Euskal blogosferako hiru kide ezagun hurbildu ziren urriaren 2an Legazpiko Kultur Etxera, Zingizango elkarteak gonbidatuta, euskarak blog munduan eta interneten duen presentziaz hitz egitera. Oso ondo ezagutzen dute sarean topa daitekeena eta adierazpen mamitsuak egin zituzten.
Luistxo Fernandezek
http://eibar.org/blogak/luistxo/
Haritz Rodriguezek:
http://www.gaur8.info/bitakorak/galaxia/
http://www.euskaltube.com/bloga/
Joxe Aranzabalek:
http://goiena.net/blogak/faroa
http://www.gizakom.blogspot.com/
Legazpiko mahai-inguruan hainbat adierazpen egin zituzten eta lerro hauetara horietako batzuk ekartzen saiatu gara. Gutxi gorabehera moldatu ditugu eta litekeena da, beharbada, hizlariak zerbaitekin ados ez egotea. Hala bada, akatsak non dauden esan eta zuzentzen saiatuko gara.
LF: Izugarria da internetek eskaintzen dituen aukerak, ez dauka hondorik. Denetik topa dezakezu. Euskaraz zerbait, gaztelaniaz gehiago eta ingelesez ia dena. Jakin nahi baduzu, esate baterako, zer egin behar den balkoiko lorontzietan tomateak hazteko, seguru zerbait badagoela." "Gainera, norberak edukiak sortzeko aukera handiak ematen ditu. Adibide bat: filmeek normalean ez dute euskarazko azpititulurik; bada, horri buelta eman dakioke, norberak etxetik sortuz. (www.manterola.org/azpitituluak)
HR: Euskarak internet munduan bere lekutxoa egin du. Hala, blogosferaren munduan polo garrantzitsuak sortu dira azken urteetan: teketen.com, eibar.org, donostia Tresna indartsuak ere landu dira, elebila.com esaterako. Baina, kontuan izan behar dugu aldaketa handiak datozela (web semantikoa, web 3.0 ) eta gertu egon behar dugu horretarako.
LF: Ez goaz hain ondo. Blogetatik haruntzago pentsatu behar dugu eta neurri handiagoetara jo behar dugu eragin nahi badugu. Ikus-entzunezkoetan, bideoetan lan gehiago egin behar dugu. Eskala handitan pentsatu behar dugu eta ausart jokatu. Internet munduan aurrera egiteko partidarik interesgarriena, partidarik handiena jokatu behar dugu (Hori azaltzeko 1983. urtean John Badhan-ek zuzendu zuen Wargames filma ekarri zuen gogora)..
HR: Blogak estigmatizatuta egon dira, gutxietsita, batere garrantzirik izango ez balute bezala; baina, gaur egun pentsakera hori gaindituta dago.
LF: Blogen bitartez albiste sortzaile izan zaitezke, inoren bitartekaritzarik gabe. Lehen pertsona jakin batzuen esku zeuden gauzak orain norberak egin ditzake eta beste zirkuitu batzuk sortzen dira. Euskaraz gaur egun inoiz baino gehiago idazten da, inoiz baino idazletza handiagoa dago, idazten diren gauza asko tontakeriak baldin badira ere. Ez da egia gero eta gutxiago idazten denik. Hor daude fotologak (www.fotolog.com), ia gaztetxo guztiek eurena daukate.
JA: Nire osasun egoera zela eta, mimoak behar nituen bloga sortu nuen garaian eta, eta oso baliagarria izan zitzaidan nire mina arintzeko. Etorkizun hurbilean ez dirudi blogen unibertsoa asko aldatuko denik. Hori bai, badirudi internet aparailu askotan integratuko dela eta, horren ondorioz, blogetara heltzeko erak ugarituko dira.
HR: Neri blogek eskaintzen didaten gertutasuna gustatzen zait. Zinemaldiarekin lotutako adibide bat jarriko dut: niretzat, aholku baliagarriagoak dira blog batean herritar arrunt batek film bati buruz egiten dituen kritikak, kritiko kontsakratu batek egiten dituenak baino. Lagun batek egingo lidakeen aholku gisa hartzen dut
LF: Gure herri honetan arazo larria daukagu: inork ez du hitzaldi edo mahai-inguru baten kronikarik idazten. Albistea da guruak datozela eta mahai-inguru bat egin behar dutela, baina guruek zer kontatzen duten ez da albistea.
Luistxok esandakoa gogoan hartu genituen, eta kasu honetan, behintzat, esaldi batzuk jasotzea bidezkoa zela iruditu zitzaigun Zingizango.com-erako.
Ez dakit nire irudipena den baina uste dut kronika honetako transkripzioan interbentzioa eta interbentorea nahastu dituela kronistak batzutan. Hitzez hitzeko aipamen horietako gehienek pertsona batek baino gehiagok esandakoak biltzen dituzte. Eta, beraz, esatari jakin bat esan ez zuenarekin erlazionatzen da testuan. Tira, dena dela ere, iritzi gehienetan ados egon ginela esango nuke, ñabardurak ñabardura. Oso gustora egon nintzen. Etxean bezala. Eta uste dut mahaian zeuden beste hiruak ere halaxe egon zirela. Entzuleen iritzia ez dakit zein izango den... ;) Batzuen artean gaiaren inguruko interesa nabarmena zen behintzat. ZingiZango elkartekok primeran hartu gintuzten. Eskerrik asko!
Bestalde, Joxe Aranzabalek ere aipatu du mahaingurua Faroan