Teknologia albisteak
3

Euskararen etorkizuna bermatzeko, proposamen ausartagoak egin beharko lituzkete alderdiek

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua
2009-02-25 : 18:02

Kontseiluak datorren martxoaren lehenean EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdien hautes-egitarauak aztertu ditu, jasotzen dituzten proposamenek euskararen normalizazioari nola eragin diezaioketen baloratzeko.

Aurkezteko aukera ukatu zaien alderdien egitarauak ere aztertzea zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren asmoa, baina hautes-egitarauak eskuratzeko egindako lanek huts egin dute eta beraz ezinezkoa izan zaio Demokrazia 3 Milioi eta Askatasunaren proposamenen neurketa egitea. Gainontzekoan, EAJ, EA, Aralar, EB-Berdeak, PP, UpyD eta PSE-EE izan ditu aztergai.

Ondorio orokor gisa Kontseiluak adierazi nahi du alderdi bakar batek ere ez duela egin Unescok joan den astean azaleratu zuen euskararen egoera larria konponbidean jarriko duen proposamenik, oro har ausardia falta nabaria baita.. Azterketa egiteko, Hizkuntza-politika Indartu eta Garatzeko Hamar proposamen nagusiak hartu dira oinarri gisa eta alderdi bakoitzak egindako proposamena baloratzeko hiru adierazle erabili dira: Semaforo gorria proposamen ezegokia denean, zehazkabea edo askieza denean semaforo horia eta egokia denean berdea.

Esan bezala, hautes-egitarau bakar batek ere euskararen normalizazioaren beharrei erantzuten ez dion arren, alderdi batzuk eta besteek egindako proposamenen artean badago ezberdintasunik. Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazioak behar duen bizkortzea sustatzeko, besteak beste, Administrazioek hamar neurri horiek ezartzea beharrezkoa da eta, ondorioz, oso interesgarria deritzo hautesleei informazio garrantzitsu hori jakinaraztea haien botoa erabaki behar dutenean irizpide garbiak izan ditzaten.

Aralar, EB-Berdeak eta EA alderdiek zenbait alorretan egiten dituzten proposamenak interesgarritzat jo ditu Kontseiluak (hala nola, Hezkuntza Sistemari edo helduen euskalduntzeari dagozkionak) baina beste alor batzuetan hutsuneak nabarmenak dira eta ez diote euskararen normalizazioak dituen beharrei erantzuten.

EAJri dagokionean, orain arteko errezeta berberak proposatzen ditu: Hain zuzen ere, Unescoren Atlasean agerian geratzen den euskararen egoera zaurgarrira ahabidetu duten neurriak berresten dira. Kontseiluaren aburuz, beharrezkoa da Administrazioak pauso bat harago eman dezan euskararen normalizazioa bermatzeko bidean. Baina EAJren proposamenean ez da hizkuntza-politika eraginkorragoa abiatzeko proposamen zehatzik ageri.

PP eta UpyD alderdien hautes-egitarauek, bestetik, ezegokiak diren neurriak proposatzen dituzte, aurrera eginez gero euskararen normalizazioarentzako estrategikoak diren alorretam atzerapausoak ekarriko lituzketenak.

PSE-EEri dagokionean, PP eta UpyD nahiz EAJren proposamenen artean koka daiteke. Izan ere, hautes-egitarauetan euskarari dagozkion proposamenetan PP eta UpyDren programetan baino tono egokiagoa darabilen arren, proposatutako neurri gehienak ezegokiak, zehaztugabek edo askiezak dira.

Kontseiluak gaineratu nahi du, bestalde, alderdi politiko guztiek ez dutela haien informazioa oso-osorik euskaraz eskaintzen eta, ondorioz, aipuak erabiltzen direnean haiek erabilitako hizkuntza islatu da azterketan hitzez-hitz. Otsailaren 23a baino lehenago, haien webgunean hautes-egitaraua osorik euskaraz zuten alderdi politiko bakarrak honako hauek dira: Alderdi Popularra, Aralar, EAJ eta Eusko Alkartasuna. Egitaraua partzialki euskaratua dutenen artean, Ezker Batua Berdeak taldea dago (neurri orokor nagusiak euskaraz daude). Azkenik, egitaraua gaztelaniaz soilik dutenak PSE-EE eta UPyD alderdiak dira.

Kontseiluak hautes-egitarauen inguruan egindako azterketa oso-osorik eskuratzeko moduan jarri du Kontseilua.org webgunean, PDF formatuan.

Eskuratu azterketa PDFan

Erantzunak

Siberiatik
2009-02-26 : 10:43

Ez dakit ba. Txostenaren izenburua "Hautagaiak eta euskara" baldin bada, Arabako hautagaiak zein diren ikusita, ez zait oso zuzena EB-Berdeak, EA eta Aralar "pakete" berean sailkatzea.

Bittorio
2009-02-26 : 11:13

Atalez atal alderdiek idatzitakoaren arteko aldeak ikusita, gehienetan EAJ, EA, IU eta Aralarri "kalifikazio" berdina jartzea bitxi "samar" gertatzen da.

Beste behin ere, brotxa lodiaz egindako azterketa dirudi .

eneko
2009-02-26 : 16:25

pdf-a irakurri al duzue? Siberiatik: egia da izenburua "Hautagaiak eta euskara" direla baina hasieratik adierazten du zeren arabera aztertzen dituen alderdiak eta hautagaien hizkuntza gaitasuna ez dago tartean (egon behar lukeen? ziur baietz! baina nire ustean). Bittorio: noski brotxa lodiaz egindako azterketa dela, baina zuk erabilitakoa baino meheagoa bai behintzat azken orrian agertzen den laburpen kuadroan erabat garbi geratzen delako EAJ zuk aipatutako gainontzekoak baino laranja eta gorri gehiago dituela beraz kalifikazio berdina dutela laurek...

Nire ustetan azterketa alderdien programei buruz hausnartzeko oso egokia da. Bakoitzak atera ditzala kontuak!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago