Ameriketako hainbat herri indigenetako ordezkariak Euskal Herrian izango dira datorren asteburutik aurrera, Garabide Kultur Elkartek antolatutako Hizkuntza eta Herrien Arteko Bigarren Truke Programan.
Lau astez gure artean izango ditugu Guatemalako mayen ordezkariak, Ekuadorko kichwuak, Bolibiako kechwa, kayawalla eta aymarak, Txileko Wallmapu herriko maputxeak, Paraguatik datorren guaranien ordezkaria eta baita Magrebetik etortzekoa den amazigh herriaren ordezkaria ere.
Urriak 13 hasi eta azaroaren 7a bitarte oso programa zabala antolatu da. Ekitaldi gehienak Mondragon Unibertsitatean, Eskoriatzako Huhezi fakultatean egingo dira, baina lau aste horietan hogeitaka bisita aurreikusi dira, tartean Garabideri laguntza ematen dioten Oñatira, Azkoitira, Beasainera eta Eskoriatzako herrira bertara.
Garabide Elkarteak antolatzen duen programa honen helburua euskara eta euskal kulturaren garapenaren esperientziak erakustea da, hain zuzen, garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuetako ordezkariei. Eurek ere, beren identitatearen mantentzeko eta hizkuntzen normalizaziorako non begiratu eta non ikasi izan dezaten.
Truke programa da ordea, alegia, herri indigenetako ordezkariek ekarriko diguten esperientzia ezagutu nahi dugu. Beren errealitatearen berri izan nahi dugu baita ere, eta herri hauen ekarpen eta hizkuntza errealitateak ezagutarazi nahi dizkiegu euskalgintzako eragileei, protagonisten eskutik beretik.
Lankidetzan oinarritutako hartu-emanak bultzatuko ditugu, bereziak diren eredu gizakoiagoetara bideratuko gaituen elkartrukatzean ikasiz eta irakatsiz.
Formazio saioak izango dira, hainbat elkarte, erakunde, udal, eskola eta komunikabidetara egindako bisitak, hitzaldiak, mahai inguruak, euskalgintzan lan handia egin duten pertsonaien testigantzak, eta abar, ondoko programan ikusten denez. Halaber, Euskal Herriaren ezagutza izan dezaten, jai giroko ekitaldi andana ere antolatu dugu.
Programan ikusten den bezala, asko dira bertan parte hartuko duten erakunde eta pertsonak. Hauen eta herri indigenen arteko zubi lana egingo du Garabide Elkarteak.
Hona programaren laburpena:
Urriak 13: Harrera; Oñatiko harrera eta prentsaurrekoa
Urriak 14: Euskaltzaindiara bisita; Ongi etorri jaia
Urriak 15: AEKra bisita
Urriak 17: Udako Euskal Unibertsitatera bisita / Ikastolei bisita. Arizmendi ikastola
Urriak 18: Iñaki Perurenari bisita
Urriak 19: Nafarroa Oinez
Urriak 20: Testigantza. Jesus Garmendia; Ikastolei bisita. Ikastolen elkartea.
Urriak 22: Goierri Telebistara bisita; Mahai ingurua Besainen
Urriak 23: Goiena Taldeari bisita
Urriak 24: Euskal Kultur Erakunderako bisita; Testigantza. Argitxu Noblia
Urriak 25: Zuberoako AEKra bisita; Xiberoko Bozara bisita
Urriak 27: Kataluniako errealitatea. Joan A. Argenter
Urriak 28: Zenbat Gara elkartera bisita; Testigantza. Xamar
Urriak 29: Jakin aldizkarira bisita; Testigantza. Joan Mari Torrealdai; Argia aldizkarira bisita; Testigantza. Pello Zubiria; Soziolinguistika Klusterrera bisita; Berriara bisita; Testigantza. Martxelo Otamendi
Urriak 30: Azkoitiko Udalera bisita. Euskara zerbitzua; Udalaren harrera; Euskal Telebistara bisita; Testigantza. Kike Amonarriz
Urriak 31: Elhuyar Fundazioara bisita; Eizie elkartera bisita / Ipuin kontaketa, mahaingurua eta afari multikulturala Eskoriatzan
Azaroak 3: Uemara bisita. Aulestira bisita; Kontseilura bisita; Testigantza. Xabier Mendiguren
Azaroak 4: Emunera bisita; Eusko Jaurlaitzako Kanpo Harremanak
Azaroak 5: Eusko Jaularitzara bisita. Hizkuntza Politika; AEDra bisita; Topaguneara bisita
Azaroak 7: Agur ekitaldia
Formazio saioak ia egunero: Euskal Herriko egoera linguistiko kulturala; Euskalgintzaren egituraketa; Hezkuntzako hizkuntza ereduak; Hizkuntza ekologia; Huheziko Hizkuntza Saila; soziolinguistika; hizkuntza bateratzeko pausu eta estrategiak; hedabide abertzaleak eta elebitasuna; gizarte motibazioa, militantzia; euskalgintzaren argi-ilunak; kooperatibak...
Ikasleekiko bilerak: bai Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin, Durangoko Ibaizabal Ikastolan, bai Huhezi fakultateko ikasleekin, baita Lehen Hezkuntzakoekin ere Arizmendi Ikastolan
Albiste honekin lotuta, irakurtzeko modukoa da Jon Sarasuak Argiaren Larrun aldizkarian publikatutako Hegonaldiko apunteak