Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hotza eta beldurra

Ikusleen beldurrekin jolasten duten film bi ikusi ditugu larunbatean sail ofizialean: "Den du Frygter" (Ez izan nire beldur) Kristian Levring daniarrarena, eta "Frozen River" (Ibai izoztua) Courtney Hunt estatubatuarrarena.

Sail berean baina lehiatik kanpo eskainiko da Ben Stiller umoregile ezagunak zuzendu duen "Tropic Thunder", zinearen eta gerraren parodia omen dena, baina hura ikusi aurretik ari gara lerro hauek idazten.

Psikopata domestikoa

Mendebaldean adin ertainean normalak diren krisi horietako batean dago Michael, sei hilabeteko lan-baimena eskatuta. Denbora-pasa moduan, bere koinatu medikuak zuzentzen duen test batean akuri izateko eskaintzen du bere burua, botika antidepresibo berri bat probatzeko. Botikak albo-ondorioak sortzen dituela-eta, alde batera uzten dira saioak, baina Michaelek bere kasa erabakitzen du gordeta dauzkan pilulak, bota ordez, hartzen segitzea.

Bere buruaren behaketan eta sentsazioen azterketan hasten da Michael; bera ongi sentitzen da, gero eta libreago, lehen egiten ez zituenak egiteko ere... Eta ikusleok, film gehienean ezer gutxi gertatzen den arren, Michael psikopatarena egiten noiz hasiko zain (ez dakit telefilm amerikarrek eragindako erreakzioa den, iruditeria kolektiboaren arketipo bat edo zer).

Film hotza egin du Kristian Levring-ek (aurretik Dogma mugimenduan ibilitako zuzendaria), Ulrich Thomsen protagonistaren pixkanakako aldarte-aldaerek markatua, egunerokotasunarekin eta hori urra dezaketen xehetasunekin jokatuz, baina ikuslea ere hotz samar geratzen ote den esango nuke.

Tragedia klasiko bat elur artean

Tragedia onen ezaugarriez pentsatzen jarri nau film honek: batetik, inor ez da berez gaiztoa, inork ez du "errurik", baina hala ere hondamendia gertatuko da; bestetik, hasieratik dakizu deskalabruren bat etorriko dena, zer eta nola izango den ez badakizu ere.

Tasun horiek guztiz nabarmenak dira "Frozen River" honetan. Courtney Hunt zuzendariak besaulkian iltzatuta uzten du ikuslea, lehen film batean harrigarria den maisutasun eta doitasuna erakutsiz.

Estatu Batuetako mugan gaude, eta etorkin ilegalen trafikoa egiten da bertan, baina hau ez da Mexiko, Kanadarekiko muga baizik, Mohawk indiarren erreserba, eta basamortu beroaren partez ibai izoztu bat da pasalekua; latinoen ordez txinatar eta pakistandarrak dira migratzaileak.

Ray (Melissa Leo) diru beharrean den emakumea da, senar jokozaleak zorrekin eta umeekin utzita alde egin eta gero; Lila (Misty Upham), antzeko arazoak dituen mohawk indiarra. Patuak elkartu ditu, eta gizakien kontrabandoan aritzea erabakitzen dute.

Neurritsu kontatutako istorioa da, sobriedade handiz, ikusleak harrapatzeko trikimailu emozionalik erabili gabe; eta hala ere, apurka-apurka gora doa, eztarrian korapilo bat sortu arte.

Ez da Iñarrituren "Babel"en mailara iritsiko, agian, baina benetako zinema dastatu dugu. Sariren bat eramateko modukoa, hurrengo egunetan egundoko pelikulak botatzen ez badituzte.

Tragedia eder baten beste bereizgarri bat litzateke amaieran erredentziorako tarte bat uztea, eta hori ere eskaintzen digu Courtney Huntek. Bejondeiola.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu