Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua Euskara askatasunean manifestuaren aurkezpen ekitaldian egon zen eta Patxi Lopez hautagaiari hizkuntza politika sakondu eta indartzearen beharra helarazi zion, egungo ereduak gaindituz. Gainera, PSEko idazkari nagusiarekin bilera egiteko eskaera luzatu zion, eta baiezkoa jaso zuen.
Aurkezpen ekitaldian Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren eta ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasa egon ziren. Batak nahiz besteak esandakoaren arabera, ekitaldia baliagarri izan zen PSEk euskararen inguruan aurkeztutako dokumentua bertatik bertara ezagutzeko eta Patxi Lopezi hizkuntza normalizazioak daraman bidearen inguruko kezkak azaltzeko.
Miramarreko jauregian manifestua aurkeztu ostean, Kontseiluko arduradunek Lopezekin hitz egiteko aukera izan zuten eta, bide batez, eskura eman zioten Hizkuntza politika indartu eta garatzeko hamar proposamen izeneko agiria. Gainera, PSEko idazkari nagusiari bilera egiteko eskaria luzatu zioten, eta baiezkoa ere jaso zuten.
Kontseiluak azpimarratutakoaren arabera, hizkuntza normalizazioa ez doa bide onean. Gaineratu zuenez, egun administrazio ezberdinetan abian dauden neurriekin euskararen ezagutza eta erabilpena guztiz normalizatzeko mendeak beharko dira.
Hori gerta ez dadin, Kontseiluak Lopezi eskura emandako dokumentuak egungo hizkuntza politika indartu eta garatzeko oinarrizko hamar neurri proposatzen ditu: indarrean dauden irakaskuntza ereduak gainditu eta Hezkuntza Sistema birmoldatzea belaunaldi berriak guztiz euskalduntzeko; hizkuntza politikarako lehendakariordetza sortzea; Administrazioaren eta lan munduaren euskalduntzea; euskara gaztelania bezala berezko, lehentasunezko eta beharrezko hizkuntza dela aitortzea; helduen euskalduntzea, hedabideei euskararen erabilpena sustatuko duten kuotak ezartzea, euskararen Aurrekontuak gainditzea; Unibertsitatea nahiz Lanbide Heziketa euskalduntzea eta hizkuntza politika egokia ezartzea.
Jakinarazi duenez, joan den ostegunean PSErekin hitzartutako bileran, Administrazioak oinarrizko hamar proposamenak ezartzeko beharra berretsiko dio Kontseiluak Patxi Lopezi. Izan ere, euskararen aldeko lanean urrats bat aurrera egiteko ordua dela uste du Kontseiluak, hizkuntzaren normalizazioa ez doalako bide onean.
Hizkuntza bizikidetzarako tresna dela ziurtatu du Kontseiluak, baina ohartarazi duenez euskararen ezagutza unibertsala denean soilik egongo dira bermatuak pertsona guztien hizkuntza eskubideak, alegia, herritar guztiek bi hizkuntzak menderatzen dituztenean.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 10 urte bete berri ditu eta datorren abenduaren 13an ospatuko du urteurrena BEC-en. Ekitaldiaren bitartez, euskararen normalizazioan urrats bat aurrera emateko garaia dela azpimarratuko dute arduradunek, Euskaraz bai leloa eta filosofia barneratzeko deia eginez.
Gai honen inguruko elkarrizketa digitala iragarri du www.hitza.info webguneak Ramon Etxezarreta PSE-EEko kidearekin, urriaren 14rako.
Galderak aldez aurretik ere bidal daitezke, hemendik:
http://www.hitza.info/elkarrizketak/143/