Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen Film Laburren Zirkuituaren seigarren edizioa aurkeztu du. Zirkuituaren bidez,Topaguneak eta osatzen duten Euskara Elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren urteko produkzioa ezagutarazteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintza aberasteko ekarpena ere egiten dute. Federazioak bere gain hartzen du filmak bilatzeko, aukeratzeko eta batzeko lana, eta gero aukera ematen die nahi duten elkarte guztiei euren herrian erakusteko.
Topagunearen Kulturgintza Saileko arduraduna den Manuel Morenok azaldu duenez, ekimenak gero eta harrera hobea du euskara elkarteen zein zinemagileen aldetik. Horren froga argia, urtetik urtera etengabe hazten ari den emanaldi kopurua: aurten 47 emanaldi eskainiko ditu zirkuituak, iaz baino hamar gehiago. Haietako bost, gainera, Euskal Herritik kanpo izango dira lehen aldiz, Erromako Associazione Culturale Euskara, Parisko SustraiakErroak, Shanghaiko Euskal Etxea, Bartzelonako Euskal Etxea eta Londreseko London Basque Society elkarteekin bideratutako elkarlanari esker.
Morenok azaldu duenez, aurreko edizioetan behin baino gehiagotan iritsi da eskaeraren bat edo beste diasporatik, baina beti epez kanpo. Hori kontuan izanda, zirkuituan parte hartzeko aukera denboraz eskaini diegu atzerriko zenbait euskara elkarte eta euskal etxeri, eta erantzuna ezin hobea izan da: aurtengo Zirkuituaren estreinaldia, esate baterako, Erroman izango da, martxoaren 5ean.Gainontzeko emanaldien egutegia, eta labur guztien sinopsia, esku-orrian ikus daitezke.
Zortzi film ordubete inguruan
Emanaldi bakoitzean zortzi film labur eskainiko dira, denak ere 2007-2008an ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko eta, iazko harrera ona ikusita, aurten ere Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan saritutako lanetako bi sartu dira tartean. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabatu, editatu eta aurkezteko erronka proposatzen zaie parte hartzaileei, eta emaitza gero eta harrigarriagoak izaten dira urtetik urtera, irudimenaren zein kalitate teknikoaren aldetik.
Egileei buruz ari garela, Film Laburren Zirkuitua paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, plaza berriak eskainiz, herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio askotan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.
Hain gertu hain urruti.
Eta batzuk bere herrian ezin ikusirik .
Euskara elkarteak nonahi, nahi non.