Izen pixka bat baduen Village of Joy webgune grafikoak selekzio bat egin du, Banksy estiloko grafiteroen 30 lan. Horien artean daude X10 artista euskaldunaren bi lan. Stencil edo txantiloi bidezko graffiti artean maisu euskaldun eta anonimo bat.
egilearen baimenarekin © cc-by-nc: X10
Galderak zuzendu dizkiogu, eta kontutxo batzuk esan dizkigu X10ek.
Ez da erraza estiloen arteko mugak ezartzea, nik behintzat ez daukat oso argi. Hasiera batetan graffiti tradizionala zegoen, spray-ez horma bat, tren bat edo dana dalakoa landutako sinadura batez betetzea, mural figuratiboak eta tag-ak (errotuladorez bapatean botatako sinadurak) ere inguru horretan daude. Baina gero beste joera batzuk sortu ziren (kartelak, sticker edo pegatinak, stencil edo txantiloiak, reverse graffiti-a, eraikinetan proiekzioak, ...). Guzti hori batzeko graffiti hitza motz gelditu zen eta guzti hori batzeko gaur egun street art edo kaleko artea izena erabitzen da.
X10ek uste du txantiloi hitza egokia dela gazteleraz plantilla eta ingelesez (eta orokorrean) stencil deitzen den hori izendatzeko.
Txantiloi edo stencil-a teknika bat besterik ez da, paper, kartoi edo dena delakoan irudi bat moztu eta hori oinarri bezala erabilita spray-ez margotzea, bukaeran zuloetatk pasatu den margoa bakarrik markatua gelditzen delarik.
Hona X10en lan prozesuaren adibide bat hiru iruditan.
Sustatun azken aldi honetan agertu diren lan batzuk aipatzearren, Banksy-k egiten duena stencil-a da eta ez, ordea, Dizebi goierritarraren lana, hori graffitia da, berak txantilorik gabe (gazteleraz a mano alzada esaten dena) zuzenean horman margotzen du. X10ren lana, nagusiki txantiloia, baita irudi hau ere:
Nik egin izan ditudan gauza gehienak txantiloi edo stencil-ak dira. Hildako tipoarena adibidez, egunkari orri batzuk bildu, bertan etzan, nire silueta markatu eta irudian zuriz ikusten dutuzun zatiak moztu nituen. Gero bertara joan (Urkuluko urtegira), egunkari horriak lurrean jarri eta spray-ez margotu nuen.
Anonimotasuna ohikoa da kaleko artista hauen artean, baina ez guztiena (Igor Rezola da Dizebi, adibidez). Euskal Herrian bat baino gehiago dabil hortik.
Egia esan ez daukat ideiarik Euskal Herrian nor dabilen, nire kontu hasi nintzen eta nik behintzat ez daukat inguruko beste inorekin erlaziorik. Badakit ideia beltzen brigadakoak hor daudela, ni hasi aurretik Urkulun beste batzuk bazeuden, Aretxabaletan euskara ofiziala eskatzen duen baten bat ikusi dut, Arrasaten AHT-ren aurkakoak badaude, Gasteizeko alde zaharrean ere zerbait badago, ... eta flickr-en hau aurkitu nuen
Horra X10en lanaren beste adibide bat, kasu honetan Ekaingo zaldi eta bisonteak erabilita.
Arte zahar eta berrienaren arteko lotura arraro eta eder bat iradokitzen dit neuri behintzat.
Argazkiak, egilearen baimenarekin © cc-by-nc: X10
Lelengo stencil hori asko gustetan jat, oso ona da.
Eskoitzako Gernika Plazan dau.
Ta beste batzuk be oso onak daz Eskoriatzan, harrijasotzaile eta aizkolari batzuna...