Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gure miserietan arakatzen

Espainiako film bat erakusten den guztietan bezala, horren inguruko jakin-mina sumatzen da prentsaurreko eta koridoreetan (hemen ze giro den nagusi erakusteko, norbaitek ez baleki). Aurten, nazionalen ohorea altu uztea Belén Macías hasiberriari egokitu zaio, eta zinema espainiarrean tradizio handirik ez duen genero bati heldu dio zuzendariak: kartzela.

Espainian tradizio handirik ez (Garfia FIESari buruz Manolo Matji-k egindako "Horas de luz" txukunenetakoa), baina denok ikusi ditugu dozenaka pelikula amerikar gai honen inguruan, eta badakigu, horrenbestez, zer espero dezakegun: funtzionario sentibera eta gainerako gaiztoak, presoen arteko elkartasuna batetik eta zerrikeriak bestetik, samurtasun-gogortasun jokoak... Hori guztia aurkituko dugu hemen ere, gehi Espainiako kartzeletako berezitasunak: ijitoak, kolonbiar narkoak, euskaldun politikoren bat...

Ez dut esan nahi film topikoa denik, baina bai zaila zuela bide urratuetatik ateratzea. Macíasen filma txukuna da, esku ona ageri du arlo guztietan eta gustura ikusten da; zerbait azpimarratzekotan, haren meritu handienetakoa aktoreen zuzendaritza izan liteke: emakumeen kartzela bat da, eta andrazkoen talde zabala erakusten digu, nor bere istorioarekin. Alde horretatik, pelikula koral baten zantzuak ditu tarteka, baina aldi berean protagonista indartsu bat: Verónca Echegui ("Yo soy la Juani" filmak ezagutarazi zuena), eta apustu egingo nuke harentzat eskatzen duela prentsa espainiarrak aktore onenaren maskorra.

Nola du izena aleman kabroi horrek...?

Alzheimerra daukan ama baserritar zahar bat erakusten digu Yesim Ustaoglu zuzendari turkiarrak, eta harekin zer egin ez dakiten hiru seme-alaba hiritartuak.

Argazki eder batekin hainbat gai planteatzeko balio du zintak: hiriaren eta landa-inguruaren arteko leizea garapen bidean dabilen Turkian, ohitura-aldaketak, familia-ereduak... gehi hiru neba-arreben arazo partikularrak: alaba zaharrenak dena eta denak nahi ditu kontrolpean, eta Murat semeak ihes egiten dio; haren ahizpak ez du lortzen behar bezalako bikotekiderik; neba gazteena ganorabako hutsa da, nahiz berak dirudien bere patuarekin konformeena.

Edonork identifikazio-arrastoak aurkitzeko moduko drama, itxura batean, baina erritmo eta nortasun faltaz alferrik galtzen dena, hitzik gabeko plano luzeak ondo baitaude hasteko, baina gero funts gehixeago erakutsi behar da istorioa kontatzeko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu