Teknologia albisteak
2

Yes We Scan

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-03-04 : 09:03

Yes We Scan AEBetan martxan jarri duten kanpaina ireki bat da. Sareko zenbait aktibista eta intelektual Carl Malamud ziber-ekintzailearekin bateratu dira, Malamudi Gobernuan lanpostu bat eman diezaioten: Public Printer of the United States; AEBetako Inprimatzaile Nagusia. Agiri, ondare eta informazio publikoaren zabalkunde efektibo eta irekiaren aldeko kanpaina bat da. Euskal Herrian ere ez da erraza publikazio publikoak benetan publiko izatea, eta EGA azterketen kasuan Maite Goñiri egin ziotena etorri zait gogora. Gainera, Facebook-ek gogoratu dit gaur Maiteren urtetebetetzea dela (horretarako behintzat balio du Facebook-ek), eta hor doakio opari tonto hau, kartela. Zorionak.


Argazkiak.org | Maite, Yes We Can © cc-by-sa: Luistxo.F

Yes We Scan kanpaina hau ez da hauteskunde baterakoa. Carl Malamudek bere burua izendatu du postu horretarako hautagai, eta Barack Obama presidenteari bidali behar diote eskakizuna, bildutako babes guztiekin, ofizialki izenda dezan. Apaltasun gutxiko urratsa dirudi, baina aurrekariak ditu: Gus Giegengack delako batek halaxe eskuratu zuen lana, babesak lortu, gutuna idatzi ezagutzen ez zuen F.D. Roosvelt presidenteari bere ideiak azalduz, eta presidenteak lana eman zion. Ondo egin omen zuen, hala esaten digute.

Giegengack hark egin zuena errepikatu nahi dute orain. Kanpainaren lemaren esanahia argia da: Yes We Scan; bai, eskaneatzen dugu. Erreferentzia argia Barack Obamak erabili zuen lema horri: Yes We Can; bai, ahal dugu.

Carl Malamud Public.Resource.Org ekimenaren bultzatzailea da. Kanpaina etengabeak egin izan dituzte, AEBetako erakunde publikoek libreki banatu zitzaten sarean izarera publikoa duten agiriak eta informazioak. Kasu batzuetan, agintaritza organo batek diru ordainetan eskaini nahi zuen zerbitzu bati aurre egin diote, lege-argudioak erabiliz baina era berean informazioa zuzenean eskaneatuz eta baimen zehatzik gabe banatuz. Adibidez:

Public Printer izendatuko balute, Malamuden esku legoke Government Printing Office delako erakundea. Hiru aginteen argitalpenak egitea du egitekoa bulego horrek: lege eta epaiak (judiziala), Kongresuko agiriak (legegileak), eta gobernu organoek argitalpenak (exekutiboa). Lana eskuratuz gero, zazpi puntutan laburbiltzen duen programa bat eramango du aurrera Malamudek. Oro har, informazio publikoa publikoki banatzearen alde, eta teknologiaren erabilpen aurreratu eta zentzuzkoaren alde agertzen da puntu horietan.

Carl Malamuden kanpaina babesten dute, besteak beste, BoingBoing-eko editore Cory Doctorow eta Mark Fraunfelderrek, Creative Commons-en sortzaile Lawrence Lessig-ek, eta Tim O'Reilly software libreko alorreko argitaratzaile nagusiak.

Eta hemen zer?

Hemen Maite Goñi izendatu beharko genuke Public Printer of the Basque Country. EGA azterketen inguruko argitalpen politika hori erabaki dutenak baino ganora gehiago badu behintzat.

Bide batez, behin Maiteri kartela aterata, IKTeroen arteko Jokin Lacalle Jolaus-i ere atera diot, Obamicon deritzon tresna horrekin.


Argazkiak.org | Jolaus © cc-by-sa: Luistxo.F

Duela egun batzuk artikulu sentitu eta sakona idatzi zuen Jolausek IKTeroen blogean, etsipen dexenterekin. Aurrerapen gutxi ikusten du zenbait kontutan, eta dezepzio zuzenak ere jaso ditu, adibidez Goñiri egin diotena EGA azterketekin. Baina hori baino gehiago, informazio teknologia berrien kontua irakaskuntza prozesuan nola txertatzen den. Alor horretan, Yes We Scan baino gehiago esan eta egin beharra dago, eta eskaintzeko gutxi dut nik, baina bihoakio irudi honekin bederen animo apur bat.

Erantzunak

haritz
2009-03-04 : 11:21

Zorionak Maiteri, baita zuri ere, Luistxo.

Nik uste dut benetan zerbait egin beharko genukeela, sinadura bilketa bat edo abiarazi, manifestu batekin batera, AEBetakoa adibide gisa hartuta akaso. Zer deritzozue?

Maite Goñi
2009-03-05 : 01:39

Luistxo, kartela zoragarria irudituta ere (eta, zalantzarik gabe, hala iruditu zait), benetako oparia zure hitzak izan dira. Mila esker!

Erantzun

Sartu