Euskaldun guztion aberria bere azkeneko literatur lanaren kontrazalean agertzen den esaldia osatzeko erabili (eta plagiatu) zituen elementuetatik tiraka (aberia eta EusKafka), Iban Zaldua idazleak artikuluxka bat osatu du, eta sustatuzaleen laguntza eskatzen du terminoon benetako jatorria ikertzen jarraitzeko...
Euskaldun guztion aberria eleberri laburraren kontrazalean doan esaldi horretaz hitz egiteko eskatu zidaten, eta aukera aprobetxatuko dut, horretaz ez ezik, liburuaren izenburuaz beraz pixka bat aritzeko, horrekin lotuta baitago, eta, bidez batez, nire liburuaren propaganda egiteko (edo kontrapropaganda, auskalo).
Izan ere, hala izenburua nola kontrazala ezintasun baten ondorio dira, hein handi batean: aitor dut ez naizela ona genero batean, ezta bestean ere. Liburu-eskaintzak egiten trebea ez naizen bezala: kontu horietarako dohain berezi bat behar da, narratzailetzak ez dizuna automatikoki ematen. Agian, susmatzen dut, 'genero' horiek zer ikusi handiagoa dutelako poesiarekin, beste ezerekin baino, eta nik, jakina den bezala, ez daukat sen lirikorik batere. Horregatik jo dut, arazoari aurre egiteko unean, plagiora, edo, nahiago bada, intertestualitatera. Nahiz eta plagio hori, nire ustez, jasangarria izan nolabait, Lengua de Trapo argitaletxeko nire kide Pepe Monteserín idazleak liburu batean ondutako kontzeptua (La conferencia. El plagio sostenible, 2006) parafraseatuz eta birziklatuz.
Izenburuak jartzea arte bat da, are gehiago gaur egun, liburu-dendetako salmahaietan dagoen konpetentzia gupidagabea kontuan hartuta. Ni, esan bezala, ez naiz izenburu jartzaile bikaina, kostatu egiten zait idatzi berri dudan liburua laburbilduko duen hitz edo hitz-multzo egokiena topatzen eta, okerrago dena, edozein arrazoiagatik kaskoan bat sartzen zaidanean, nekez egin diezaioket uko gero, nahiz eta seinale guztien (edo adiskideen abisu etengabeen) arabera gero eta desegokiagoa ageri den; nire izenbururik onenetako bat, Obabatiko tranbia saiakerarena, adibidez, ez da nirea, Joserra Garziarena baino (ez dut esango, badaezpada ere, zein zen argitaletxera eraman nuen jatorrizkoa, lotsatu egiten naiz eta).
Izan ere, bururatu zitzaidan lehenengo izenburua, euskal filologiako irakasle batek Alaskako Anchorage hirira eskolak ematera egiten duen bidaia kontatzen duen eleberri honetarako ez zen, jakina, Euskaldun guztion aberria izan, Bilbao-Anchorage-Bilbao baizik, liburuaren edukia hobeto islatzeaz gain dezente gehiago gustatzen zitzaidana, baina azkenean alde batera utzi behar izan nuena Kirmen Uriberen abokatu-ekipoaren bisita jaso ostean: errefusatu ezin izan nuen eskaintza bat egin zidaten, eta...
Bromak alde batera utzita, uste dut izenburu berriak, erreferentzia egiten diona Euzko Alderdi Jeltzalearen hasierako leloari (Euzkotarron aberria Euzkadi da), baduela bertute bat: azpimarratzen duela lanaren motibo nagusienetako bat, hots, abertzaletasunaren eta gure identitatearen (edo identitateen) auzia. Hau ere Gauzari buruzko liburu bat da, nolabait: hortik abiatzen da eta hor amaitzen da. Horrekin dago lotuta hain juxtu, Sabino Aranaren esaldiarekin batera liburuaren hasieran paratu dudan George Orwellen aipua, hala dioena: "Nazionalista oro iragana alda daitekeelako ideiarekin obsesionaturik bizi da. Bere denboraren hainbesteko bat fantasiazko mundu batean pasatzen du, non gauzak gertatu beharko luketen bezala gertatzen diren". Alabaina, ez dut uste liburua euskal abertzaletasunaren kritika soila denik: hori egokitu zaigu hemen, hein batean, eta horregatik (besteak beste) bihurtu dut liburu honen leit motivetako bat, Si Sabino viviría nire aurreko nobelan bezala, baina mesfidantzaz begiratzen diot nazionalismo orori, eta tituluak hain zuzen ere horri egin nahi lioke erreferentzia, horregatik (euzkotar hura eguneratzeaz gain) gehitu dut esaldi primigenioari guztion hori: funtsean ez dudalako sinesten aberri bat, inolako aberririk, guztiona, guztiontzakoa izatera irits daitekeenik, inoiz eta betirako. Ez Euskal Herria (edo Euskadi, edo Basque Countrya, berdin dio), ez Espainia, ezta Tanzania ere.
