Zikloia omen dator: ikusi satelitetik ia zuzenean
Eguraldi aurreikuspenen arabera, gaur arratsaldean eta gauez zikloia iritsiko da Euskal Herrira. 14 metroko altuerako olatuak izango dira kostaldean eta 150 km orduko abiadurako haizea. Ekaitzaren satelite-irudi ia zuzen-zuzenekoak ikus daitezke Sat24 eta Eumetsat webgunean. Azken horretan UTC ordua ageri da (gure ordua UTC+1 da), sakatu 12 eta gero Play, azken orduetako eboluzioa ikusteko.
Arrazoi horrengatik, EAEko Foru Aldundiek erabaki du bertan behera uztea bihar, urtarrilak 24, goizez egitekoak ziren eskola kiroleko jarduera guztiak. Arabako Foru Aldundiak ere iragarri du bere egoitzak itxi egingo dituela biharko. Nafarroako eta Lapurdiko agintariek ere iragarri dituzte neurriak.
Euskalmet zerbitzuak honela deskribatzen du egoera:
Itsasaldeko arriskuari dagokion abisu laranja. Ostiralean, hilak 23, olatuen altuera adierazgarria 4 metro ingurukoa izango da; gero igo eta egunaren amaieran 6-7 metrokoa izango da. Larunbatean, hilak 24, baliteke goizaldean olatuen altuera 7 metrokoa izatea; eguna aurrera joan ahala jaitsi eta arratsaldean 4 metro inguruan koka daiteke. Igandean, hilak 25, baliteke altuera 4 metrotik 6 metrora igotzea. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak ostiralean 4-5 metroko olatuak altxatuko ditu; larunbatean 4-5 metrokoak, arratsaldean 3,5-4 metrora jaitsiz, eta igandean 3,5-4 metrokoak, egunaren amaieran 5 metrokoak.
Itsasaldeko arriskuari dagokion abisu gorria. Larunbat goizaldean, haizeak hego-mendebaldetik mendebal/ipar-mendebaldera egingo duenean, baliteke olatuen altuera adierazgarria zenbait lekutan 8 metro baino altuagoa izatea.
Haizeari dagokion abisu laranja, haizeguneetan ez diren tokietan. Ostiralean, hilak 23, egunaren amaieran haizeguneetan ez diren leku horietan hego-mendebaldeko haize boladek 100 km/h abiadura gainditu dezakete. Larunbatean, hilak 24, goizaldean eta goizean goiz haizeguneetan ez diren lekuetan 100 km/h abiadura gainditu dezakete.
Haizeari dagokion abisu gorria, haizeguneetan. Ostiralean, hilak 23, egunaren bukaeran haizeguneetan hego-mendebaldeko haize boladek 150 km/h abiadura gainditu lezakete. Larunbatean, hilak 24, goizaldean eta goizean goiz ipar-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 150 km/h abiadura gainditu dezakete.
Sat24n ikusitakoa:
Euskaltuben grabatutako bideo bat:
Erantzunak kargatzen...