Teknologia albisteak
1

Lurrikarak eta urtegiak, Txinan eta Nafarroan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-02-03 : 11:02

Txinako albistegi batzuen arabera, susmoa zabaltzen ari da iazko Sichuango lurrikara handian gizakiak eragin zuzena izan zuela, urtegi bat tarteko, zehazki. Urtegiek eragin sismikoak dauzkatela da Itoizko koordinakundearen salaketetako bat, eta Itoitz inguruan lurrikara txikiak ugaldu izana abisu larritzat daukate.

Iazko Sichuango lurrikara maiatzaren 12an gertatu zen, eta 70.000 lagun baino gehiago hil ziren.

Lurrikararen neurri handia sorpresa izan da sismologoentzat, eta hauetarik batzuek gizakiaren eskuartzeaz susmati ageri dira. Zehazki, epizentrotik gertu dagoen Zipingpu urtegiaren eraikuntzak eta huraxe urez betetzeak eragina izango zuelakoan daude. Horra mapa.

Sismologoen iritziz, lurrikararen failak ez zen halakorik izan milioika urtean, eta bertako urteroko tentsio sismikoak ez du azaltzen bat-batean askatutako lurrikararen indarra. Zientzialari hauen iritziz, urtegiko uraren pisu eta presioa izan daiteke tentsio gehigarriaren jatorria.

Informazio gehiago hemen eta hemen.

Itoitz

Urtegiek eta haietan pilatzen den urak inguruetako oreka tektonikoan eragina dutela sismologo askoren ustea da. Itoizko urtegiaren kontra antolatutako taldeek aspaldi abisatu izan dute arrisku horretaz, eta urtegia urez betetzen hasi zenetik izandako lurrikara txikiez ere ohartarazi dute. Sichuangoa barik, aipatu izan duten aurrekaria Italiako Vajont urtegiaren kasua izan da.

Itoizko koordinakundeak zabaldutako azken oharraren arabera, urtarrilaren 20aren eta otsailaren 1aren artean, 20 lurrikara gertatu dira urtegiaren inguruan, eta horietarik hiru argi nabaritu ahal izan dituzte inguruetako herrietako bizilagunek.

Itoizko urtegiak mehatxatutako bizilagunen asanblada delakoak informazioa dauka webgune batean, eta datu sismologikoak ere agertzen dituzte bertan.

Erantzunak

Tarratian
2009-02-03 : 11:35

Galizian ere izan ziren halako kasuak, urtegia egin eta mugimendu sismikoak gertatzea berez egonkorra zen eskualdean.

Erantzun

Sartu