Alberdanian argitaratzeak, bestalde, arazo gehigarri bat dakar berarekin, izenburuaren dilema orokorraz gain: kontrazalean ez doa argitaldariaren aurkezpen azalpen testu erosorik (atzeko hegalean ipintzen dute Alberdaniakoek), baizik eta liburuaren pasarte edo esaldi esanguratsu bat. Eta nik, egia esan, sekula ez dakit zer aukeratu, nik idazten ditudan esaldiak ez zaizkidalako inoiz esanguratsuegiak iruditzen, berez: zentzu bat daukate, imajinatzen dut, errelatoaren barruan, baina hortik kanpo nahiko umezurtz eta gatzgabe ikusten ditut. Etorkizuna narrazio bilduman, esaterako, Erein argitaletxeko nire beste liburu batzuetan egin nuen legez, mikroipuin bat ipini nuen, horretarako propio idatzia eta liburuaren orrialdeen barruan agertuko ez zena (horregatik zuen azpizenburu gisa Hamabost ipuin ia politiko, nahiz eta indizean hamalau baizik ez egon zerrendatuta): bola extra bat edo, nahiago bada, bonus track bat, liburuaren izpiritua nolabait bilduko lukeena. Baina liburu honekin ezin nuen halakorik egin, eleberri bati ez dagokiolako, nire ustez, ipuin bat aurkezpen-txartel gisa.
Azkenean, liburua amaituta zegoelarik eta behin behineko izenburua jarrita (Euskaldun guztion aberria), izenburu beratik tiraka bururatu zitzaidan esaldia, Euskaldun guztion aberia EusKafka da, azken batean hau, aberri baten inguruko nobela baino, aberia baten ingurukoa delako, nire pertsonaiari eta, bide batez, aberriari berari gertatzen zaien nolabaiteko istripuarena; Kafkari egiten zaion erreferentzia, bestalde, ez dut uste sobera azaldu beharra dagoenik: denok ezagutzen dugu, gutxi gora-behera, kafkar adjektiboaren esanahia, eta, bestalde, ondo zetorkidan literatura errealistaren eta literatura fantastikoaren artean mugitzen den lan bati ezartzeko.
Esaldi hori, lehen aitortu dudan bezala, plagio jasangarri bat da, plagioen konbinaketa bat alegia, ondo kontzientea. Izan ere, hala aberiak nola Euskafkak erreferentzia egiten diote, nire imajinarioan behintzat, 1980ko hamarkadari. Alde batetik, aberriaren ordez aberia akasdun horrena dago. Irudipena daukat bromatxoa nahiko hedatua dagoela euskal munduan; nik, azken aldi honetan behintzat, Mikel Iturria blogariari irakurri baitiot behin baino gehiagotan, baina Pako Aristirengandik zetorrela pentsatzen nuen. Gero, hortik arakatzen ohartu nintzen ahaztuta neukala Pako Aristik erabili izan zuela bere artikulu bilduma bati izenburua emateko, baina, nire usteen kontra, liburua berreskuratzean konprobatu nuen ez zela zehazki aberia hitza erabiltzen zuena, abeŕia sabindarra baizik, Euskaldunon Abeŕia baitzuen liburuak izenburu zehatza (R & B Kriseilu, 1994); bide batez, ez da lehenengo aldia izenburu batekin halako zerbait gertatzen zaidana, nire Itzalak bildumak bazuelako titulu bereko aurrekari bat, Jose Antonio Mujikaren Itzalak ipuin liburua hain zuzen ere (Elkar, 1984). Gure idazle gehienek uste dutenaren kontra, oso zaila da orijinala izatea euskal letren munduan.
Edonola ere, aberiarena erabiliko nuela erabaki ondoren Juan Martin Elexpuru idazleak kontatu zidan ziurrenik Xabier Olariagaren tira zahar batean duela jatorria, eta hortik hartu zuela Juan Martin Elexpuruk berak bere ipuin erotiko baten izenbururako, Txakur zaunkak atean bere liburuan argitaratu zena (Elkar, 1989): horrek laurogeiko hamarkadara eramaten ninduen, susmatu bezala. Baina Olariaga kontsultatuta, hark erantzun zidan ez zuela gogoan ateraldia berea zenik, agian erabili zuela bai, baina ez zela gogoratzen zehazki non, eta gehiago entzuten zuela Joserra Garziaren ahoan, edo Kike Amonarrizenean, edo Asisko Urmenetarenean Eta horraino iritsi ziren, orain arte behintzat, asuntoaren inguruko nire peskizak, liburuaren aurkezpen eguna heldu zelarik.
Beste elementua, EusKafkarena, ez dakit zehazki zeinen okurrentzia izan zen, ezta ere, baina hura ere laurogeiko hamarkadan kokatzen dut, nik gutxienez behin, eta esango nuke behin baino gehiagotan, irakurri nuelako Euskadiko Ezkerraren barne-buletinean, partidu horretako militantea nintzenean, hamarkada dontsu hartan. Gogoan dudanez, aipatuta agertu zen artikulua (edo artikuluak) ezizenez sinatuta zetozen, eta oso ironikoak ziren hala abertzaletasunarekin nola garai hartako alderdikide batzuen muturreko ezkerzaletasunarekin; sozialdemokraziarako pausoak eman behar zirela defendatzen zuen, oker ez banago, idazle anonimo haren artikuluak, non EusKafka espresioa agertzen baitzen. Ni, garai haietan muturreko ezkertiarra nintzenez, marxista-leninista eta guzti, horrorizatu egiten nintzen moderazioaren aldeko aldarri mota haiekin. Baina, bestalde, ezin nuen ukatu gustatzen zitzaidala ildo hartako artikuluen tonu garratza, eta batik bat EusKafka esapidea, niri bururatzea gustatuko zitzaidakeena.
Euskaldun guztion aberriaren kontrazalarekin, beraz, EusKafkaren kontu hura nirea egiteko modua aurkitu dut, aberiaren beste zera horrekin lotuta. Esaldiak, beraz, laurogeiko hamarkadarekiko nolabaiteko omenaldia izan nahi du, halako keinu nostalgiko bat; nobelan halako keinu gehiago daude, garai hartako irakurleak sumatuko dituenak akaso. Baina (erants dezadan) nostalgia edo mira horrek ez du zer ikusirik laurogeiko hamarkadarekin berarekin, nahiko garai terriblea izan baitzen, berez: ni nerabe pikorduna nintzen eta Euskadiko hiru txarrenetakoen artean nengoen ligatze kontuetan (garai hartan ez zen Euskal Herriaz hitz egiten); krisi ekonomikoa bere gorengo unetan zegoen, Euskaldunako gatazkekin eta euskal industria astunaren desegitearekin; ETAren berunezko urteak ziren, eta baita GALenak ere; tortura eta manifestazio bortitzak eguneroko ogia ziren; blokeen arteko eskalada nuklearrak beldurra eragiten zigun; drogak eragindako lehenengo sarraskien urteak ziren Ez dut miraz gogoratzen laurogeiko hamarkada bera, gauzak hobera alda zitezkeenaren sentsazioa baizik, garai hartan genuena; une latzak pasatu ondoren zerbait berria eta hobea etorriko zenaren itxaropena alegia. Horixe da geroztik galdu duguna, nire ustez, eta horren nostalgia daukat, izatekotan.
Saiatu naiz EusKafka horri pista jarraitzen, aberiarekin (partzialki) egin dudan bezala, baina Euskadiko Ezkerraren garaitik gordetzen nuen material gehiena galdu egin zen (edo galdu egingo nuen) gure etxe-aldaketetako batean. Oh! Euzkadi edo halako literatur aldizkari batean espresioaren oihartzunen bat topatzeko itxaropena neukan, baina Literatur Aldizkarien Gordailuko bilatzaileak ez du nire susmoa baieztatu, ezta Google sainduak ere. Agian sustatuzaleren batek izango du hala aberiaren nola EusKafkaren jatorriaren berri zehatzagorik, eta lagunduko dit nire plagio bikoitzaren sustraien ikerketan sakontzen...
Iban Zalduaren baimenarekin, b. lagunari esaten ahal diot Gora Euskadi Ataskatuta esamoldeak Zaldiero komikilariaren pertsonaia batek inspiratu zidala, eta halaxe erabili nuela Argia aldizkarirako Patxi Huarteri eginiko elkarrizketa batean:
GALDERA: Euskañola irakaslearekin amesgaiztoa izan dut eta zera ziostan: Gora Euskadi Ataskatuta!
ERANTZUNA: Euskadi ataskatuta kolonialisten helburua da, gurean, tamalez, errealitate gordina dena. Horrela nahi gaituzte, aurrera inongo urratsik eman gabe.
Seguruenik beste nonbait entzungo nuen lehen aldiz esamoldea, baina horren konstanzia idatzirik ez dagoen bitartean... ez daukat inondo eragozpenik Gora Euskadi Ataskatuta esamoldearen aitatasuna ohore guztiz onartzeko.
Yo lo vi lehenengo.
Norbaitek izango ditu etxean EGINen hasierako Zakilixuten tirak. Hainbat liburuxkatan argitaratu ziren. Nik gogoratzen dut bazuela "Hormaspraixko" izeneko pertsonaia bat, Zakilixuten beste ezizen bat, pintadak egiten ibiltzen zena. Eta oraindik ikusten dut, ametsetan egin ez badut, horman pintatuta "Euskaldunon aberia Euzkadi da", oker ez banago, eta Hormaspraixko hanka-jokoari ematen. Gainera artean ortografia guztiz finkatu gabe zegoen, "r gangarduna" r' erabiltzen zuten batzuek, eta uste dut bazegoela biñetan horren txantxa asmo bat ere.
Baina Olariagaren Hormaspraixko ez al zen, Juan Martin, Argia-n (edo Zeruko Argia-n) argitaratzen? Oker ez banago, ez zen Zakilixuten beste ezizen bat, Olariagaren beste pertsonaia bat baizik, Zakilixut baino zaharragoa.
>
Euskaldun guztion
> aberria bere azkeneko literatur lanaren kontrazalean agertzen den
> esaldia osatzeko erabili (eta plagiatu) zituen elementuetatik tiraka
> (aberia eta EusKafka), Iban Zaldua idazleak artikuluxka
> bat osatu du, eta sustatuzaleen laguntza eskatzen du terminoon benetako
> jatorria ikertzen jarraitzeko...
Eskerrik asko zuen mezuengatik. Beste zer edo zer bururatzen bazaizue, badakizue non nagoen...
Esaterako: gaur arratsaldean, abenduaren 11n, "Euskaldun guztion aberria" (bir)aurkezten, Gasteizen, Mikel Ayerbe kritikariarekin batera. Zuloa liburudendan izango da ekitaldia (Hedagileen kalea, 21), 20:00etan.
Ondo izan.
Bide batez, hau bai aberia, gaurko Diario de Noticias de Álavan nire liburuaren aurkezpenaren berri eman dutenean. Bizitza propioa hartu ote du nire nobelak? Errepasatzera noa bizkor, gaur arratsaldeko aurkezpena prestatzeko...
Aberia horren jatoria ez dakit zein den, baina bada beste esaldi bat, estilo horretakoa, bizi dugun egoera ondo azaltzen duena:
gora euskadi ataskauta!
Honen jatoria ere ez dut ezagutzen...