Sustatu logoa Teknologia albisteak

Jardunaldiak: iragarpenak beti, kronikak zein gutxitan

Luistxo Fernandez - Sustatu
2008-12-19 11:12

Bai, a-prioriko propaganda hori behar da. Baina, gero, kronikarik edo materialen argitalpenik gertatzen ez dela ikustean, galdetzen diot neure buruari: Bueno, zein zen kontu horren benetako interesa?

  • Jardunaldia egon behar zela zen notizia?
  • Aretoa gehixeago betetzea zen helburua?

Ez ote luke izan behar beste modu batean?

  • Notizia, jardunaldian esan izan dena.
  • Helburua, esandakoaren zabalkundea.

Halakoak kontatzeko edo zabaltzeko gogoa sortzen ez zaigun bitartean, ez dugu blogosfera edo sareko komunikazio osasuntsurik izango euskaraz, nire ustez.

Saiatuko naiz ematen beste argudio batzuk, Benito Fizek proposaturikoekin batera:

  • Jardunaldi horietan esan dena jende gehiagorengana ailegatzeko modua da. Bertaratu direnenez gain, hainbat jenderen eskura ipintzen da ezagutza.
  • Jardunaldiekin sarri zabaldu nahi diren hausnarketak edo prozesuei segida emateko modua da. Entzun-esan dena iruzkindu, baloratu, azaldu, berprozesatu eta bideratzeko lana egin daiteke blogosferan. Askotan halakoetan oso gauza interesgarriak esan direla, hizlariak ikaragarriak izan direla baina gauzak horretan geratzen diren sentsazioa geratu ohi da.
  • Antolatzaileen posizioa txukun uztea bada kontua, jardunaldietan zer esan ere, uste dut ikuspegi horretatik ere, askoz mesede handiagoa egingo diela a-posterioriko kronikekin hornitzea bazterrak, beren jardunaldietan zein gauza interesgarri esaten diren zabaltzea, ezen ez berriro aretoa betetzeko antsietate horretara itzultzea. Antolakuntzaren izenaren alde egingo du horrek, eta hurrengo ekitaldi posibleetarako audientzia erakarri.
  • Edukazio onekoa da hala egitea.

Benito Fizek dio: "Blogosfera eta Internet halako hausnarketa eta prozesuen tresna eta kanal osagarri gisa ikustea eskatzen du honek guztiak, ez soilik iragarki-taula." Bai horixe. Mesedez, ez erabili Sustatu fax makina bat balitz bezala. Iragarri gauzak, bai; baina, batez ere, kontatu gero zer esan den interesgarria, zein izan den anekdota, polemika, desesperantzarako puntua...

Euskararen erronkak 21. mendean

Kasua adibide batekin ilustratzeagatik, gogoan dut Donostian jardunaldi batzuk izan zirela Euskararen Nazioarteko Egunera begira, hitzaldi sorta interesgarri bat.

Antolatzaileen artean, bik kargatu zuten oharra Sustatun, Euskararen Donostia Patronatuak, eta UEUk. Bakarra atera genuen, noski. Baina iritsi ziren hitzaldiok, eta inork ez zuen ezer bidali.

Hitzaldi horietako bat zera izan zen: Euskararen erronkak 21. mendean, Andoni Egaña bertsolari txapeldun eta idazlearena.

Zein ote dira Euskararen erronkak 21. mendean? Jakin gabe geratu gara. Andoni Egañak ez du blogik edo webgunerik eta ez ditu bertan azaldu erronka horiek. Eta hitzaldia antolatu zutenek, edo han entzule izan zirenek ere ez du inork kontatu.

Beharbada izango da Internet ez dagoela 21. mendeko euskararen erronken artean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu