarri berdinak baldin badituzte?

Ezkontza edo bikote eredua berrikustea

Ez direla egokiak gaur egungo ezkontzaren egoera, betebehar eta abantailak? Berregin dezatela legedia, gaur egungo egoerara moldatu daitezela.

Bikote bizitza eraldatzen doa eta eredu desberdinak sortzen ari dira: hiri desberdinetan bizi eta asteburuetan bakarrik elkartzen diren bikoteak, banatutako baina haurren zaintza konpartitua dutenak, elkarrekin bizi diren lagunak (nori axola dio tartean sexu harremanik duten ala ez?), egoera legeztatzeko ezkontzen diren etorkinak eta abar.

Legedia egoera berri horietara moldatu beharko da, lehenago edo beranduago.

Eta pixka bat haratago...

Ondokoa asko pentsatu gabe botatzen dut, eta ez egin kasu askorik, baina lerro honi jarraituz zabaldu zait ate hau: eta zergatik izan behar dira bi pertsonen arteko loturak? Hirukote edo laukoterik onartuko ote da etorkizunean?

Poligamia/andria ez dago baimendua, batez ere asimetrikoa delako, hau da, gizon batek hogei emazte izatea berdintasunaren aurka doalako zuzen-zuzenean.

Baina egun batean hirukote bat aurkezten bada (maila honetan ez du axola zein sexukoak diren) udaletxean esanez elkarrekin bizi direla edozein bikote bizi diren moduan, berdintasunean, eta izatezko bikote edo ezkonduen eskubide berdinak nahi dituztela eskatuz?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu