Teknologia albisteak
2

Hauteskundeetarako kalkulagailu egokitua erabiliko dugu?

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Sustatu
2009-02-12 : 09:02

Irakurle batek galdetu zion Sustaturi duela egun batzuk, formularioa erabilita. Hurrengo hauteskundeetarako, "halako kalkulagailurik prestatu behar al duzue?". Zera erantzun genion: "Balizko debekatutako zerrendentzako boto eskaera eta mugimendua antolatzen bada, bai." D3M eta Askatasuna zerrenden debekua ziurtzat eman daiteke, eta gaur gauerdirako emango da azken erabakia. Baina, hortik aurrera, baliogabeko botoen alde egingo ote du legez kanporatutako ezker abertzaleak?

2003ko udal eta foru hauteskundeetara begira prestatu zuen Sustatuk lehen hauteskunde kalkulagailu egokitua. Batasunaren legez kanporatzearen ondoren, Autodeterminazioaren Biltzarrak (AuB) eta beste zenbait herri plataforma aurkeztu ziren orduan, baina alderdien legeak denerako balio duenez, debekatu egin zituzten. Legez kanporatutako ezker abertzaleak baliogabeturiko boto haiekin hauteskundeetara joateko deia eta kanpaina egin zuen.

Horren aurrean prestatu genuen kakulagailuak, datuak behin sartu, eta emaitza bikoitzak erakusten ditu. Zerrenda debekatuen aldeko bozak kontuan hartuta, edo hartu gabe. D'Hondt legearen kalkuluak bi aldiz egiten dira, eta eserleku banaketa modu batean edo bestean egiten da. Hona aproba baten irudia, Sustatuko diseinu zaharrarekin:

Beste hauteskunde batzuetan ere moldatu genuen kalkulagailua. Azkenengo aldiz, 2007ko udal eta foru hauteskundeetara begira. Kalkulagailuak oraindik duen itxurak hauteskunde horietako ezaugarriak ditu agerian. Iazko Espainiako Kongresurako hauteskundeetarako ez genuen ezer moldatu, debekatutako ezker abertzaleak abstentzioaren alde egin baitzuen.

Martxoaren 1ean zer?

Eta aurten, martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira? Irakurle horri erantzun diogun bezala, baliogabetzat joko dituzten botoen aldeko kanpaina badago, moldatuko dugu kalkulagailua. 25 eserlekuren banaketara egokituko dugu (kopuru hori banatzen da Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban), eta aldatuko ditugu siglak eta xehetasunak.

Baina, horrelako kanpainarik egongo ote da? Abstentzioaren aukera ere hor dago, iaz bezala, baina badago beste aukera bat, debekatutako ezker abertzaleak orain arte martxan jarri ez duena, baina bati baino gehiagori burutik igaro zaiona: beste zerrenda legal baten aldeko botoa eskatu.

Alderdien legearekin eta zerrenden debekuarekin ordezkaritza demokratikoa faltsutu egiten da. Amarru argia da. Eta amarruaren zama ezker abertzale debekatuaren bizkarrera joan behar da oso-osorik? Behin Legebiltzarraren osaketa faltsutzen hasita, beste alde batzuetatik ere faltsutu daiteke. Botoak metatu EAJren alde, edo PSOEren alde, edo PPren alde... Alderdi horien ordezkaritza faltsutu edo, erabaki judizialek dioten bezala, kutsatu.

Noren aldeko botoa? Komenientziazko kalkulu politikoa egin beharko dute, edo tongo handiena nola eragin daitekeen neurtu, agian. Nire uste batere kualifikaziorik gabean, Ezker Batua kenduta, batetik edo bestetik beste edozein alderdiren aldeko botoak izan dezake zentzua segun eta nola eragin nahi den: PSE-EE, EAJ, PP, EA, Aralar, eta baita Legebiltzarrerako aukerarik ez duten Rosa Diezen UPyD, edo Paz y Justicia eta halakoak. Zeinen alde izanda ere, tripako minez eta botoari eskularru aseptikoari eutsita joango lirateke boto-emaileak, baina kanpaina eginez gero, egin egin daiteke.

Gertatuko da hau? Ez dut uste. Legebiltzar faltsutu baterako hauteskundeak izan ziren, Nafarroakoak 2007an, eta han ez zen horrelakorik egin. Baina beste bi urte igaro dira eta, nire ustez, boto baliogabeen araberako ustezko ordezkaritza legitimoen aldeko aldarriak ezer gutxi eman die 2003tik hona. Ikusiko da, boto baliogabeen kontaketara jotzen badute, moldatuko dugu kalkulagailua eta aurrera.

Erantzunak

bordaberria
2009-02-12 : 14:10

Ilegalizazioak itxaroten dugun bitartean eta azken sorpresarik ez badago, ezker abertzaleko hautesle "kabreatuak" ikusten ditut boto emateko gogoz izorretzearren behintzat.

Legebiltzarran eragina izatearren zera proposatuko nuke: herrialde bakoitzean zerrenda legal "marjinal" ei botoa emotea, adibidez Gipuzkoan berdei, Bizkaian Karma demokratikoari eta Araban Aralarreri (han laguntza beharko dutelako), horrela 4 talde egon beharrean legebiltzarrean 7-8 egongo ziren, partidu nagusien kalterako (PNV, PSOE, PP).

Aurreikusten den gobernua aterako litzateke PNV-PSOE baina "saltsa" gehiago egongo litzateke.

Nuloren botoa baino erakargarriagoa izango zen behintzat bai.

Sustatu
2009-02-14 : 10:48

Demokrazia 3 Milioi taldeak (D3M) bere izenaren aldeko bozak egoteko deia egin du, bere hautagaitzaren debekua baieztatu ondoren.


Hortaz, emaitza ofizialetan baliogabekotzat joko dituzten botoen aldeko kanpaina izango da, eta zentzua izango du oraingoan ere gure kalkulagailua egokitzea eta eskaintzea. Halaxe egingo dugu laster.


Gaurko D3M-k deitutako manifestazioa, bestalde, debekatu egin du Entzutegi Nazionalak.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago