Teknologia albisteak
5

Lawrence Lessigen hitzaldia Miñaon

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2008-10-17 : 16:10

Lawrence Lessig-en hitzaldia izan da gaur eguerdian, Miñaoko Parke Teknologikoan. Remix, izan da kontzeptua, kultura ber-nahasi eta sortzeko. Eta euskarazko adibideren bat ere erakutsi du, xumea bada ere. Oso interesgarria izan da Creative Commons lizentzia sortzaile den irakasle eta legelari honen hitzaldia.

Duela urtebete Kaliforniako TED konferentzian eman zuen konferentziarem gidoia jarraitu du batik bat. Haren bideoa hemen dago, eta ideia bat emango dizue.

Hori bai, euskarazko adibideren bat ere sartu du tartean...

Mezu bat bidali nion duela egun batzuk Lessigi, bere blogaren bidez, edukia berrerabiltzeko adibide gisa, agian interesatuko zitzaiola filmak azpititulatzeko kontua. Mezua idatzi nuen nire ingelesezko blogean, eta, bai, aipatu du, eta adibide gisa jarri du. Hala nola AEBetako gazteen artean, Anime film japoniarrentzako azpitituluak ingelesez jartzeko ahalegina dagoen azpikultura gero eta indartsuago batean, ba Euskal Herrian ere ba omen dugu halako zerbait ;-) Egia esan, oso berde dago Azpitituluak Euskaraz, baina nik uste dut haziko dela.

Iazko hitzaldi hartan garatu zuen gai nagusia, Remix edo nahasketaren kontzeptua, liburu batean garatu du, eta liburu hori, hain zuzen ere, bart irten zen liburudendetara AEBetan.

Lessig ez da copyright eskubideak hautsi nahi dituen erradikal bat. Copyright-aren aldekoa da Lessig, egile eskubideen zuzentasuna, amateur eta profesionalen artean berezitu behar da. Inzentiboak behar dira profesionalentzat. Kanon-sistemak defenditzen ditu, nolabait, era berean. Baina, batez ere, gaur egungo egoeraren erokeria salatzen du. Ez dela posible Ares darabilten gure umeak kriminaltzat jotzea: moralki okerra ere badela, pirata deitzen badiegu, ideia horrekin haziko direlako.

Sistema ustela dagoela eta, analogia politikoa ekarri digu Lessigek: Sobiet Batasuna. 1970eko hamarkadatik aurrera, sistema hautsita zegoen, baina inor ez zen ausartzen politburoan egiak esaten, erreformak aurreratzen, sistemaren zutoinei tinko eutsita jarraitu nahi izan zuten porrot egin zuten arte, 1989an denak eztand egin zuen arte. Kontestu horretan, Lessigek izan nahi du Gorbatxev erreformatzailea, ez Eltsin apurtzailea. Erreforma behar baita, beste bi alternatibak hauek direlako:

  • kreatibitatea eta kultura kontsumoa debekatu gure haurrei
  • copyrightaren abolizionismoak irabaztea iraultza, eta copyrighta desagertzea.

Eta alternatiba horiek ez dira onak, dio Lessigek.

Erantzunak

Joxe Aranzabal
2008-10-18 : 13:03

Oso kronika ona, Luistxo. Harrituta geratu nintzen, justu zure atzean jarrita nengoelako. Hitzaldia amaitu eta berehala, kronika Sustatun zegoen. Zorionak!

assar
2008-10-18 : 13:15

Lessigi elkarrizketa eitb.com-en.

Luistxo
2008-10-19 : 00:10

Eskerrik asko, Joxe. Hitzaldia amaitu zenean, Lessigengana hurbildu nintzen, eta euskararen agerpenaren alde egin zuena eskertu nion. Uste dut hizkuntza-paisaiarena eta aukera seinalatuetan gure hizkuntzari toki ematearena sinbolikoki inportantea dela, eta nire sujerentziarekin eta "pelota egitearekin", hori lortu bagenuen, ederto.



Argazkiak.org | Lawrence Lessigen hitzaldia Miñaon © cc-by-sa: garaolaza


Analogia sobietarraz galdetu nion, halaber, intrigatuta. Bere erreformista da, bai, eta agian ni gehiago eltsinista eta ikonoklasta, ez baititut batere gogoko non-commercial lizentzia hibridoak (Remix libururako Lessigek aukeratua, noski), baina aurrikusten zituen bi alternatiba horiez galdetu nion, ez baititut oso errealtzat hartzen, ez modelo ipar-korearra debeku eta kontrol eternoarena, ezta ere copyrighta gaindituko duen iraultzarena. Eta iraultza horren posibilitateaz galdetu nion.


Gutxi gora-behera bere hitzak: "Bai, posible da, gerta liteke industria kulturalek porrot egitea eta propietate intelektual guztia zaharkitua eta baliogabea gelditzea. Hollywood pikutara joan liteke, eta ez da blockbuster gehiago egongo agian, eta hori ez da kulturaren amaiera izango, baina ona ere ez da. Agian zinea geratuko da gaur opera den bezalako zerbait gisa, lagun elkarteen benefizentziarekin bizi den zerbait."


Lessig oso amerikarra da, eta Kalifornian bizita, han benetako industria kultural bat egonda, haren aldekoa izatea Lessig normala iruditzen zait. Baina agian kultur produkzioa ez da gaur egungo Europan opera bezalako beste gauza hori?


Igor Calzada
2008-10-20 : 08:24

Hain juxtu, Mr. Lessig hemengoa izanda, eskerrik asko kronika, handik egiteagatik. Friedman-en, lautasuna ote da hau, agian.

Seattle, WA, USAtik

Ondo izan.

Igor Calzada.

http://www.igorcalzada.com

Luistxo
2008-10-31 : 17:59

Argian Lawrence Lessig-i bisita honen harira egin zioten elkarrizketa
agertu da, eta berriz ere, euskarazko azpitituluena atera du Lessigen adibideen artean.


Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu