Azpitituluak Euskaraz, trukerako webgune berria
Ikusiko dugu ea ezer lortzen dugun. Beste lagun batzuk ere saiatu dira kontu hau mugitzen iraganean, eta ez dakit asko aurreratu ote den.
Hona erreferentzia batzuk:
- Telezaborraren deia.
- Anpulubilaren deia, eta blogean argitaratu dituenak.
- FHarlock-en ekimena
Dei horietatik haruntzago, Euskal Encodings taldeak aurreratu du gehien ikus-entzunezko material euskalduna sareratzen. Igor Leturiak onartzen zuen hori duela gutxi hemen, eta egia da, sekulako lana egin dutela, elkarlan oparoa. Azpitituluen inguruko kontuak eta fitxategiak ere azaltzen dira noizbehinka Euskal Encodings-eko foroetan.
Nire ekimentxoak ez du hori (eta beste ezer ere ez) ordezkatu nahi. Ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan disfrutatzeko moduetan, era jakin bat sustatu nahi du, eta horrexetan saiatuko naiz informazioa bateratzen.
Ekimena irekita dago, hiru osagarri nagusi ditu, eta hiruak daude zabalik:
- Foroa, non mezuak eta erantzunak kargatu nahi ditezke libreki.
- Foroa bera da, gainera, azpitituluen fitxategiak trukatzeko lekua. Han kargatu daitezke, osoki euskaratuak zein osatzeko proposamenak.
- Wikia, non saiatuko gara azaltzen nola ikus daitezkeen etxean bideo originalak gainean azpitituluak euskaraz dituztela. Wikia editatzeko, erabiltzaile izen bat sortu dut, eta wikiko orri azpian iradokitzen da nola erabili.
Fitxategi txikien trukea da hemen proposatzen dena: testu dokumentu arinak izaten dira azpitituluenak, eta horietxek trukatzea da koxka. Film baten Ikus-entzunezko fitxategi handientzako lekua ez da Azpitituluak Euskaraz. Etorkizunera begira ere biltegi bat ere osa daiteke, apurka apurka.
Funtsean, euskaraz azpititulaturiko film bat ikusteko prozedura sinplea da.

Baina detaileak bihurriak dira. Horregatik dokumentazioa wikian, eta, batez ere, dagoeneko euskaratutako azpitituluak eskuragarri jartzeko ahalegin hau, burukominak aurrezteko elkarri, azpitituluak biltegi komun batean gordetzeko: Azpitituluak Euskaraz. Gonbidatuta zaudete.
Hasteko, agian Katixa Agirrek ez ditu gogoko, baina haurrekin batera disfrutatu daitezkeen animazio zoragarri batzuk:
- Monokoke printzesa, Hayao Miyazakiren maisulana (1997)
- Ponyo, Hayao Miyazakiren azkena, Veneziako zinemalditik igaro berria.
- Wall-e, Pixar estudioaren azkena.
Erantzunak kargatzen...