Sustatu logoa Teknologia albisteak

PuntuEus elkartea: .eus dominioaren alde

Sustatu
2009-01-29 12:01

Euskarak erronka berri bat du: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz. Interneten, izenik ez duena, ez da. Eta hori da euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen erronka berria: Interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .EUS domeinua.

Horretarako sortu da PuntuEus Elkartea, .EUS domeinua eskuratzeko.


Argazkiak.org | PuntuEus elkartearen logoa © cc-by-sa: codesyntax

Lan horretarako bildu dira, elkarte horren baitan, besteak beste, Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Partaide Ikastolak eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Kataluniarrek 2005. urtean lortu zuten .cat domeinua (albistea Sustatun) eta haren bidetik beste hainbat ekimen ere sortu dira, .eus honetaz aparte, galegoarena, bretoierarena eta galesarena.

Gaur goizeko prentsaurrekoaren ondoren, arratsaldeko 8etan beste ekitaldi bat egingo du .eus elkarteak Durangoko Plateruena kafe-antzokian. Ekitaldi horretan, .EUS domeinua lortzea helburu duen proiektua aurkeztuko da eta, bertan, dantzariak, bertsolariak, idazleak, proiektuaren bideoa eta beste zenbait ikuskizun dastatzeko aukera izango da. Bukaeran, zer jan eta zer edan ere izango da, antolatzaileek iragarri dutenez.

Ekimen honen inguruko informazio guztia eta proiektuarekin bat egiteko aukera elkartearen webgunean: www.puntueus.org.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu