Euskararen egoera hauteskundeetarako webgune politikoetan
Alderdi politiko desberdinetako webguneak begiratzen egon naiz, kuriositatez.
Webguneotan euskara zelan dagoen ikusita, artikulu hau idaztera bultzatu nau egoerak. Kasu batzutan alderdiaren webgunea bera gainbegiratu dut, alderdien ingurukoak diren zenbait webgune besteetan.
Denbora osoan euskaraz konfiguratuta dagoen nabigatzaile batekin egon naiz webguneok bisitatzen.
EAJ
Ibarretxe.com: Erdaraz agertu zait webgune osoa eta lehen planoan dagoen bideo baten bitartez, euskañolez gonbidatu nau Ibarretxek berarekin eztabaidatzera.
Ibarretxerentaldea.com: Interfazea euskaraz dagoen arren, ematen du Ibarretxeren taldeak ez dakiela euskaraz idazten. Artikulu hau argitaratu baino lehen behintzat ez dutelako hala egin.
Thinkgaureuskadi2020 webgunean sartzean hizkuntza aukera daiteke. Dena dela, Twitter eguneraketak erdara hutsez egiten ditu, batzutan oso lotsa gutxirekin.
PSE-EE
Euskaraaskatasunez.com: Defektuz interfazea eta edukia euskaraz agertu zait baina nahiko eduki gutxi du, izatez, manifestu famatua besterik ez. Abandonaturik dagoela dirudi.
Redparaelcambio.org: Erdarazko domeinua du bakarrik (berrikuntzasarea.org ez dute hartuta), lotsagarria da ekintzaileen txokoa delakoan dagoen euskara maila. Horrenbeste akats ikusi ostean, irakurtzen jarraitzeari uko egin diot. Badaezpada ere, hona hemen pantaila-argazkia.
PP
Basagoiti 2.0: webgune osoa espainol hutsez dago. Adierazgarria da baita sarean -eta saretik kanpo- eginiko Zabaldu begiak kanpaina. Alderdi Popularrak ez du euskararekiko inolako interesik erakutsi -sarean behintzat- eta gainera, paso egiten du hauteskunde garaiotan hain modan dagoen itxurakerietan ibiltzeari.
D3M
Zerrendako webgune elebidun-diglosiko bakarra da (Bideoak-Videos, Argazkiak-Fotos?) eta kronologikoki agertzen den edukia errepikaturik dago bi hizkuntzetan kasurik gehienetan, nahiko irudi pobrea emanez.
EA
Alderdiaren webguneak interfazea du euskaraz, eduki gehienak Cervantesen hizkuntzan dituelarik. Edukion hizkuntza ezin daiteke aldatu.
EB
Defektuz erdaraz agertzen da. Euskara sakatuz gero, interfazea bakarrik euskaratzen da, edukiek gazteleraz jarraitzen baitute.
Aralar
Euskaraz kargatu da, interfazea zein edukiak. Gaztelerara joz gero, edukiak zein interfazea aldatzen dira hizkuntzaz. Hizkuntza eskubideak (euskaldunenak zein erdaldunenak) babesten dituen webgune bakarra da nahiz eta ez dituen erdaradunak euskaraz kontsumitzera bultzatzen. Mundu guztia pozik lagatzeko saiakera antzua (ni exijentea naiz gero!).
Bukatzeko, zenbait puntu:
- Aipaturiko webgune batek ere ez du euskara lehentasunezko hizkuntza modura, gehienek erdara dutelarik nagusi -edo bakar-.
- Askok, internauta -eta nabigatzaile- euskalduna izanik Euskara botoian klik egitera behartzen dute, nabigatzailearen hizkuntza-ezarpenei muzin eginez.
- Webguneotan jasotzen duen pareko tratua ematen baldin badiote alderdiek euskarari, oraindik euskarak gurutz-bide luzea du aurretik.
Erantzunak kargatzen...